Saskibaloia. Espainiako Kopa

Aurten, talde eta guzti

Gaur hastera doan Kopa eskuratzeko faboritoa azken lau urteetako txapelduna da: Real Madril. Baskoniak finalean baino ez luke topatuko
Baskoniako jokalari, entrenatzaile eta laguntzaileak, atzo Gasteizen, BAKHen eginiko entrenamenduan.
Baskoniako jokalari, entrenatzaile eta laguntzaileak, atzo Gasteizen, BAKHen eginiko entrenamenduan. JUANAN RUIZ / ARP

Danel Agirre -

2018ko otsailak 15
Saskibaloiko Espainiako Kopa erritualez betetako ospakizuna da. Lehiaketa antolatzen duen kluba salbuetsita, Baskoniarena izaten da, tarte handiarekin, asteburu osoan hirian gehien nabarmentzen diren zaleak. Bartzelonarena, berriz, ikusezinena. Azken horiek Real Madrilekin osatzen duen handiki bikotea gogotik egurtu ohi du beste sei partaideen abesbatza bateratuak.

2015ean, gaurtik abian denaren moduan, Las Palmasen (Espainia) jokatu zen Kopa. Baskoniak kalean, ostatuetan eta harmailan defendatu behar izan zuen bere urguilua, taldea ez zelako sailkatu. Zaleek bakarrik, taldearen konpainiarik gabe, Kanaria uharteetara egindako bidaia hura klubaren azken bi hamarkadetako punturik apalena izan zen.

Pablo Lasoren Real Madrilek azken lau urteetako erreskadako bigarren garaikurra eskuratu zuen Las Palmasen. 2010az geroztik, palmaresa etsigarria da. Real Madrilek —bost bider— eta Bartzelonak —hiru— baino ez dute irabazi Kopa, zortzitik sei final —gainontzeko biak Valentziak galdu zituen— monopolizatuta. Beste txapeldun bat izan zen azkeneko urtea 2009a izan zen: Baskonia luzapenean gailendu zitzaion Unicajari Madrilen.

Hurrengo urtean izan zen gasteiztarren azkeneko ospakizun herrikoia Andre Maria Zuriaren plazan. Baskoniak Mickeal eta bere kide berriak hartu zituen mendean ACB ligako finalean, Fernando San Emeterioren saskiratze agoniakoarekin. Gasteizen bigarren aroa osatzen ari den Marcelinho Huertas zen Dusko Ivanovicen antolatzaile titularra.

Zortzi urte egingo ditu Baskoniak titulurik gabe, eta aurtengo taldearen jardun txukuna dela medio, jokalariak antzematen dute zaleen parranda premia. Toko Xengelia kapitainak nahiko modu grafikoan laburbildu zuen atzo: «Neure buruan askotan izan ohi dut autobuseko ospakizunaren irudia, Kopako garaipenaren festa taldekideekin egiten. Oso gogotsu nago».

Ez da Sitoren Bartzelona

Pedro Martinezen Baskoniak baditu heldulekuak Kanaria Handia Arenako lehiaketa espresean bidea egiteko. Erasoko jabetzak ez trabatzea ahalbidetzen duen baloiaren zirkulazio fidagarria, batetik. Eta bolada bikainean dauden bi jokalari, bestetik. Barnealdian, Xengelia, eta perimetroan, negu osoan bere biziko mailan ari den Rodrigue Beaubois.

Pedro Martinez entrenatzaileak atzo iragarri zuen txapeldunak «derrigor korala» beharko duela, hiru partida jarraian erabakiko dituzten heroiak ezinezkoak omen direlako Koparen moduko lehiaketa akigarrietan. Baskoniak gainera, bihar jokatuko du Bartzelonaren aurkakoa, eta, finala irabaziz gero, hiru egunez jarraian lehiatu beharko du. Trukean, aparteko ikararik eragiten ez duten aurkariak egokitu zaizkio ostiral eta larunbaterako: misterio bat den Svetislav Pesicen Bartzelona berria mendean hartuz gero, Kanaria Handia edo Fuenlabrada egokituko litzaioke finalerdietan.

Lehen aurkariari buruz tentuz mintzatu zen Martinez. Duela bi aste Buesa Arenatik pasatu zen Sito Alonsoren talde errukarria ez du ikusterik espero [24 punturen aldeaz irabazi zion Baskoniak]: «Oso ongi jokatu eta defendatuko dutela pentsatu behar dugu, entrenatzaile aldaketagatik eta Kopa beraren formatuagatik. Baina atsekabetzea galtzaileen kontua da, erantzuna topatzen asmatuko dugula uste dut». Kortesiazko lausengua ere izan zuen Pesicentzat: «Europako historiako entrenatzailerik onenetakoa da».

Real Madril da faboritoa, baina oso eskailera korapilatsua egokitu zaio. Final-laurdenetan, enboskadetan aditua den Joan Plazaren Unicajari egingo dio aurre. Ligako defentsa onenak botatako erronkatik onik irteten bada, larunbatean bigarrenaren (Tenerife) eta hirugarrenaren (Valentzia) arteko lehiako irabazlea egokituko zaio. Buruhausterik ez zaio falta Pablo Lasori. Gustavo Ayon pibota osatu da, baina ikusteko dago Las Palmasen jokatuko duen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna