«Azkeneko bidea» delako

Hamabi greba egun egingo dituzte urrian Baiko enpresako hamabost pilotarik: gehiengoak. «Gutxieneko lan baldintzak, errespetua eta gardentasun ekonomikoa» eskatu dizkiote

Eserita: Janire Ornes, Ibai Zabala, Larunbe eta Aretxabaleta, atzo, Bilbon, ELAren egoitzan. Zutik: ezkerretik eskuinera: Albisu, Bengoetxea eta Artola. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Bilbo
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Pilota jaso, eta partida eten du Baiko enpresako pilotarien gehiengoak. Hamabost dira. Ez dute jokatuko urriko hamabi egunetan: 9, 10, 11 eta 12an; 16, 17, 18 eta 19an; ez eta 23, 24, 25 eta 26an ere. «Enpresan bizitzen ari garen egoera jasangaitza da; enpresak langileen aurkako kaleratze mehatxuak egin ditu, eta, hori ikusita, grebara deitzea erabaki dugu». Hala dio atzo pilotariek Bilbon, ELA sindikatuaren egoitzan irakurri zuten agiriak.



Lau dituzte aldarrikapen handienak: «Eskiroz, Victor, Laso eta Mariezkurrena pilotarien kontratuak berritzeko negoziazioei berriz ekitea, fede onez eta mehatxurik gabe; gutxieneko lan baldintzak arautuko dituen enpresa hitzarmen bat lortzea; enpresan indarrean dagoen barne araubidea bertan behera uztea; eta pilotariekiko gardentasun ekonomikoa». Orain, pilota Baiko enpresaren eskuetan dago, eta atzo bertan erantzun zien pilotariei. Baina ez greba deialdiaren inguruan. Honela dio pilotarien agerraldia hastera zihoan ordu berean sare sozialetan plazaratu zuen albisteak: «Baiko Pilotako langileen % 57k lan baldintzak aldatzeko akordioa adostu du». Sei hilabetez, lanaldia eta soldata %20 jaitsiko dute langile horiek.

Batezbesteko hori askotan azaldu zen atzoko agerraldian. Hitzetik hortzera erabili zuen Ibai Zabalak, pilotarien bozeramaile lanak egin zituenak Mikel Larunberekin batera [hark gazteleraz]. Zabalak, pilotarien izenean, baieztapen indartsua egin zuen horren inguruan: «Gu prest gaude soldatak jaisteko, baita %30 ere, baina, horretarako, enpresak kontu ekonomikoak gardentasunez erakutsi beharko dizkigu». Kontatu zuenez, horren berri badaki enpresak: «Jose Ramon Garai gezurretan dabil. Esaten duenean ez duela jaso pilotarien proposamenik, ez da ari egia esaten. Nik neuk esan nion prest geundela soldatak jaisteko». Argitu zuenez, Iosu Eskiroz pilotaria kaleratu eta gero joan ziren enpresarekin hitz egitera, eta orduan egin zion proposamen hori Zabalak berak, atzo kontatu zuenez.

%20ko batezbestekoarekin segituz, pilotariek atzo baieztatu zuten denek jaso dutela kopuru hori jaisteko proposamena, eta horretan ere gezurretan aritzea leporatu zioten Garairi: «Hark dio %20ra bitarteko soldata jaitsierak eskaini dizkigula, baina ez da egia. %20koa da denon kasuan».

Diru kopuruak beste behin ere aipatu zituen Zabalak, kazetarien galderei erantzuterakoan. Oraingo honetan ere, Garaik herenegun egindako adierazpenak gezurtatzeko: «Esan zuen enpresako pilotarien soldatak 91.000 eurokoak direla batez beste. Garbi esan nahi dut mobilizatu garenon batez besteko soldatak horren erdia dela, eta, gainera, jasotzen dugun guztia ez doala gure poltsikoetara, bidean geratzen delako zati bat».

Enpresaren eta pilotarien aferaren muinean diru kontuak daudela bistakoa da. Hori da arazo guztien iturria, beste guztien sorburua. Horregatik nabarmendu zuten atzo pilotariek gardentasun ekonomikoa eskatzen diotela Baikori. «Erakutsi kontuak, baina benetako kopuruekin, ez batez bestekoekin, eta ez COVID-19ak eragindakoak bakarrik. Lehenagokoak ere ikusi nahi ditugu. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean ginenean eskatu genien kontuak erakusteko», esan zuten Zabalak eta Larunbek. Horren harira, ELA sindikatuak adierazi du «lege bide guztiak» erabiliko dituela hori lortzeko, enpresak diru kontuak erakusteko. Zabalak nabarmendu zuenez, «dirua badago», eta kontratu berritze batzuk aipatu zituen: «Egon dira berritzeak, eta onak, gainera. Dirurik ez dagoela? Ez dagoena da borondatea».

