Edonola, baina aurrera

Europa ligako partida erabakigarria jokatuko du gaur Realak, Napolin. Irabaziz gero, besteri erreparatu gabe egingo du aurrera. Bestela, zain egon beharko du

Ander Barrenetxea erremate bat egiten joaneko partidan, Napoliko jokalari bat aurrean duela. JABIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Gertakariak puzteko joera dagoen aldiotan, galanta bota zuen atzo Jokin Aperribai Realeko presidenteak: «Edo akabatu, edo hil». Mandatari debarra ez zen gatazka batez ari; txuri-urdinek Europa ligako bidean aurrera segitzeko egin behar dutenaren inguruan egin zituen adierazpen horiek, Napoliko (Italia) aireportura ailegatu berritan.

Hango taldearen aurka jokatuko dute donostiarrek txapelketa kontinentalean segitzeko partida erabakigarria. Heriotzena futbolean erabiltzen diren metafora exajeratu horietako bat da, baina Aperribairen esanek agerian uzten dute txapelketatik kaleratzea kolpea zatekeela hark zuzentzen duen klubarentzat.

Multzoen faseari epaia emango dion jardunaldia da gaurkoa, eta donostiarrek beren eskura dute aurrera egitea. Irabaziz gero, kito. Sinplea dirudi, baina gibelean dago arazoa: multzoko talderik indartsuena da Napoli, Realak zenbait hutsune esanguratsurekin egingo dio aurre, eta etxetik kanpora ariko da. Lehen begiratuan, egoerarik makurrenean ekingo dio demari.

Dena den, Napoli mendean hartuz poltsikoratu nahi du final-hamaseirenetarako aukera. Izango luke beste modurik, ordea; berdinduko balu, balioko lioke AZ Alkmaarrek eta Rijekak ere halaxe egitea, betiere txuri-urdinek eta italiarrek gol bat gehiago zakuratzen badute. Herbehereetakoek galduko balute, berriz,Diego Armando Maradona estadioan gertatzen dena gertatzen dela balekoan litzateke Reala. Gaurkoa da jokalari ohi argentinarra hil ostean haren omenez izendatutako zelaian jokatzen den lehen aldia.

Epelkeriak bazter utzi zalea daImanol Alguacil prestatzailea, eta presidentea nola, erasokor mintzatu zen neurketaren atariko prentsa agerraldian. Realak «irabaztea» xede duela jokatuko du gaur: «Partida jokatzeko deseatzen gaude. Urduritasun puntu bat badugu, baina hori ona izaten da. Gogotsu gaude».

Realaren multzoan puntu gehien zakuratu dituen taldea da Napoli. «Txapeldunen ligan aritzekomoduko taldea» dute italiarrek, Imanolen esanetan. Hamar puntu ditu lehen postuan den Gennaro Gattusoren taldeak; Realak eta AZ Alkmaarrek, berriz, zortzina bildu dituzte orain artean.

Hutsuneak bete beharra

Imanolek bi jokalari garrantzitsuren hutsunea izango du gaur: Mikel Oiartzabalena eta David Silvarena. Arazo fisikoekin dira biak, eta ez dute Italiara bidaiatu. Orain artean distira gehien egin duten jokalariak dira.

Haatik, horrek ez du gehiegi kezkatzen Imanol. Teknikari oriotarra erabat fio da bere taldearen gaitasunarekin: «Bai neuk, bai jokalariek, sinesten dugu hurrengo faseko zozketan egongo garela».Hala izan bedi, baina, ez badu lortzen, Realak badu bestelako helburu mardulik sasoi honetarako.

NAPOLI-REALA
Napoli. Ospina; Di Lorenzo, Maksimovic, Koulibaly, Mario Rui; Bakayoko, Fabian; Politano, Zielinski, Insigne; eta Mertens.
Reala. Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Monreal; Merino, Zubeldia, Barrenetxea; Portu, Januzaj, eta Willan Jose.
Epailea. Orel Grinfield (Israel).
Lekua. Diego A. Maradona zelaia.
Ordua. 18:55 (Movistar).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.