Albistea entzun

Sergio Prego: «Artelanaren parte bihurtu behar dira hutsegiteak»

Ekainaren 20tik aurrera, Bilboko Arte Ederren Museoak sarrera zaharra berreskuratuko du, eta, handitze lanek iraun artean, Pregoren instalazio bat izango du ikusgai, besteak beste
Sergio Prego artista, Bilboko Arte Ederren Musoean ikusgai jarri duen <em>Hamahiru Centaurusera</em> instalazioa bisitatzen.
Sergio Prego artista, Bilboko Arte Ederren Musoean ikusgai jarri duen Hamahiru Centaurusera instalazioa bisitatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko maiatzak 21 - Bilbo

Bilboko Arte Ederren Museoak ekainaren 20an berreskuratuko du eraikin zaharreko sarrera. Eraikin modernotik sartu beharrean, eraikin zaharretik izango du sarrera nagusia aurrerantzean, eta sasoi aldaketa baten atarikoa izango da. Jadanik hasiak dira Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek diseinatutako handitze lanak, baina, jarduna erabat eten beharrean, museoak irekita eutsiko die eraikin zaharreko 22 aretoei, eta, lanek iraun artean, guztira, museoko bildumaren parte diren ehun artistaren lanak erakutsiko dituzte bertan. 50 bat erakusketa txiki txandakatuko dituzte horretarako, eta, artelanen artean «ustekabeko» loturak sortzea izango dute helburua. Horrez gainera, jadanik bisitagarri dago Sergio Prego artistak espresuki eraikin horretarako, eta espresuki trantsizio une horretarako sortutako instalazioa ere: Hamahiru Centaurusera.

Espazioa bera da piezaren lehengaia. Funtsean, eraikin zaharreko hamar areto hartzen dituzten tetraedro itxurako hamabi puzgarri pneumatiko erraldoik osatzen dute artelana: aretoetako airea okupatzen duten aire multzoak, alegia. Materialki ia ezer ez, eta, bolumetrikoki nahikoa, halere, lehen aretora sartu nahi duen bisitaria makurtzera behartzeko. Baina, hain justu, kontraste hori sortu nahi izan du Pregok instalazioarekin. «Materialtasun minimoarekin» bilatu baitu espazioaren «okupazio maximoa».

1960ko eta 1970eko hamarkadetako abangoardiako arkitektura pneumatikotik edan du Pregok lana sortzeko, baina, dioenez, eskultorearen ikuspegitik landu du gero erreferentzia hori. Zehaztu duenez, gainera, eskuz sortu ditu aretoetako tetraedro guztiak: soldatu, zulatu, puztu, estutu... Ezinbestekotzat du hori artistak. «Niretzat garrantzitsua da lantzen ari naizenarekin harreman fisiko zuzen bat izatea».

Eraiki ahala doa eraikitzen duenari buruz ikasten, eta, onartu duenez, ez du erabat jakiten egin asmo duena egin ahal izango ote duen. Edo zehatzago esanda: ez daki Bilboko Arte Ederretan jarritako artelanek zutik eutsiko ote dioten erakusketak iraungo duen denbora tarte osoari.

Pregok arteari buruz duen ikuspegiarekin lotuta dago erortzeko arrisku hori. «Prozesu arriskatuak dira hauek», azaldu du. «Badute alde oso esperimental bat, nahiz eta, bukatuta daudenean, agian, ez diren hain argi ikusten. Arrisku gune asko daude, eta, niretzat, artearen abenturaren parte dira arrisku horiek». Erakusketa sarrerako piezak, esaterako, kale egin zuen, irekiera aurreko egunean bertan.

Museoaren «konplizitatea»

Bilboko Arte Ederren Museoak azaldu dion «konplizitatea» eskertu du, horregatik. «Artearekiko konfiantza eskatzen du horrek. Ezinbestean esperimentalak diren prozesuak izaten direlako askotan. Nire ustez, arte garaikidea egiterakoan, ez du zentzu handirik jadanik zer diren badakigun gauzak egiteak; mugak zabaltzea da ideia, zapaldu gabeak zenituen lekuetara iristea. Guretzat gauza ezagunak dira horiek guztiak, baina maiz ez dira ikuslearenganaino heltzen, eta artearen oso parte erakargarria iruditzen zait».

Zenbat eta esperientzia handiagoa, orduan eta murritzagoa da akatsari utzitako marjina. Baina tarte hori egon, badago. «Ezinbestekoa da hutsegiteak artelanaren parte bihurtuz joatea».

Performancearen, arkitekturaren eta eskulturaren artean dabil sartu-irtenean Pregoren lana, eta, aurrez ere, maiz egin du lan egitura pneumatikoekin. Esaterako, orain Bilbon ikusgai jarritako egituren antzekoekin okupatu nahi zituen aurreko Veneziako biurtekoko Espainiako aretoak, eta Chicagon egindako erakusketa batean ere baliatu zituen tetraedroak iaz. Baina sekula ez oraingo neurriekin, ez eta orain bezala zintzilikaturik.

Bilboko Arte Ederren Museoan aritzea berezia dela gaineratu du artistak. «Hau da nire formakuntzan garrantzirik handiena izan duen museoa». Hain zuzen, museo horren arkitekturari erantzunez osatu du bere pieza. Alde batetik, lana «zaildu» egin dio horrek, artistak onartu duenez, baina lanerako «pauta bat» ere ezarri dio.

Bost aretoko bi ilara simetriko hartzen ditu instalazioak, esaterako, eta simetrikotasun hori nabarmendu du artistak egitura pneumatikoen koloreekin: zuri kolorekoak jarri dituelako alde batean, eta beltzak bestean. «Beste sasoi bateko jakinduria bat topatu dut horma hauetan», esan du. Eta, azaldu duenez, haiekin negoziatzea suertatu zaio: «Arte garaikideari eskainitako espazioak handiak, zabalak eta malguak izaten dira, gero zatiketak egin ahal izateko. Baina arazo bat ere badakar horrek museo garaikideetan, esajeratua izaten baita, adibidez, erakusketa bakoitzerako zatiketa horiek egiteko erabili ohi den aurrekontua».

Margolanen oroimena

Marrazki batzuk ere badaude erakusketan. Pregok berak egindakoak dira haietako batzuk, baina badira museoan handitze lanak hasi aurretik ikusgai zeuden bi artelani erreferentzia egiten dieten bi irudi ere aretoetako hormetan. Miren Arenzanaren eskultura bat erakusten du batek, eta Lucas Cranach Zaharraren Lukrezia margolana besteak.

Edonola ere, hormari itsatsitako mintz pneumatiko batekin bildu ditu biak Pregok. Identifikagarri, eta, aldi berean, lauso.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA / BERRIA

Etxe berri bat euskarari

Unai Etxenausia

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak amaiera emango dio zortzi urteko ibilbideari. Elkarlana eta euskara ardatz hartuta, Arabako euskal sortzaileen akuilu izan da.
Iban Illarramendi eta Eider Perez sarituak, atzo, Iruñean. ©ETXEPARE

Iban Illarramendik eta Eider Perezek irabazi dute Etxepare saria

Erredakzioa

'Kiratsa' album ilustratuarekin eskuratu dute saria. Arkakuso baten abenturak ditu kontagai, eta Pamielak argitaratuko du lana, udazkenean
Ekainberriko labar pintura bat. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Historiaurre garaikide bat

Jone Bastida Alzuru

Munduko ondarea da Ekaingo kobazuloa, eta haren erreplika bisitatzeko aukera dago Zestoan: Ekainberri. Duela 13.000-14.000 urteko labar pinturen kopiak daude bertan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...