«Greba ez da apeta bat»

Enpresaren jarrerak ere salatu zituzten atzoko agerraldian. Agirian bertan adibide zehatz bat eman zuten: «Azken egunetan, enpresak mehatxupean negoziatu ditu Agirreren eta Alberdiren kontratu berritzeak [biek egingo dute]. %20ko jaitsiera onartu ezean, kontratua galtzearekin egin zaie mehatxu». Victorren kasua ere hizpide izan zuen: «Garaik esan du kirol arrazoiengatik ez zaiola berritu kontratua, eta ez dut esaten hala ez denik. Baina, aldi baterako erregulazioan geundela, dei bat baino gehiago jaso zituen Victor Estebanek enpresatik, negoziatzera joateko. Berritu nahi bazioten, ez du ematen kirol arrazoiena baleko azalpena denik, ezta?». Eskirozi egindakoa ere kontatu zuen: «Kontratua berrituko ez ziotela jakinarazi eta berehala, Garaik esan zion segitzeko entrenatzen eta hobetzen. Egoera bere onera itzultzean hartuko zutela berriz. Harrezkero, bi pilotari gazte fitxatu ditu Baikok, baina non dago Eskiroz?». Enpresaren jarrera «itsusiak» salatzeko azken adibidea Iker Arretxerena izan zen Zabalaren ahotan: «22-3 galdu zuen partida bat, eta pilotalekuko atean zela esan zioten kaleratuta zegoela. Nori eta enpresan hamabost urte egin dituen pilotari bati. Gauzak ez dira horrela egiten».

Enpresaren jarrera horiek guztiak ontzi batean sartu eta pilotariak zer egin aztertzen hasi direnean, grebaren hautua egitea ez dela «apeta bat» esan zuten atzo: «Pribilegiatuak garela ez dugu ukatuko, gustuko dugun kiroletik bizi garelako, baina ez gaude prest pribilegio horien truke azkenaldian bizitzen ari garen guztia onartzeko. Gure betebeharrak gogoz eta modu onez betetzeko prest gauden langileak gara, baina, langile gisa, eskubideak ere baditugu, eta, oraintxe bertan, arrisku bizian daude».

Grebaren hautua egin badute «enpresak bide hau hartzera behartu» dituelako izan dela gaineratu zuten: «Geratzen zaigun azkeneko bidea da, eta bakarra». Urrian zehar pilotalekuetan pilota egotea «enpresaren borondateak baldintzatuko» duela esan zuten: «Gu prest gaude negoziatzeko, gure borondatea mahai gainean dago lehen egunetik. Orain, enpresari dagokio pausoak ematea». Ez dira oso baikorrak, hala ere.

Bi aldeak datorren astelehenean balizko bilera bat egitekotan direla esan zuen herenegun Garaik, baina pilotariek ez dakite ezer: «Batzar hori zein egunetan eta non izango den inork ez digu jakinarazi». Onartu zuten kontratu berritzeak pilotari bakoitzari dagozkiola, baina ñabardura batekin: «Koakzioak egiten ari da enpresa pilotarien aurka, eta, horiek dauden momentutik, kolektiboak ere badira kontratu berritzeak». Aspe beste enpresako pilotarien babesa jaso zuen Baikoko pilotarien gehiengoak, eta pilotarien elkarte bat osatzeko asmoa zertan den azaldu zuen Zabalak: «Gure asmoa hori da, baina lehendabizi etxeko arazoak konpon ditzagun».

Arazo horrek bete-betean harrapatuko du Binakako Txapelketa [hirugarren jardunaldia eta finala], nahiz eta asteburu honetako bi partidei ez eragin. Gaur da finalerdien ligaxkako bigarren jardunaldiko lehenengoa, Jaka-Zabaleta eta Agirre-Albisuren artekoa [Lasoren ordezkoa da Agirre]. 17:30ean izango da, Bilbon.

Federazioen deia Baikori

Euskadiko Federazioak, Gipuzkoakoak eta Arabakoak ohar bat plazaratu zuten atzo Baiko enpresako auziaz. Deia luzatu diete enpresa profesionalei arazoa bideratzeko ahalegina egin dezaten. Arazoa enpresena eta langileena dela eta federazioek eragiteko aukerarik ez dutela ere badiote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.