Imanol Alvarez: «Tituluak irabaztetik harago doa nire erronka»

Pozik dago osatu duten taldearekin. Aurreko aldian baino «lasaiago» dagoela nabarmendu du

Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzaile berria, atzo Bidebietan egindako aurkezpenean. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
«Aurreko aldian baino lasaiago nator, kluba eta jokalariak ezagutzen ditudalako. Jokalariek, gainera, eskarmentu handiagoa dute, eta horrek beti laguntzen du; baita liga hobeto ezagutzeak ere». Pozik eta ilusioz itzuli da Imanol Alvarez Bera Berako aulkira. «Espero dut maila ematea» Bi urterako sinatu du.

Alvarezek «klubak orain arte jarraitu duen bideari» segituko dion proiektu bat eraiki nahi du: «Jakinda urtetik urtera gero eta zailagoa dela, ligan gero eta berdintasun handiagoa dagoelako». Bide hori ondo ezagutzen du Alvarezek, 2013-2014an ere taldea zuzendu baitzuen. Sasoi biribila izan zen; Liga, Espainiako Kopa eta Espainiako Superkopa irabazi zituen taldea, eta egun taldean oso garrantzitsuak diren bi jokalariri debuta egiteko aukera eman zien: Maitane Etxeberriari eta Esther Arrojeriari. Orduko exijentzia maila sumatu du orain ere, etaargi du «tituluak irabaztetik harago» doala bere erronka. «Ni aukeratu banaute, egiten ari direnari ekarpen gehiago egin diezazkiokedalako da. Izan ere, jada ari dira tituluak irabazten eta finala jokatzen». Ekarpen hori zein izan daitekeen azaldu zuen: «Nire erronka da Gipuzkoako eskubaloiaren eta Bera Bearen interesak eta indarguneak batzea, eta lehiakorrak izateko joera edo sen horrekin segitzea».

Hori lortzeko asmoz, bulegoetan bizkor egin dituzte lanak. Izan ere, udan ezusterik egon ezean, dagoeneko lotua dute datorren sasoirako taldea. Bost jokalari fitxatu dituzte: Priscila dos Santos, Judith Sans, Nekane Teres, Yunis Camejo eta Renata Lais. Taldea utzi dute Silvia Ederrak, Monica Aussasek, Ane Encinak, Andrea Zalduak, Julia Guareirok eta Ligia Costak. Kontratua berritzeko zain daude Adriana Cardoso, Esther Arrojeria eta Maitane Etxeberria. Baina taldeak ziurtzat jotzen du jarraituko dutela, nahiz eta Cardosok Frantziako eskaintzak izan dituen.

Alvarez «oso gustura» dago taldearekin, eta ez du jokalari gehiago fitxatzeko eskatzeko asmorik: «Dena den, ikusi beharko dugu beste taldeak nola indartzen diren, non egon gaitezkeen ikusteko». Argi du zein den helburua: «Jokalari guztiak garrantzitsuaksentitzea nahi dut, eta bakoitzarengandik onena atera».

Irailaren 1ean izango du jokoan sasoiko lehen titulua: Espainiako Superkopa. Sasoi hasiera horretan, hiru jokalari garrantzitsu: Elke Karsten, Leire Aramendia eta Nora Azurmendi. Izan ere, denbora luzerako daude min hartuta. «Ea nola konpontzen dugun hori. Jokalari gazteek aurrerapauso bat eman dezaten ahaleginduko gara».

Irailaren 7 eta 9 artean jokatu dituzte Txapeldunen Ligako atarik partidak. Txapelketa horretaz ere mintzatu zen: «Badakit halako txapelketa bat jokatzeak dakartzan arazoak. Baina taldeak pistan irabazi du bertan jokatzeko eskubidea, eta jokalariei ezin diegu aukera hori kendu». Hala, muturreraino lehiatuko dira: «Badakigu aurkari gogorrak izango ditugula, eta ez dakigu noraino iritsi ahalko garen. Baina ni egon nintzen aurreko aldian gai izan ginen Larvik, Vardar eta Prodravka taldeen kontra ondo lehiatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.