Bizitza multzokatzen zuen hura

Gasteizko Artium museoak Juncal Ballestinen lanak bildu ditu 'Juncal Ballestin. Bizitza ariketa gisa' erakusketan. Pintura, objektu eta instalazio aukeraketa bat da. Maiatzaren 23ra arte dago ikusgai

Bisitari bat Lo último que se pierde II obraren aurrean, atzo, Gasteizko Artium museoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Elkar eragina duten obren multzoak ohikoak izan ohi dira artearen alorrean; artista gehienek egin izan dute inoiz artelanen serieren bat, baina gutxi dira formatu hori lan egiteko modura egokitu dutenak. Juncal Ballestin da horietako bat (Gasteiz, 1953-2015), serieka antolatutako lan multzoetan egituratzen baitzuen bere obra guztia. Praktika horrek ezaugarritu zuen haren lana, eta horri esker bilakatu zen artista bakan. Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro Museoak lehen lerrora ekarri nahi izan du orain, bere lan egiteko moduan sakondu eta ondarea ezagutarazteko. Juncal Ballestin. Bizitza ariketa gisa erakusketan, pintura, objektu eta instalazio sorta hautatu bat bildu dute horretarako. Anesvad fundazioaren laguntzarekin antolatu dute erakusketa, eta maiatzaren 23ra arte izango da ikusgai.

Lan prozesu luze baten lehen emaitza da erakusketa, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak azaldu duenez, urtebete inguru baita museoak eta Arabako Foru Aldundiak Ballestinen obra eta ondarea berreskuratzeko lanei ekin zietela. Izan ere, Herraezen hitzetan, Ballestin «ezinbesteko» figura da Euskal Herrian azken hamarkadetan izan diren praktika artistikoak ulertzeko. «Sailkatzen zaila den figura bat da, ordezkaezina, poliedrikoa. Eta oraindik asko dago hari buruz hitz egiteko, idazteko eta ikertzeko».

Nolanahi ere, museoko zuzendariak ziurtatu du bidea hasi baino ez dela egin. Izan ere, hasiak dira Anesvad fundazioarekin hitz egiten artistaren ondarearen ardura du, etorkizunean artelanak Artiumeko funtsen parte izan daitezen. Ballestin hil zenean, gobernuz kanpoko erakundeari utzi zion ondare guztia, legatu solidario modura. «Anesvad prest dago artistaren nahia bete dadin laguntzeko: hau da, bere obra guztia, gorpu bat izango balitz bezala, batera gordetzeko», ziurtatu du Fernando Illanak. Bera arduratu da erakusketaren komisariotza lanak egiteaz, eta azpimarratu du erakusketa abiapuntu «paregabea» dela bide horretan.

Bi eremu, bi multzo

Sei urte dira Ballestin zendu zela. Ordutik, haren obra guztiak Otazuko estudioan izan dira, hark utzi bezalaxe. Halere, ezin hobeki ordenatuta eta sailkatuta utzi bazituen ere, denboraren joanak hondatu egin ditu pieza asko eta asko: «Egoera prekarioan» zeuden, Illanak azaldu duenez. Izan ere, haietako asko elementu organikoez egindakoak dira: egurra, artilea, larrua eta lore hosto lehorrak, kasurako.

Zaharberritu egin dituzte piezak, bada; diputazioko zaharberritze zerbitzuaren zuzendaritzapean egin da lan hori. Herraezek aitortu du asteetako lana izan dela, lan konplexua baita. Artelanei tratamendu zehatz bat eman diete lehenik, eta, pieza bakoitzaren analisia egin ondoren, garbitu egin dituzte. Museoko zuzendariak adierazi du prozesu horrek erakusketaren egituran ere eragin duela, luze jo baitu horrek.

Bi eremutan zatitu dute erakusketa: batetik, artistaren obra multzo esanguratsuenak jarri dituzte ikusgai areto handi batean,eta, bestetik, Ballestinen lan egiteko moduak ulertzeko balio duten zenbait dokumentu eta lan bildu dituzte areto txikiago batean. Museoko A3 aretoak biltzen ditu erakusketaren eremu horiek guztiak.

Areto nagusira sartu aurretik, halere, Naturaleza muerta obra paratu dute horman, artistaren adierazpenak jasotzen dituen testuarekin batera. Fruta kaxa zahar bik osatzen dute obra. Haren alboan, izenbururik gabeko bideo instalazio bat ikus daiteke: horma zuri batean pintura beltza erortzen ikusten da bideoan, horma bera guztiz beltz bilakatzen den arte. Artistak bere ibilbidearen hasieran ondu zuen lehena, 1986an edo 1987an; bigarrena, ostera, azkenetakoa da. Erakusketaren abiapuntua eta amaiera dira bi lanak, halaber.

«Juncalek obrak egin aurretik sailkatzen zituen ia-ia, eta lanen serie horiek bi multzotan bana daitezke: pintura da horietako bat, eta objektuak bestea»,azaldu du Illanak. Bada, artistak erabilitako sailkapena errespetatu dute erakusketa osatzean ere, eta gune nagusian ere bi multzo bereiz daitezke: artistaren pinturako serie nagusiak biltzen ditu batak, eta zenbait objektu serie besteak. Izan ere, askotariko material, bitarteko eta teknikak erabiltzen zituen Ballestinek bere lanetan: pintura, marrazketa, instalazioa, bideoa, obra grafikoa, eskultura...

Lehen multzoan sartuko lirateke, besteak beste, Pinturas lacustres seriea (2004) paper gaineko hamar margolanez osatutakoa, eta Lo último que se pierde II obra berde eta urdinez margotutako oihal luze batez ondutako pieza. Bigarren multzoan izango lirateke, berriz, Escultura (1984) eta Ese desconocido (1990) kobre hariz egindako objektuak.

Azkenik, Ballestinen lanaren hainbat alderdi ilustratzen dituzten dokumentuak ikus daitezke: argazkiak, marrazkiak, zirriborroak, obrak muntatzeko eskuz idatzitako oharrak eta jarraibideak, katalogoak, liburuxkak eta bestelako argitalpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.