Donostiako 68. Zinemaldia. Sail ofiziala

Kamera, epaigelako lekuko

AEBetako familia gaietarako auzitegi batean grabatutako saioekin eraiki du Antonio Mendez Esparza zuzendariak 'Courtroom 3H' dokumentala. Emozioak dira kasu oso ezberdinak lotzen dituen haria

Antonio Mendez Esparza zinemagilea, Courtroom 3H dokumentalaren Kursaaleko emanaldiaren ondotik, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Gela baten barruan gauzatzen da Courtroom 3H filmeko narrazio osoa. Tallahaseeko (Florida, AEB) Familia Auzitegi Bateratuko areto batean. Adingabeei lotutako auziak jorratzen ditu epaitegi berezi horrek, eta bi hilabete egin zituen bertan Antonio Mendez Esparza zuzendariak, Sail Ofizialean atzo aurkeztu zuen dokumentala osatzeko. 180 ordu grabatu zituen, bi kamerarekin, eta 300 auzi saio inguru igaro ziren bere objektiboen aurretik. Eta askotariko familiak, kasuak, prozesuak eta emozioak biltzen dituen collage bat izan da emaitza. Urrezko Maskorrerako lehian da dokumentala.

Seme-alaba adingabeekiko zabarkeria, abandonua edo abusua leporatu dieten gurasoen kasuak aztertzen ditu auzitegiak. Xedea da, legearen arabera, familiak berriro batzea, ahal bezain laster, eta ahal bezain modu seguruan. Life and Nothing More lana filmatu ondotik —Zinemaldiko lehian izan zen 2017an—, Tallahaseeko auzitegian grabatzeko aukera suertatu zitzaion zinemagileari, hainbat mugarekin bazen ere, eta ez zuen alferrik galtzen utzi nahi izan. Izan ere, lan berria aurreko filmaren jarraipen gisako bat dela adierazi zuen atzo, Donostian eginiko agerraldian: «Lan hura egin eta denbora batera, pentsatu nuen zuzenbide sistema narrazio trikimailu bat izan zela bertan;ez zela izan oso zintzoa harekiko, eta familia desegituratu haien erretratua pixka bat mugatu nuela».

Pentsamendu horri denboraren distantzia eta «fikzioa ez den fikziozko zinema» egiteko nahia gehituta, erronka berriari heldu zion. «Egiazki, filmak egitera ez goaz aurrez prestatuta; filma egitean agertzen da bidea. Zinema, niretzat, aurkikuntzak egiteko bide bat da, eta ez ongi ezagutzen ditudan gauzak kontatzeko modu bat. Nik aurkitu egin nahi dut, hala heldu izan diot beti zinemagintzari». Filmaren hasieran idatzita agertzen den esaldia abiapuntu hartuta hasi zuen bilaketa hori: «Jakin nahi baduzu nola administratzen den justizia herrialde batean, hurbildu babesgabeengana eta entzun horien testigantza». James Baldwinena da esaldia.

Zuzendaria intuizioari jarraikiz abiatu zen bidean. Eta topatu zuen, bere hitzetan: inplikazio handia erakusten duten ofiziozko abokatuak, herritarrak entzun nahi dituen auzitegi bat, eta erabaki oso zailak hartu behar eta hanka sar dezakeen epaile bat, besteak beste. «Saiatu naiz —ez dakit lortu dudan— objektiboa izaten, eta han topatu duguna erretratatzen».

Aitortu zuen ez zitzaiola erraza egin filmaren egitura erabakitzea, hainbeste grabazio ordu, hainbeste istorio eta hainbeste saio ezberdin esku artean izanik. Bi ideia-edo nahi zituen buruan: auzibide baten prozesua argi azaltzea, eta emozioak agertzea. «Azkenean, prozesuaren nolakotasunak berak eman zigun egitura: lehenik, ahozko saioak, eta ondoren, epaiketak». Kasu guztiak lotzeko haria emozioak izan direla gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.