Eboluzio baten formak

Elena Mendizabalen obrarik esanguratsuenak ikusgai jarri ditu Artium museoak. 'Eskultura' erakusketak artistaren hastapenak eta egungo jarduna ditu oinarri

Elena Mendizabal bere obra batzuen alboan, aurkezpenean. J. RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Elena Mendizabal artistaren (Donostia, 1960) obrari eskainitako erakusketa ez da atzera begirako bat. Baina izan zitekeen. Hala nabarmendu du Beatriz Herraez museoko zuzendariak: «Aretoan ikusgai dagoena ez da atzera begirako soil bat; 1980ko eta 1990eko hamarkadetan zentratzen da, artistaren hastapenetan, eta gaur egungo jardunean». Izan ere, Eskultura izeneko erakusketak haren lanik esanguratsuenak eta berrienak elkartu ditu, artistaren ibilbidean sakondu eta haren praktika artistikoan izandako eboluzioa aztertzeko. Guztira, 70 pieza inguru daude ikusgai museoaren Iparra aretoan, askotariko forma, kolore eta materialez egindakoak. Datorren urteko maiatzaren 3ra arte egongo da zabalik.

Herraezen zuzendaritzapean antolatutako lehen erakusketa da. Hura arduratu da, Enrique Martinez Goikoetxearekin batera, erakusketaren komisario lanak egiteaz. Hain justu, bien irakasle izandakoa da Mendizabal EHUko Arte Ederren Fakultatean —gaur egun ere eskulturako irakasle da—. Artistak adierazi du harreman estua dutela ordutik, elkarrenganako «gertutasuna» dutela, eta horrek «konfiantza» eman diola. «Lan bikaina» egin dutela esan du, halaber, eta gustura azaldu da emaitzarekin. «Komisariotza polifonikoa izan da, hala ere. Ahots asko egon dira, ekarpen ugari izan ditu, eta esango nuke merezi izan duela; emaitza bistakoa da».

Bilboko Arte Ederren Goi Eskolan egin zituen ikasketak Mendizabalek, eta, pintura espezialitateari ekin bazion ere, berehala igaro zen eskulturara. Izan ere, belaunaldi berekoak ditu Txomin Badiola, Juan Luis Moraza eta Maria Luisa Fernandez artistak ere, eta haiekin izandako harremanak eraginda nahiz nazioarteko arte korronte berriek bultzatuta erabaki zuen Mendizabalek espezialitatea aldatzea.

1982an erakutsi zituen bere lanak lehen aldiz publikoaren aurrean. Hondarribian (Gipuzkoa) izan zen, eta, geroztik, dozenaka erakusketa egin ditu bakarka nahiz modu kolektiboan. «Elenaren lanak oso ezagunak dira, baina eskala honetako erakusketarik ez da egin Euskal Herrian orain arte, are gutxiago erakunde publiko batean. Guretzat oso garrantzitsua zen haren obran sakontzea, batez ere testuinguru historikoa aintzat hartuta», adierazi du Herraezek.

Askok Euskal Eskultura Berriaren mugimenduan kokatu dute haren praktika artistikoa, eskulturak sortzeko materialen erabileran egindako iraultzagatik. Hasieran, egurra eta burdina erabiltzen hasi zen modu tradizionalari jarraikiz, baina poliesterra, beruna, kartoia eta plastilina erabili izan ditu gerora piezak osatzeko. Kolorearen erabilera ere Mendizabalen bereizgarri garrantzitsuetako bat da.

Ezaugarri horiek guztiak ikus daitezke erakusketan, hain zuzen. Artistaren lanetan izandako eboluzioa oso nabarmena baita, bai materialei dagokienez, bai eskulturaren kontzeptuari dagokionez, 1980ko hamarkadatik orain arteko denbora tarte horretan. Hori du erakusketak helburu, hain justu: artista beraren bi obra multzoren artean sortzen den «tentsioa» bistaratzea. Eboluzio horretan egin du azpimarra Mendizabalek: «Nire lanak gehienetan independenteak izaten dira, baina badute elkarrekin lotzen dituen hari bat. Hori da nire lan egiteko modua».

Atzerako bidaia bat

Eboluzio hori are agerikoagoa da erakusketaren antolaketari erreparatuz gero. Izan ere, obrak kronologikoki kokatuta badaude ere, atzerako bidaia bat da, gaur egunetik iraganerako bidaia bat; pieza berrienak dira lehenengo ikusgai daudenak. Sartu eta berehala, plastilina, lokatza eta altzairua erabiliz egindako lanak daude ikusgai. Horiek baitira Mendizabalek bere obretan erabilitako material garrantzitsuenak azken urteotan. 2016an eta 2017an egindako piezak dira, eta gorputzaren formako eskulturak dira gehienak, artistak arlo emozionalari eta giza gorputzari ematen dien garrantziaren erakusgarri.

Aurrera egin ahala, ordea, denbora jauzi bat egiten du erakusketak, artistaren hastapenetaraino. 1990eko hamarkadan egindako obrak ikus daitezke lehenik: minimalismora eta konstruktibismora lerratzen dira lan horiek, batez ere. Arkitekturari eta eskulturak etxeko altzari gisa ulertzeari erreferentzia egiten dioten obra batzuk dira, zura eta burdina erabilita egindakoak gehienak. Paper margotua eta argindarra ere erabili zituen artistak garai hartan zenbait lanetan, eta elementu horiek ere ikus daitezke gune horretan.

Erakusketaren azken zatiak, berriz, 1980ko hamarkada du oinarri, sortzailea hasi berria zeneko aroa. Objektuen analisi kontzeptualean eta artistek gizartean duten rolean sakondu zuen orduan, nazioartetik iritsi ziren korronte post-minimalistak ardatz hartuta. Bertan kokatzen da, esaterako, Jorge Oteizaren Kutxa hutsa obrari (1958) erreferentzia egiten dion eskultura bat, Kutxa metafisikoa heldulekuarekin: Mendizabalen obrarik ezagunena da, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.