Ohiko tresnen distira

Joana Vasconcelosen erakusketa azaroaren 11ra arte egongo da ikusgai Bilboko Guggenheim museoan. 30 obra biltzen ditu, eta hiru berriak dira

Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
«Erakusketa Joana Vasconcelosen bizitzan zehar egiten den bidaia bat da; artistak munduari buruz duen ikuskeran murgilduz eta garai guztiak zeharkatuz, egunerokotasun handiko obrak ezagutuko ditu bisitariak». Petra Joss erakusketako komisarioaren hitzek definitu dute Zure ispilua naiz, Joana Vasconcelos artista portugaldarrak Bilboko Guggenheim museoan jarri duen erakusketa. 30 obrak osatzen dute erakusketa. Haien artean badira artistak iraganean egindako obra garrantzitsu asko, baina baita erakusketarako bereziki prestaturiko beste hiru ere. Erakusketa gaurtik azaroaren 11ra arte egongo da ikusgai.

Portugalgo artista ezagunenetakoa da Vasconcelos, eta haren lanek ez dute inor hotz uzten; edonon topa daitekeen objektu arrunt batekin artelanik ikusgarri eta konplexuenak sortzeko gai da. Horretarako, ordea, ez dago bakarrik. Lisboan, 3.000 metro karratuko estudioa du, eta bertan, 50 kide baino gehiagoz osatutako laguntzaile taldea.

Artista kontzeptuala da Vasconcelos, eta, objektuak moldatu gabe, bizirik dauden irudi eta forma berriak sortzen ditu: bere lanak mugitu egiten dira, zarata ateratzen dute eta, Gabonetako zuhaitzen antzera, argiztatu egiten dira. Plastikozko mahai tresnak, etxetresna elektrikoak, telefonoak, autoak, edalontziak, tanpoiak... denetarik erabiltzen du artelanak sortu eta, irudi harrigarri eta bitxien bidez, egungo gizarteari kritika egiteko: kontsumismoa, globalizazioa eta emakumeen zapalkuntza, adibidez.

«Arkitektura maskulino baten barruan bizi den gorputz femeninoa da», baieztatu du Vasconcelosek, museoko atari osoa betetzen duen obrari erreferentzia eginez. Egeria da, Guggenheimerako berariaz egindako obra: garroen itxura duen walkiriak jolas egiten du Gehryren arkitekturarekin; landare baten antzera, espazio guztian zehar bihurrituz. Hogei eskulangilek baino gehiagok josi dute, eskuz, eta kolore, ehundura eta oihal andana nahasten ditu.

Horretaz gainera, erakusketak beste bi obra berri ditu. Izena ematen dion Zure ispilua naiz eta museoaren kanpoko aldean dagoen Solitario eraztun erraldoia. «Denbora behar dugu», aldarrikatu du artistak, horregatik bere lanak ezin dira «begirada huts batekin» ikusi: «Koadroekin ez bezala, nire lanak ikusteko, gelditu beharra dago, haien inguruan ibili, aztertu, hausnartu; denbora sortzeko beharra daukagu».

Zure ispilua naiz obra hamaika ispiluz osatutako maskara veneziarra da. Ispilu bakoitza posizio jakin batean dago, eta, beraz, aldatu egiten da begiratzeko tokiaren arabera. Maskara kendu eta norberaren identitatea topatu. Erakusketa gelaren erdian kokatuta, beste pieza guztien ispilu bilakatzen da.

Feminismoa aldarri

Erakusketa gelara sartu eta Vasconcelosen ibilbidean mugarri izan diren zenbait obrarekin topatuko da bisitaria: Valiumez egindako ohea Valium ohea (1998), fadoa abesten duen eta plastikozko mahai tresnekin eginda dagoen Bihotz independente gorria (2005), eta plantxekin egindako loto-lorea, mugitu eta kea ateratzen duena.

«Nire ibilbidean, gauza gehiegitan izan naiz lehenengo emakumea, eta horrek eramaten nau munduan zer gertatzen den galdetzera». Feminismoaren aldarria oso presente izan du beti, eta hala ikusten da haren obra askotan. Besteak beste, zazpi oihalez egindako Burka (2002) munduko emakume guztien zapalkuntzaren adierazgarri da, eta Emaztea (2001-2005), tanpoiz egindako lanpara erraldoia ere erakusketan da: urrunetik ederra, eta hurbiletik bisitariak txunditzen dituena. Famatuena Marilyn da (2011). Lapikoz egindako zapata takoiduna.Vasconcelosek berak honelaxe azaldu du: «Ni artista kontzeptuala naiz, eta, obra hori sortzeko, bi ideia nituen buruan: emakumeak etxean duen rola lapiko baten bidez irudikatua eta etxetik kanpo duena zapata takoiduna. Hala, lehenengo objektua erabiliz bigarrena sortu nuen».

Haren lanek ez dute inoiz esanahi bakarra izaten, eta ironiaz beterik egon ohi dira. Halakoa da erakusketa horretako hirugarren obra berria, Solitarioa. Pop oilarra obrarekin batera (2016), museoaren kanpoko aldean dago. Solitarioa luxuzko autoen hagunez osatutako eraztuna da, whiski edalontziekin egindako diamante batekin koroatua; femeninoaren eta maskulinoaren estereotipoak baliatzen ditu obrak, kontraesanezko irudi bat eratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.