Zinema indartzeko estudioa

Filmaketetarako bi platok eta bertzelako zereginetarako hainbat gelak osatzen dute Lekarozen kokatutako Meliton estudioa. Datorren urte hasieran hasiko dira lehen grabaketak egiten

Jendetza bildu zen atzo Meliton estudioen inagurazioan, Lekarozen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Lekaroz
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Azken urteetan nabarmen hazi da Nafarroan filmatutako pelikulen kopurua. Nafarroako Gobernuak eskainitako kenkari fiskalek bultzatuta, gero eta zinemagile gehiagok hautatzen dute Nafarroa beraien pelikulak bertan filmatzeko. Pelikulen grabaziorako orduan, ordea, hutsune nabarmen batekin egiten zuten topo zinemagileek orain arte: barruko eszenak grabatzeko estudio edo plato baten falta. Hutsune hori betetzeko asmoz sortu dute Meliton estudioa. Nafarroako Gobernuak bultzatuta, Nasuvinsa enpresa publikoak sostengatu du proiektua, eta Meliton Film Studio enpresarena da kudeatzeko ardura. Eraikineko lanak bukatuta, hutsik dago egun, lehenengo filmaketak hasi artean.

Azkenaldian Baztan ibarra behin baino gehiagotan agertu da zinema aretoetan. Kasualitatea edo ez, Baztan ibarrean bertan, Lekaroz herriko enpresa parkean kokatuta dago Meliton estudioa, Nafarroako lehenengo zinematografoa izan zen lekuan. Bi platok osatzen dute Meliton estudioa: 709 metro koadro dituen plato nagusiak eta 100 metro koadroko beste plato txikiago batek. Denera, ia 1.000 metro koadroko eremua du estudioak, eta, platoez gain, bilera gelak, kamerinoak, makillaje gelak eta kontrolerako gelak ere baditu hiru solairutan banatuta. Estudioaren arduradunen hitzetan, telebistarako, zinemarako edo publizitaterako filmatze bat «hasieratik bururaino» egiteko lekua eskaintzen du estudioak.

Atzo egin zuten estudioaren inaugurazio ofiziala. Han ziren, bertzeak bertze, zinema munduko zenbait ordezkari, baita Nafarroako Gobernuko Izaskun Goñi Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia eta Jose Mari Aierdi Bigarren lehendakariordea eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria ere. Biek ala biek nabarmendu zuten industria zinematografikoa hagitz garrantzitsua dela Nafarroarentzat eta Meliton estudioak direla horren adierazgarria.

Goñik garrantzi hori berresteko datuak ere eman zituen: 2019. urtean 407 filmatze egun baino gehiago izan dira Nafarroan, eta horietatik 156 egunetan grabatu dute film luzeren bat. Lanpostuei dagokienez, 2017an alor horretako ehun enpresa zeuden, eta enpresa horiek 350 lanpostu sortu zituzten. 2017tik datu horiek igo diren ustea dutela ere nabarmendu zuen Goñik. Bi ordezkariek nabarmendu zuten apustu estrategikoa dela horrelako gune bat landa eremuan egitea.

Ez da ohikoa zinema estudio bat hirigunetik kanpora egitea, eta hori nabarmendu zuen Joseba Otondo Baztango alkateak ere. Otondok eskerrak eman zizkion Nafarroako Gobernuari proiektua bultzatzeagatik: «Jarduera berritzailea da landa eremuan, eta ziur naiz etorkizuneko lan aukerak sortuko dituela». Meliton enpresarentzat ere esker oneko hitzak izan zituen proiektua Baztanen garatzeagatik.

Joakin Calderon Meliton estudioko kideak azaldu zuenez, tamaina ertaineko estudioa da. Hala ere, nabarmendu zuen etorkizunean handitzeko aukera ere badagoela, eta ez zuen aukera hori baztertu. Estudioa Lekarozen jartzearekin pozik zen Calderon: «Pare-parean jo dugu estudioa Lekarozen kokatuz. Esker ona adierazi nahi diogu ibar osoari». Calderonen hitzetan, azken urteetako zinema industriaren gorakadaren ondorioz «beharrezkoa» zen horrelako estudio bat Nafarroan kokatzea.

Aurreprodukziorako eta grabaziorako guneak eskaintzeaz gain, estudioa erabiltzen duten ekoiztetxeentzat ostatua ere eskainiko du Melitonek. Estudioa Lekarozko enpresa gunean kokatuta dago, eta bertan dago Aspace fundazioak kudeatzen duen ostatua ere. Bertan lo egiteko lekuaz gain, bertzelako erraztasunak ere emango dizkiete ekoiztetxeei.

Formakuntza ere bai

Calderonek nabarmendu zuenez, dagoeneko hasiak dira hainbat ekoiztetxerekin mintzatzen estudioan lehen filmaketa lanak egiteko: «Kataluniako, Aragoiko [Espainia] eta Galiziako ekoiztetxe batzuekin hasi gara solasean pelikulak hemen filmatzeko». Ez zuen zehaztu, ordea, ez zenbat produkzio, ez eta produkzio horiek noiz hasiko diren lanean Lekarozko estudioan. Hala ere, nabarmendu zuen, okerrik ezean, hurrengo urteko lehen hiruhilekoan egingo direla lehen filmaketak estudioan.

Instalazioak bertze ekoiztetxeei alokatzeaz gain, estudioan bertan bertzelako ekintzak egitea da asmoa, horien artean tailerrak ere bai. Datorren urtean, bertzeak bertze, Espainiako Goya sarietarako hautatua dagoen zinema zuzendari batek zinema ikastaro bat emanen du. Baina ez zuten aurreratu zein den zinemagile hori

Atzo estudioa aurkeztu aitzin, maiatzetik ekainera, Asghar Farhadi zinemagilea izan zen estudioan zinemagintzari buruzko ikastaro bat ematen. 40 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte programan, eta bertan grabatutako film laburrak munduan zeharreko festibaletan aurkeztu dituzte dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.