Oholtza bete etorkizun

Zenbait euskal konpainiak beren lanak aurkeztuko dituzte bihartik aurrera dFeria arte eszenikoen azokan, Donostian. Etorkizuna da aurtengo ardatza

Zortzi euskal konpainiatako kideek dFerian erakutsiko dituzten lanak aurkeztu zituzten, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Pandemiarekin, ez dira gutxi geroari buruz arte eszenikoetako profesionalei sortutako galderak, zalantzak eta kezkak. Lehen etenaldi baten ondotik, berriro itzuli ziren oholtzetara, eta, orain, aurrera begira ari dira lanean. Hain justu, etorkizuna hartu du ardatz aurten dFeriak, Donostiako arte eszenikoen azokak. Astelehenean hasiko da jaialdia, baina, atariko gisa, bezperako egunetarako bi emanaldi gehitu zizkioten egitarauari —Juan Diego Bottok Una noche sin luna eraman zuen atzo Viktoria Eugeniara, eta Bilboko Arriaga antzokiak ekoitzitako Ama Kuraia emango dute bihar antzoki berean—. Hilaren 18ra bitarte, 28 konpainiak askotariko 28 obra aurkeztuko dituzte. Dantza piezak izango dira erdiak, antzezlanak hamarretik lau, eta hainbat diziplina nahasten dituztenak gainerakoak.Viktoria Eugeniak ez ezik, Antzoki Zaharrak, Tabakalerak, San Telmo museoak, Gazteszenak eta Lugaritz eta Intxaurrondoko kultur etxeek 41 emanaldi hartuko dituzte.

Jaialdian taularatuko dituzten obrak aurkeztu zituzten atzo zortzi euskal konpainiatako kideek.

AMAIA ELIZARAN
'OUT'
Noiz: Martxoak 16 eta 17 (16:00).
Non: Viktoria Eugenia Cluba.

Dantza garaikidea eta zuzeneko musika uztartzen ditu Out pieza laburrak, Amaia Elizaran dantzariak Xabier Zeberio musikariarekin sortutakoak. Mar (2019) obra du abiapuntu, dantzariak azaldu zuenez: «Mar piezak itsaspean egotearen ideia zuen ardatz, eta Out, berriz, arnas falta sentitu eta urpetik ateratzearen une hori litzateke; ideia hori agertu nahi nuen». Zeberioren hitzetan, musikaren oinarrian nyckelharpa izeneko Erdi Aroko suediar jatorriko tresna dago, baina looper-ak eta perkusioak ere baliatu ditu, inprobisazioari tarteak utzita.

LASALA
'DEAD'
Noiz: Martxoak 18 (11:15).
Non: Gazteszena.

Judith Argomaniz buru duen Lasala konpainiak Dead eramango du jaialdira. Dantza garaikideari testua gehitu diote aurreneko aldiz, lau emakumeren bizitza kontatzeko, eta, haien bitartez, gaur egungo gizartean andreek jasaten dituzten zamak bistaratzeko. Argomaniz: «Dead-ek mugak gainditzeaz hitz egiten du, ezarritakoarekin hausteaz, jasotakoaren eta ikasitakoaren zamaren gainetik emakumeen aukeratzeko askatasunaz; norberak aukeratutako bizitza bizitzeaz». Pieza oso pertsonala dela gehitu zuen dantzariak, taldekide bakoitzak bere bizipenetatik egin baitio ekarpena.

 

NODE
'EMAKUMEAK'
Noiz: Martxoak 16 eta 17 (16:00)
Non: Viktoria Eugenia Cluba.

Myriam Perez Cazabon eta Jone Amezaga dantzariek taularatuko dute Node konpainiaren Emakumeak lana, eta andrazko guztiei eginiko «omenaldia eta oparia» izan nahi du, Ion Estala zuzendariak eta Ana Barrantes ekoizleak adierazi zutenez. Izan ere, abortu bat izateagatik El Salvadorren espetxeratutako emakumeen egoera salatzen duen proiektu zabalago baten parte da pieza —Itxaso Diazen Emakume guztion historia dokumentalak eta Higinia Garairen nahiz Elizabeth Casillasen Emakume guztiok eleberri grafikoak osatzen dute egitasmo zabalago hori—. Iazko uztailean estreinatu zuten obra, eta «modu independentean ere indar handia» duela uste dute sortzaileek.

