Kolpearen ostean, txapelduna

Athletici min eman dio Vila-realen kontrako porrotak, baina ez dirudi gaur suspertzeko egun aproposa denik, Bartzelonaren zelaian jokatuko baitu. Ligan, azken hamalau partidak galdu ditu han

Eduardo Berizzo Athleticeko entrenatzailea, entrenamenduari adi, atzo, Lezaman. JAVIER ZORRILLA / EFE.
haritz gallastegi
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Athleticek belarrondoko galanta hartu zuen Vila-realen kontra galduta. Galtzeakbeti ematen du min, baina partidak joan eta partidak etorri gabezia berak agertuz gero, gorputzaldia are eta eskasagoa izaten da. Aho zapore txarrarekin daude une honetan talde zuri-gorriko jarraitzaileak. Joan den asteazkenean San Mamesen jokatutako norgehiagokak argi eta garbi erakutsi zuen aurreko sasoiko ezina gogoan daukala zaleak. San Mamesera joan ziren ikusle askok neurketa amaitu baino lehenago utzi zuten zelaia—horrek, hala ere, badauka zerikusirik zelaiaren kanpoan sortzen diren auto ilarekin—; jokalari batzuei txistu egin zieten —Ander Iturrasperi egin zioten gehien—; Eduardo Berizzok egindako aldaketaren bat ere ez zen zaleen gustukoa izan; eta batek baino gehiagok Josu Urrutia presidentea izan zuen jomugan lehia amaitu zenean. Giro ezkorregia izan zen taldeak bost partida jokatu eta lehen aldiz galdu zuen eguna izateko. Bistan da Kuko Zigandaren arotik datorren kontua dela. Zaleek ez dute burutik kendu aurreko sasoiko gurutze bidea, eta, taldeak erantzuten ez duenean, azaleratu egiten dute.

Asteazkeneko Athleticek antz handia izan zuen joan den sasoikoarekin, larregi aukeran. Lehen bost partidetan argi ikusi da baloia jokatzean taldeak dituen gabeziei konponbidea aurkitu ezinik jarraitzen duela. Berizzo eta haren lantaldea ere ez dira gai izan egoera iraultzeko. Oraingoz ez, behintzat. Baloia oinetan denbora luzez izan eta aukera garbi bakar bat ere ez sortzea kezkagarria da. Zuri-gorriak kateatu egiten dira kontrarioaren area inguruan. Ez dute aukerarik sortzen, eta, beraz, golak sartzeko ardura dutenek ez dute izaten errematatzeko abagunerik. Talde osoaren gabeziari gehituz gero erdiko aurrelariak bi urte daramatzala etxean golik sartu gabehala ere, Iñaki Williams ezinbestekoa da taldean-, ia ezinezkoa da irabaztea. Erasoan sakontasuna izan ezean, ezinezkoa izango da Europarako sailkatzeko helburua egia bihurtzea.

Horretan ari dira Berizzo eta haren bost laguntzaileak. Jokamolde ausarta dutela erakutsi dute, eta hori zaleen gustukoa da. Aurrean presio itogarria egiteko lanak ere aurreratuak dituzte. Beraz, dena ez da txarra. Baina, lasai behar egiteko, ezinbestekoa da puntu kopuru txukun bat izatea. Gainerakoan, giroa gaiztotzeko arriskua dago. Bada, hurrengo partidak ez dira errazenak sailkapenean gora egiteko. Hasteko, gaur, Camp Noun jokatuko du; datorren ostiralean, Reala hartuko du; eta, astebeteko etenaldiaren ostean, Eibar eta Valentziaren kontra neurtuko ditu indarrak.

Gaur, Espainiako Ligako eta Kopako azken txapeldunari egingo dio bisita Athleticek. Aurkari benetan indartsua da, baina Ernesto Valverderen Bartzelona ere ez dago une gozoan. Gironaren eta Leganesen kontra puntu bat eskuratzea krisia da Messiren etxean. Azken asteko okerrak konpontzera zelairatuko dira kataluniarrak. Aukeran, hobe da horrela zelairatzea, konfiantzaz daudenean jakinekoa baita zer egiteko gai diren. Estatistikak ez dira itxaropentsu egoteko modukoak, Athleticek galdu egin baititu han ligan jokatu dituen azken hamalau partidak. Bolada txar hori eteten saiatuko dira gaur, eta, horretarako, Dani Garcia, Susaeta eta Adurizen laguntza izango dute. Deialdian dira.

«Taldea amorratuta dago. Partida bat galtzen denean, beste bat jokatu nahi izaten da lehenbailehen, bide zuzena topatzeko», esan zuen atzo Berizzok. «Proba handitzat» jo zuen partida, Bartzelonak «jokalari bikainak eta entrenatzaile handia» baitu. «Aurkari indartsuenen aurkako lehia zailenak motibagarriak ere badira». Taldeari eginiko kritikez, berriz, argi utzi nahi izan zuen erabaki guztiak «taldearen mesederako» hartzen dituela eta ez bere «segurtasunerako».

BARTZELONA-ATHLETIC

Bartzelona. Ter Stegen; Sergi Roberto, Pique, Lenglet, Jordi Alba;

Busquets, Rakitic, Coutinho; Messi, Luis Suarez eta Dembele.

Athletic. Unai Simon; De MarcosYeray, Iñigo Martinez, Balentziaga; Dani Garcia, Beñat; Susaeta, Muniain, Yuri; eta Williams.

Epailea. Jaime Latre.

Lekua. Camp Nou (99.354 ikusle).

Ordua. 16:15ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.