Klasiko parekidea

Abuztuaren 3an jokatuko dute Donostiako Klasikoa, eta, estreinakoz, gizonezkoen lasterketaz gain, emakumezkoena ere jokatuko da. Diru sari berberak banatuko dituzte

Klasiko parekidea.
Julen Etxeberria.
Donostia
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun

Aldaketarena izango da Donostiako Klasikoaren 39. ekitaldia. Aldaketarena; izan ere, estreinako aldiz, gizonezkoen lasterketaz gain, emakumezkoena ere jokatuko dute heldu den abuztuaren 3an. «Iaz agindu genuena bete dugu. Beste pauso bat eman nahi genuen parekidetasunerantz, eta eman dugu», esan zuen atzo Julian Eraso Donostiako Klasikoko zuzendariak, aurkezpenean.

Sarietan ere izango da parekidetasuna, bi probetako irabazleek diru kantitate bera jasoko baitute. «Berditasunaren aldeko konpromisoari eutsi diogu. Iaz, lehen pausoa eman genuen, Kontxako Banderaren sariak berdinduta, eta hau beste urrats bat da», azaldu zuen Martin Ibabe Donostiako Udaleko Kirol eta Gazteria zinegotziak.

Gizonezkoen Klasikoaren aldean, emakumezkoena ez da Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunaren (UCI) maila nagusikoa; hau da, ez da World Tourrekoa. Hain zuzen ere, Klasikoa jokatuko duten egun berean World Tourreko beste proba bat izango da Londresen. Antolatzaileak, hala ere, baikor dira, eta espero dute World Tourreko ziklista askok parte hartzea. Hala, Leire Olaberria emakumezkoen probako zuzendariak jakinarazi zuenez, Annemiek van Vleuten herbeheretarrak (Mitchelton-Scott), UCIren sailkapeneko lehenak, «oso egokitzat» jo du lasterketa, eta, ondo bidean, irteeran izango da. Hemezortzi talde ariko dira, 126 txirrindulari guztira.

Gizonezkoen lasterketa bezala, Donostiako Bulebarrean hasi eta amaituko da —azken 50 kilometroak berberak izango dira bi mailatan—. Goiz-eguerdi partean jokatuko da, 10:00etan hasiko baita, eta 13:30ak inguruan amaitu. 127,1 kilometro egingo dituzte, 2.693 metroko desnibelarekin. Ibilbide oso gorabeheratsua eta gogorra izango da, lau mendate igoko baitituzte: Jaizkibel (7,5 kilometro eta %5,9); Arkale (2,6 kilometro eta %6,7); Mendizorrotz (7,7 kilometro eta %5) eta Murgil Tontorra (1,9 kilometro eta %10,2). Azken bi gainak Murgil bidetik igoko dituzte.

Olaberriaren arabera, «lehen ekitaldia antolatuta txirrindulari askoren ametsa bete da». Halaber, garrantzitsutzat jo zuen sariak berdindu izana, baina are gehiago telebistak proba ematea. «Ziklistek nahi dutena da jendeak ikus ditzala, ikus dezala haien lana». Horregatik, eskerrak eman zizkion ETBri, 12:00etatik aurrera zuzenean emango baitu proba.

Erlaitz eta Mendizorrotz

Emakumezkoen lasterketa hasi baino ordu eta erdi geroago hasiko dira pedalei eragiten gizonezkoak, 11:30ean. Beraz, bi probek bat egingo dute bi orduz. Horregatik, antolatzaileek «erronkatzat» jo dute egitekoa, eta «laguntza» eskatu dute, dena behar bezala irten dadin.

Gizonen 39. aldiak ere baditu zenbait berritasun ibilbidean. Lasterketaren lehen erdia iazkoaren bera da: Meaga (3,7 kilometro eta %3,4), Iturburu (7,1 kilometro eta %5,8), Alkiza (4,4 kilometro eta %6,1) eta Jaizkibel (7,5 kilometro eta %5,8) igoko dituzte, hurrenez hurren. Bigarren erdia, ordea, berria da. Hala, Jaizkibel eta Arkale igo ordez, Erlaitzi (4,1 kilometro eta %10,3) eta Mendizorrotzi egin beharko diete aurre txirrindulariek. Murgil bidetik igoko dute bigarren gaina. Azken mendatea, berriz, iazko bera izango da: Murgil Tontorra. 227,7 kilometro egingo dituzte guztira, 5.268 metroko desnibel positiboarekin. «Saltsa pixka bat eman nahi diogu», esan zuen Erasok. 22 talde ariko dira: World Tourreko hemezortzi eta lau gonbidatu, tartean Euskadi-Murias eta Caja Rural. Guztira 154 txirrindularik parte hartuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.