ARRIAGA ANTZOKIA
'AMA KURAIA'
Noiz: Martxoak 14 eta 15 (18:30).
Non: Viktoria Eugenia antzokia.

Ez du bide erraza izan Ama Kuraia antzezlanak. Estreinatu baino bost egun lehenago, bertan behera utzi behar izan zuten asmoa, pandemiagatik. Azkenean, iazko urrian taularatu zuten estreinakoz Arriaga antzokiaren ekoizpena, eta pozik daude egiten ari den bidearekin, Itziar Lazkano aktorearen esanetan. «Gozarazi baino gehiago, gogoeta eginarazten dizun ikuskizun bat da, gerraren aurkako aldarri bat baita, eta, zoritxarrez, oraindik gaurkotasun handia duena». Maria Goirizelaiak zuzendutako lanak «hain ohikoa ez den auzi batean» jartzen du fokua, aktorearen ustez: andreek gerretan bizi duten egoeran. Jaialdian euskaraz (bihar) eta gazteleraz (15ean) egingo dute.

KUKAI DANTZA - TANTTAKA
'HNUY ILLA'
Noiz: Martxoak 17 (19:45).
Non: Viktoria Eugenia antzokia.

Kukai Dantzak eta Tanttaka Teatroak 2008. urtean estreinatu zuten Hnuy illa ikuskizuna, Joseba Sarrionandiaren Hnuy illa nyha majah yahoo poema sorta oinarri hartuta. Gerora, hainbatetan izan dute buruan lana berreskuratzeko aukera, Izaro Aizpuru eta Ibon Huarte dantzariek adierazi zutenez, eta «aitzakia on bat» aurkitu dute orain, liburua argitaratu zela 25 urte bete baitira aurten. Hasierako taldeko lau dantzari berriro igoko dira oholtzara, beste hirurekin batera, Iñaki Salvadorren musika lagun, «berrikusi eta berritu» duten obra erakusteko.

EVA GUERRERO
'GORPUZTU LABURRA'
Noiz: Martxoak 16 eta 17 (16:00).
Non: Viktoria Eugenia Cluba.

Aurreko lan baten bertsio «biluziago bat» da Gorpuztu laburra, Eva Guerreroren esanetan. Izan ere, Garazi Lopez de Armentia bakarka ariko da dantzan agertokian. Orekaren bilaketaz dihardu piezak, eta «hainbat erlijiok une jakin batzuetan egiten duten gorputzaren erabileraren inguruko ikerketa» du abiapuntu.

AMAIUR LULUAGA
'J-AHO! II. QUIéN ESTá LOCO,
¿Tú O YO?'
Noiz: Martxoak 15 (13:30).
Non: Kutxa Kultur, Tabakalera.

Montse Alvarezekin eta Claudia Gomezekin batera igoko da oholtzara Amaiur Luluaga, bere dantza obra berria estreinatzera. Haren esanetan, «erotasunaren eta normaltasunaren arteko muga zalantzan jartzen duen pieza bat da, bai maila pertsonalean, bai gizartean». Pascal Gaigneren doinuekin plazaratuko dituzte horren inguruko gogoetak.

 

LED SILHOUETTE
'CÓNCAVO CONVEXO'
Noiz: Martxoak 15 (12:00).
Non: Gazteszena.

Led Silhouette konpainia nafarra 2019an hasi zen Cóncavo convexo pieza lantzen, Martxel Rodriguez dantzariak azaldu zuenez. «Eskulturaren, zuzeneko musikaren eta dantzaren inguruan orbitatzen duen lana da, eta gorputzaren ikuspegi eskultoriko batean oinarritua dago». Bera eta Jon Lopez izango dira agertokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.