Emakume futbolariak, grebara

Lehen lan hitzarmena adosteko negoziazioak ez atzera eta ez aurrera daude. Ez dute zehaztu noiz hasiko den greba. Lanaldiaren iraupenaren inguruan ez dago adostasunik kluben elkartearekin

Berrehun futbolari inguru bildu ziren AFEk deituta, Madrilen, eta bertan adostu zuten greba egitea. Irudian, talde argazkia. FERNANDO ALVARADO / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun

Ez zuten hala izatea nahi. Baina emakume futbolariak grebara doaz. Hala adostu zuten atzo, Espainiako lehen lan hitzarmena adosteko negoziazioak ez atzera ez aurrera doazela ikusita. Lanaldiaren iraupenean dago kluben elkartearen eta futbolarien arteko desadostasun nagusia. Horrek apurtu zituen duela astebete elkarrizketak, eta egoera ez da bideratu. Izan ere, futbolariek gutxienez %75ekoa izatea eskatzen dute; aldiz, kluben elkarteak —bertan dira klub guztiak Athletic, Bartzelona eta Tacon izan ezik— jardun erdian jarri dute muga. Greba egin ahal izateko tramitazioaren zain, ez dute zehaztu noiztik izango den, baina bai mugagabea izango dela.

Madrilen egin zuten atzo bilera jokalariek, AFE futbolarien sindikatuak deituta. Hark du gehiengoa negoziazio mahaian. David Aganzo presidentearen negoziazioen nondik norakoen berri eman zien. 200 futbolari inguru izan ziren bileran. Ondoren bozketa egin zuten, eta %93k grebaren alde egin zuten. 230 boza jaso ziren guztira, joan ez ziren jokalarietako batzuek delegatu egin baitzuten.

Athleticeko eta Realeko ordezkaritza zabala izan zen batzarrean. Horien artean zeuden Ainhoa Tirapu eta Mariasun Quiñones. «Eskatzen ari gara zerbait duina, merezi dugun zerbait», esan zuen bilera amaieran Quiñonesek. Halaber, ondorengoa gaineratu zuen. «Ezin gara urtean 8.000 eurorekin bizi».

Tirapuk jokalarien artean izandako batasuna nabarmendu zuen. «Ez genuen hona iritsi nahi. Baina garrantzitsuena da inoiz baino batuago gaudela, eta batzarrean argi ikusi da». Aldarrikatzen ari direna definitzeko, bidezko hitza erabili zuen Tirapuk ere. «Azken batean, gu egun osoan gara futbolari, eta gure bizimodua horren arabera egiten dugu. Beraz, horri dagozkion baldintzak eskatzen ditugu, besterik ez». Hain zuzen ere horregatik galdegin zuten hasieran lanaldia osoa izatea. «Guretzat kontratuen partzialtasunarena oso puntu inportantea da. Izan ere, horri lotuta daude gure etorkizuneko hainbat kontu». Adibide argigarria jarri zuen. «Lesio larri bat izan, eta denbora luzeko gaixoaldi bat badugu, kontratuetan jasotzen den lanaldiaren iraupenak eragin handia du».

Negoziazioen zehar, eta akordioa lortzeko keinu gisa, futbolariek lanaldiaren iraupena %75ekoa izatea onartu zuten. Hori da orain eskatzen ari direna. Baina horri ere ezezkoa eman diokluben elkarteak, eta berriro ere %50ean jarri du muga. «Hazkunde jasangarri bat bermatze aldera, ezin gara hortik igo gure eskaintzan».

Greba egiteko tramitazioan zehar, bi aldeek oraindik ere denbora dute akordio batera heltzeko. Gerta liteke ere lan bitartekaritzak esku hartzea. Baina akordiorik ezean, greba mugagabea hasiko dute.

Urtebete, nahi ezin

Hilabeteko atzerapenarekin, iazko azaroaren 8an jarri zen martxan Espainiako Ligako emakume futbolarien aurreneko lan hitzarmena negoziatzeko mahaia. Sindikatuek izan beharreko ordezkaritzari eta sinatu beharreko akordio motari buruzko desadostasunek eragin zuten atzerapena. Helburua zen hitzarmena ahalik eta azkarren adostea.

Baina hilabete hauetan egindako hemezortzi bileretan ez dute hitzarmena adostea lortu, nahiz eta hainbat puntutan aldeek bat egin; adibidez, lan hitzarmena adosteko orduan zegoen beste puntu garrantzitsuetako bat gutxieneko soldata zen. Azken bileretan, gutxieneko soldata gordina urtean 16.000 eurokoa izatea adostu zuten.

Lan hitzarmenean jaso nahi dituzten eskubideen artean daude baita ere gaixoaldian soldata osoa kobratzea, horren arrazoia edozein izanda ere. 30 eguneko oporraldia izatea, horietatik 21 udan eta segidan; irudi eskubideen parte bat futbolarientzat izatea. Horrekin batera, bi protokolo ere jaso nahi dituzte bertan: hardunaldi kasuei lotutakoa bata, eta sexu jazarpenei lotutakoa bestea, hain zuzen ere.

[youtube]https://youtu.be/8Au_xg2fJEA[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.