Albistea entzun

'Uharte bat Venusen' eman du Xabier Amurizak

Bi gizarte aurreraturen arteko talkak ditu hizpide eleberriak, eta euskara bera jarri du diferentzien ardatzean. Autoedizio eran landu du.
ANDONI CANELLADA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko apirilak 24 - Andoain

«Intelektualki ni ez naiz planeta honetakoa. Nire sentiera intelektualari edo inteligentzia sentimentalari erantzuten dion mundua sortu dut. Izango da mundu hori inoiz? Baliteke, baina ni aurretik hilko naiz. Beraz, bai, testamendu edo legatu intelektual bat izan daiteke lan hau, baina literarioki emana». Halaxe aurkeztu du ondu berri duen eleberria Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak (Etxano, Bizkaia, 1941): Uharte bat Venusen. Hitzak neurtuz aurkeztu du, sortu duen mundu horretara irakurlea ahalik eta gogo irekienarekin heltzea zainduz, baina aitortu du zein izan duen asmoa, eta zerk itzuli dion poza: pentsamoldeari forma literarioa ematen aritzeak. «Kontua ez da ados gauden edo ez. Kontua da hori nola adierazten den literarioki, modu barrurakor, sendo eta ustekabeko batean». Horretan saiatu da idazlan berrian, eta atzo aurkeztu zuen emaitza, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa), Marta Agirrezabala Lankuko koordinatzailea eta adiskidea lagun zuela.

Urte batzuk eskaini dizkio nobelaren idazketari Amurizak, eta, azaldu duenez, joan-etorri horietako batean topatutako oihartzun batek eman zion behar zuen bultzada: aspaldi euskaratu zuen Aldous Huxleyren Bai mundu berria testuarekiko antzekotasunak —1971n argitaratu zuen haren itzulpena Lur argitaletxeak—. Amuriza: «Haren tankera du honek, baina inbertituta, eta horretaz ohartzeak zauskada handi bat eragin zidan. Huxleyrenean indio bat zibilizazio oso aurreratu batera heltzen da, eta hau gauza bertsua da, baina alderantzikatua: hemen mundu zibilizatueneko gizakiak dira doazenak; euren mapetan ez dagoen uharte bat aurkitzen dute, eta uharte horretan beste zibilizazio oso aurreratu bat, baina oso ezberdina».

Bada, talka multiplikatu horretan haziko da, hain justu, kontakizuna. Ustez mundu aurreratu batetik abiatzen diren gizataldeak «konparatiboki aurrerapen askoz handiagoak dituen mundu bat» topatuko du lurretik kanpoko uhartean, eta guztiz nahasita utziko ditu horrek. Haietako batek bertan geratzea erabakiko du, baina lurralde berrian egingo duen urrats bakoitzeko zerbait ezberdina aurkituz. Urrats bakoitzeko, «nola izan daiteke hau?» galderara itzuliz. «Eta, orduan, egoerak eta kontradikzioak arlorik azidoenetan kateatuko dira».

Giza harremanetan, teknologiaren erabileran eta beste hainbat alorretan geratuko dira agerian bi zibilizazioen arteko aldeak eta tirabirak. Hizkuntza bera izango da diferentzien adierazle nabarmenetako bat, eta hari egin dio azpimarra egileak; hizkuntzaz ari denean, zehazki euskaraz ari dela argituta. «Diglosia bat sortuko da hara doazenen eta han daudenen artean; hemendik doazenak euskara batuan egiten dute, baina hango hizkuntza beste estadio batean dago, niretzat behintzat, aurreratuago».

Kontrastean eraikia

Autoedizio eran landu eta Erroteta etxearekin plazaratu du lana Amurizak, batik bat, lehenago kaleratu ahal izan duelako hala. «Datorren maiatzean 80 urte egingo ditut. Argitaletxe batek denbora bat eskatu ohi du, eta ez nago denbora horretan jarduteko adinean». Lana burututa, pozik dagoela errepikatu du: «Pozik, halako lasaitasun ganduzko bat, halako inpasibilitate gorrixka bat eraiki dudalako nire gogoan; pozik, nire sentiera intelektualari errepresentazio literario atsegin bat eman diodalako, mundu aurreratu hau amoroski eta iraingabe destripatu ahal izan dudalako». Eta ñabardura: «Mundu hori, noski, ez da existitzen; baina ni hangoa naiz. Ez dago aldarrikapenik, ez dago denuntzia tonurik, soil-soilik mundurik aurreratuena deskolokaturik». Haren deskribapen xeheetan ez da sartu, ordea, idazlea; «hemengoaren kontrastean» eraiki du «hangoa».

Osoki fikzioan murgildu bada ere, fikzio oro «norberetik» sortzen dela gogorarazi du idazleak, eta horregatik datorrela, esate batera, hizkuntza datorren eran nobelan. «Pribilegiatua naiz dudan inguruagatik, baina sufritzen dugu ezina ere». Idazketarekin gozatu duela aitortu du ,«gordinetik zehatzera pasatzean», baita liburuak duen «utopia» kutsua onartu ere: «Literatura guztia da utopikoa. Zeruan ez dut sinisten, baina zerurik balego, han ez legoke arterik, gatazkarik ez dagoen lekuan ez dagoelako arterik».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Oraindik ez naiz igandeko zurrunbilotik guztiz atera»

Miren Mujika Telleria

Joanes Illarregi izan zen nagusi Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketan. Eta, hain zuzen ere, garaipen horrek berak eman dio finalaurrekoetarako aukera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...