Arrisku ikusezinak

Eibarrek partida gaiztoa du gaur Atletico Madrilen zelaian, ligako laugarren jardunaldian, espainiarrak apal hasi badira ere. Orellana, Pedro Leon, Bigas eta Calavera ez daude jokatzeko moduan

Jose Luis Mendilibar Eibarreko entrenatzailea, Toni Ruiz prestatzailearekin hizketan, entrenamendu batean. G. RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Ligako laugarren jardunaldiaren barruan, Eibarrek etxetik kanpo jokatuko du gaur eguerdian: Atletico Madrilen zelaian. Sailkapenean, elkarren gainean daude biak, lau puntu dituelako Diego Simeoneren taldeak eta hiru Jose Luis Mendilibarrenak. Aurreko hiru jardunaldietan, lor daitezkeen hiru emaitza eskuratu ditu Espainiako taldeak: partida bat irabazi du, beste bat berdindu eta beste bat galdu. Valentziaren zelaian berdindu zuen lehia aurreneko jardunaldian; gero, Rayo Vallecanori irabazi egin zion etxean, eta Celtaren zelaian galdu egin zuen geldialdiaren aurretik. Eibarrek galdu egin zuen lehen bi partidetan, etxean Huescaren aurka eta kanpoan Getafen, eta Realari irabazi egin zion duela bi asteburu, Ipuruan. Datu horiekin ekingo diote gaurko lanari bi taldeek.

Biak antzera dabiltzan arren, garbi dago gaur Eibarrek irabaztea ezustetzat hartuko litzatekeela. Ez da alferrik lehiaketako talde indartsuenetakoa eta liga irabazteko hautagaietako bat. «Horrelako talde batek bi partida segidan galtzea ez da izaten ohikoa, eta galdu dutenaren ondorengoan oso arriskutsuak izaten dira», esan dute asteon Eibarreko jokalariek. Errealitate gordina onartuta zelairatzea ez da helduleku txarra, askoz okerragoa izango litzatekeelako armaginek beren burua faboritotzat jotzea. Hala ere, gauza bat da partida zaila izango dela onartzea, eta bestea etsita ateratzea jokatzera, galtzaile itxura emanez.

Horretaz aritu zen atzo Mendilibar prentsaren aurreko agerraldian, Arrasaten (Gipuzkoa): «Badakigu nolako aurkaria izango dugun parean, eta badakigu haiek gola sartu eta markagailuan aurretik jartzen direnean oso zaila dela emaitza iraultzea. Baina, galtzen hasten bagara, oso garbi eduki behar dugu ezin dugula amore eman, ezta burua galdu ere, bigarren gola azkar jasotzeko arriskuan ginatekeelako».

Iritsi berriak, deialdian

Entrenatzaileak badaki nolako partida ikusi beharko duen bihar: «Oso zaila izango da, badakigulako nolakoak diren. Gerta daiteke gu ondo jokatzen aritzea eta, ezustean, haiek gola sartzea. Emaitza aldekoa ez dutenean ez dira urduri jartzen; ezberdinak dira». Mendilibarrek buruan ondo marraztua dauka zer egin behar duten jokalariak gaur galtzaile ez izateko: «Kontzentrazio handiarekin aritu beharko dugu, eta ez bakarrik baloia dabilen lekuan; handik urrun dauden tokietan ere arreta bizia eduki behar da horien aurka. Gaurko saioan [atzo] bezala jokatzen badugu,zerbait atera dezakegu».

Hemeretzi jokalari joan dira Madrilera, tartean azkena heldutako biak: De Blasis argentinar erdilaria eta Cucurella ezker hegaleko atzelaria. Ez daude, berriz: Orellana, Pedro Leon, Calavera eta Bigas, guztiak ere min hartuta.

ATLETICO MADRIL-EIBAR

Atletico Madril. Oblak; Juanfran, Gimenez, Lucas, Filipe; Saul, Rodri, Koke, Lemar; Griezmann eta Diego Costa.

Eibar. Dmitrovic; Peña, Ramis, Arbilla, Jose Angel; Jordan, Diop, Sergio Alvarez; Cardona eta Enrich.

Epailea. Martinez Munuera.

Lekua. Wanda Metropolitano (67.829 ikusle).

Ordua. 13:00etan (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.