Donostiako 68. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Bortxa plano finko bat denean

Dea Kulumbegaxvili zinemagile georgiarrak 'Dasatskisi / Beginning' filmarekin egin du debuta, eta eman du zeresanik. Lanak emakume baten bizipenak ditu ardatz; plano luzez eta isiltasunez josia dago

Dea Kulumbegaxvili zinemagilea (erdian), Dasatskisi / Beginning filmaren ekoizleek lagunduta, atzo, Donostiako Zinemaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Jehovaren Lekukoen komunitate txiki bat elizan bildu da, Georgiako herri batean. Liderra Abrahami buruz ari zaie hizketan, talde estremista baten erasoa jasaten duten unean. Suari begira daudenen artetik, emakume bati jarraituko dio kamerak aurrerantzean, liderraren emazte Yanari. Dea Kulumbegaxvilik pertsonaia horren bizipenen inguruan eratu du bere lehen film luzea, Dasatskisi / Beginning. Lanak aldi berean erakusten ditu paisaiaren edertasuna eta andreak jasaten duen bortxa, mundu beraren parte baitira, egilearen hitzetan. Forma aldetik arriskatua den proposamen batekin egin du debuta zinemagile georgiarrak; isiltasunez eta plano sekuentzia luzez —asko finkoak— josi du pelikula, eta ez du inor epel utzi, askotariko iritziak eragin baititu kritikaren artean. Cannesko jaialdiak hautatua izan zen, eta Donostiako Zinemaldiak Sail Ofizialeko lehian erakutsi zuen atzo.

Zuzendariak bost urte eman ditu bere opera prima ontzen, eta goizeko emanaldiaren ostean eginiko agerraldian eman zuen prozesuaren nondik norakoen berri. Abiapuntu izan zuen ideiatik hasita: «Emakume baten inguruko film bat egin nahi nuen, zeina, narratiba klasikoaren arabera, bigarren mailako pertsonaia bat litzatekeen, norbaiten emaztea baita, lider erlijioso batena kasu honetan, eta, hortaz, beti itzalean legokeen norbait, definizioz». Gidoia idazten aurrera egin ahala, pertsonaiari buruzko galderak pilatuz eta bere barrenean «amorrua haziz» joan zirela adierazi zuen: «Orduan jabetu nintzen hori zela egin nahi nuena: jendeak errepara ziezaiola emakume horri, ez zena pertsonaia nagusi batengandik espero daitekeen andre konbentzional bat».

Erlijioa eta fanatismoa filmaren atze-oihala dira, horiei buruz baino gehiago «giza kondizioaren inguruan» hitz egin baitu zinemagileak. «Talde jakin batez hitz egin beharrean, egitura hori aztertu nahi nuen; arauak eta pertsona bakoitzaren rolak ezartzeneta erabaki pertsonalak hartzea eragozten duenaz». Zuzendariarentzat, baina, pertsonaia bakoitzaren erabakiak dira gakoa: «Ez nuen ongiaz eta gaizkiaz era abstraktuan hitz egin nahi».

Kulumbegaxvilik sorterrian ondu du filma, eta plano askotan erakutsi du bertako naturaren edertasuna. Baita indarkeria handiko eszena batzuetan ere. «Munduaren edertasuna hor dago, baina baita indarkeria ere, eta ez nituen banandu nahi». Andreak jasaten duen bortxaketa ere ikusleen begien aurrean jarri nahi izan du. «Eszena hori emakumearen bizitzaren parte da, eta ezin nuen beste aldera begiratu, gizarteak maiz egiten duen bezala. Hori egiteko ardura sentitzen nuen; zalantza izan nuen nola egin, baina egin behar nuela, ez».

Kulumbegaxvilik esan zuen zinema egitean ez duela estilo jakin bat izatean sinesten, harentzat «lan bakoitza bere gisakoa» baita, eta zerbait desberdina dakar beti berekin. «Badut lan berri bat buruan, eta uste dut erabat desberdina izango dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.