Memoriaren gordailu galduak

Daniel Canogarrek 'Small Data Lab' erakusketa zabaldu du Nafarroako Unibertsitateko Museoan, urriaren 6ra bitarte. Zaharkituak gelditu diren askotariko teknologia tresnak artelan bihurtu ditu

Daniel Canogarrek bizia eta esanahia eman die zaharkitutako teknologia gailuei. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Iragan hurbilaren ahazte kolektiboa eragozteko eta jada bertan den etorkizuna aurreikusteko ariketa bat egin du Daniel Canogar artista madrildarrak. Zabortegira jo, eta zaharkituak dauden teknologia gailuak jaso ditu: DVD irakurgailua, Game Boy makina, disko gogorra, argazkiak errebelatzeko ontzia... Garai batean «memoriaren gordailuak» izandako euskarriak berreskuratu ditu, haiei beste funtzio bat emateko helburuz. Haien gainean animazioak proiektatuz, biziberritu eta artelan bihurtu ditu. Emaitza erakusketa batean bildu du, Nafarroako Unibertsitateko Museoan. Small Data Lab du izena, eta urriaren 6ra arte egongo da zabalik, Dorrea aretoan.

Azken hamar urteetan jazotako garapen teknologikoak, informazioa biltzeko euskarri tradizionalen galera ekartzeaz gain, gizakiaren oroitzeko era ere aldatu du, sortzailearen ustez: «Gaur egun, gure artxiboak iragankorrak dira; likidoak, aldakorrak», adierazi du. Eta gogoeta bat ere proposatu du, Internetek ekarritako aldaketen tamainaz ohartzeko: «Pentsa dezagun orain Youtuben dauden 1.300 milioi bideoetan; pentsa dezagun minuturo Googlen egiten ditugun lau milioi bilaketetan».

Canogarren irudiko, Interneten bat-bateko gorakadak sortutako dokumentazio «gaindosiak» informazioaren galerara eraman dezake gizakia, «amnesia digitalera, memoriaren galerara». Horri aurre egiteko, berak arteari oratu dio, gertatzen ari den eboluzioa ulertzeko, eta zer etorriko den aurreikusteko. Hala, erakusketarekin atzerapauso bat egin du; bidaia bat gizartearen historia hurbilera.

Erakusketak, dena dela, badu aurrekaririk: Canogarrek 2017an museorako ondu zuen Sikka Ingentium artelana. Museoan zeuden 2.400 DVDrekin, obra handi bat sortu zuen, euskarri materialak omentzeko.Azaldu duenez, orain ikusgai jarri dituen obrak izan ziren pieza horren abiapuntua. Bestalde, Sikka Ingentium bezala, Small Data Lab-eko artelanak ere museoko bildumarekin lotuta daude, Tender Puentes programaren barruan sortu baititu. Egitasmo horrekin, hain zuzen, zentroaren argazki artxiboa interpretatuz artelanak sor ditzatela proposatzen die museoak artistei.

Zaharkitzeak toki handia du Canogarren obretan, eta objektuen zaharkitzea gizakienarekin lotu du: «Gizarte berri baten paradigma gisa ikusten dut zaharkitze goiztiarra: denboraren joanaren beldur den gizarte batean bizi gara; heriotza kosta ahala kosta saihesten dugu, hura makillajeekin eta ebakuntzekin estaliz,saihetsezina den zerbait gelditu nahian». Alde horretatik, gogoeta egin du bere buruaren zaharkitzeaz ere, eta, esan duenez, autorretratu gisa ere irakurtzen ditu lanak. «Obra bakoitzak asko du neuretik», erantsi du.

Erakusketak hiru zati ditu. Lehenbizikoan, DVD irakurgailu bat, eskaner bat, inprimatzaile bat eta VHS irakurgailu bat jarri ditu. Gailuen gainean irudiak proiektatuz eman die bizia eta esanahia. DVDaren kasuan, adibidez, tresnaren irakurtze erroreak proiektatu ditu. Haren irudiko, analogikoaren eta digitalaren arteko muga erakusten du gailu horrek. «Eta zubi horrek lotura handia du erakusketa osoarekin eta nirekin, ni neu hortik bainator: teknologia analogikoekin hasi eta bat-batean digitalera jauzi egin behar izan duen belaunaldikoa naiz», adierazi du. Nostalgia ere badago lanetan: VHSaren kasuan, lehengo pelikuletan ikusten zen zarata proiektatu du, eta aitortu du horrek oroitzapen asko ekarri dizkiola.

Errebelatuaren magia

Bigarren zatiak du erlazio zuzenena museoko argazki bildumarekin. Argazkigintza analogikoarekin lotutako hiru obrak osatzen dute, eta, haietan, artistak landu du hark argazkilari gisa bizi izan dituen aldaketak. Kontatu duenez, bera argazkigintzan hasi zenean, analogikoaren garaian, laborategiko «magia» maite zuen gehiena. Argazkigintza digitala sortu zenean, baina, «kolpe batez» baztertu zuen hori guztia. «Eta material horiekin berriro konektatzeak tristura handia ekarri dit, baita haiekiko gertutasun handia ere», aitortu du. Hala, garai bateko magia berreskuratzen saiatu da.

Azkeneko seriea bost piezarekin osatuta dago: kalkulagailu bat, disko gogorrak, erloju bat, Game Boyren piezak eta telebistako zirkuituen aparatuak. Desagertu egin diren irakurketarako formatuak dira guztiak, eta egileak gogoeta bat proposatu du bakoitzarentzat. Erlojuaren kasuan, proiektatutako animazioan orratzak irudikatu ditu: batzuetan, azkartu egiten dira; beste batzuetan, atzeraka doaz... «Denboraren joanaz hitz egin nahi izan dut; iragankortasunaz», azaldu du Canogarrek. Kalkulagailuaren kasuan, berriz, arbelean egindako matematikako kalkulu batzuk ikusten dira, baina gutxika-gutxika desagertuz doaz, eta kalkulagailuaren botoiak aktibatzen dira. «Egun, dena desagertzen ari da, kalkulagailua bera ere bai».

Canogarrek erakusketaren ibilbide eta irakurketa jakin bat proposatu du, baina nabarmendu du ikusle bakoitzak bere interpretazioa egin behar duela. «Dagoeneko erabiltzen ez ditugun gauza horiek oroitzapen batzuk sortuko dizkiote gutako bakoitzari, eta bakoitzak bere ekarpena egin dezake». Ekarpen horiek guztiak baliagarriak dira artistaren helburua lortzeko: «Arteaz baliatuz, nondik gatozen gogoratu, eta nora goazen ulertu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.