Kanta soilduen bilduma

Bere ibilbideko hamabi abesti bildu ditu Ruper Ordorikak 'Bakarka' diskoan, gitarrarekin soilik grabatuta. «Asko ibiliak» diren arren, garapen bat eman die
Ordorikarekin taldean baxua jotzen duen Lutxo Neira musikariak egin du diskoaren azala.
Ordorikarekin taldean baxua jotzen duen Lutxo Neira musikariak egin du diskoaren azala. GORKA RUBIO / FOKU

Andoni Imaz -

2018ko azaroak 9
Abesti zaharrak hartu, eta disko berria aurkeztu du Ruper Ordorikak, hemeretzigarrena bakarkako bidean. Sekula baino bakarrago aritu da oraingoan, aurreneko aldiz gitarra soilarekin grabatu baitu Bakarka. Azken urteotako zuzeneko emanaldietan bizi izan duenaren ondorioa da diskoa, horiek eman baitiote bide kantu zahar zein berriagoak probatzeko, bakarkako formatua sendotuz.

Duela bi-hiru urte hasi zen bakarkako emanaldiak eskaintzen, «ez lehen bezala, hau da, behartuta, baizik eta nire nahiari jarraituz». Kontzertu horietan ikusi du entzuleak beste modu batean «hurbiltzen zirela» haren musikara, eta ikasbide ona izan dira gitarra hartu eta grabatzeko.

Halere, kostatu zaio bakarrik grabatzea. Lehenengo asmoa izan zuen jendaurrean grabatzea diskoa, zuzenean, kantak are gehiago hurbiltzeko. Gero pentsatu zuen ez zuela nahi «dokumentu bat», eta harago joatea pentsatu zuen: jendea gonbidatu estudio handi batera, eta bertan grabatu diskoa. Azkenean, bakarrik grabatu du, Azkarateko (Nafarroa) Mamia estudioan, Jonan anaiarekin; bere ohiko teknikariarekin, alegia. «Ekoizle kreditua ere eman beharko nioke», diskoari berari forma emateko egindako ahaleginagatik.

Nabaritu du taldearekin grabatzetik bakarka egitera dagoen saltoa: «Ez nuen uste hain zaila zenik, ispiluaren aurrean jartzen duzu zeure burua». Lasai grabatu ditu abestiak, ordea, tartean behin estudiora joanda: egun batean, bi; handik bira, beste bat, eta hurrengo astean, lau.

«Kantu hauek asko ibiliak dira, zenbaiten buruetan beren oihartzuna utzi dute», baina orain eraldatuta itzuliko ditu. Orain, jendeak entzun behar ditu: «Diskoek borobil itxura dute, baina borobil egiten dira jendeak entzunda». Abestiei garapen bat ematen saiatu da Ordorika, eta «beste norabait» eraman dituela sentitu du.

Hamabi abesti jaso ditu denera Bakarka-n, eta, grabatzea bera zaila izan arren, grabatutako abesti guztien artean batzuk kentzea izan da lanik nekezena musikariarentzat. Bere ibilbide osoko kantak jotzen aritu da, eta intuizioa baliatu du abestiak aukeratu eta hamabikoa osatzeko. Denetik dago, hasierako garaiko abesti batzuk aukeratu ditu, baina baita azken urteotako lanetakoak ere.

Sei diskotatik hartu ditu hamabi abestiak. Bina kanta Hautsi da anphora lehen diskotik (1980) eta Ni ez naiz Noruegako errege bigarrenetik (1983): Fas fatum eta Herdoilarena, eta Asmatzekorik ez eta Berandu dabiltza, hurrenez hurren. Azken boladako hainbat lan ere badaude: Haizea garizumakoa diskotik (2009) hartu ditu Edertasunaz mintzo eta Joan soseguz. Hodeien azpian (2011) da kanta gehien duena: Banekien, Ezbaieko gogoan eta Mundua biltzen duen oihartzuna. Diskoa hauek osatzen dute: Ez da posible-ko (1990) Ene begiek kantak, Dabilen harria-ko (1998) Martin Larralde-k eta Mikel Errazkinen omenezko Bidean aurkitu zintudan-eko (2008) Lagunaren heriotza-k. Azken hori «nekez topatzen da» egun.

Lagunekin ere bai

Bakarkako lana aurkeztu berri duen arren, duela hilabete iragarri zuen berezia izango dela aurten Bilboko Kafe Antzokian emango duen kontzertua. Aspaldi hartu zuen ohitura abenduero kontzertua emateko bertan, eta, aurten, bi egingo ditu bat egin beharrean, zuzeneko diskoa grabatzeko baliatuko baitu aukera. Abenduaren 15ean eta 16an egingo ditu emanaldiak. Ez du zuzeneko lehen diskoa izango, aurretik bi grabatuak baititu, Kafe Antzokian bertan: 2000. urtean Gaur, eta 2008an, Hamar t'erdietan.

Gaur bertan ekingo dio bakarkako lana jendaurrean aurkezteari, Zegaman, baina taldearekin egiten dituen emanaldiekin uztartu nahi du bakarkako jarduna. Gitarrak lagunduta aurkitu du abestiak entzuleei igortzeko beste modu bat, baina aitortu du ez dela esperientzia bera: «Taldea beste gauza bat da, beste frekuentzia batean sartzen naiz, eta nire eginkizuna hori izan da beti».

Ordorikak aro bat ixteko baliatu izan ditu taldearekin zuzenean grabatutako diskoak. Mugalaris taldea osatu zuten musikariekin grabatu zuen Gaur, besteak beste, Nando de la Casa, Iñigo Goldarazena, Javi Antoñana eta Angel Celadarekin. Hamar t'terdietan, berriz, Alberto de la Casa, Arkaitz Miner eta Dani Perezekin grabatu zuen, besteak beste, eta geroztik Arkaitz Minerrek, Fernando Lutxo Neirak eta Hasier Oleagak osatu dute Ordorikaren zuzeneko taldea. Haiekin grabatuko du abenduko diskoa. Bakarka diskoaren azaleko ilustrazioa Neirak berak egina da, gainera.

Taldeko gainontzeko musika tresnak abestietatik atera dituenetan hasi dira entzule batzuk Ordorikaren gitarrari benetan erreparatzen. Hark ere beste modu batera bizi du orain bere lana, taldearekin jotzean «ezkutuan» gelditzen den kanta batek «distira» har dezakeelako bakarrik jotzean. Harentzat, ez dago abesti zaharrik bilduman, horrela joz gero dena baita berria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria