Gazta zati bat Urumean

Realak AZ Alkmaar jasoko du gaur, Europa ligako hirugarren lehian. Lehen lekuan dago Herbehereetako taldea; baliteke haien aurkako partidak erabakigarriak izatea

Andoni Gorosabel Realekoa Hirving Lozano Napolikoarekin baloia eskuratzeko lehian, aurreko jardunaldiko partidan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Alkmaarrek itxura bitxia hartzen du apiriletik irailera arteko ostiraletan. Herbehereetako hiri horretan, itsasoari irabazitako ubide batzuk daude, eta ontzi batzuek nabigatu ohi dute haietan barrena, dozenaka gaztaren garraio. Huraxe da Herbehereetako gaztaren hiriburua; jaki hori dute ikur, eta azoka egin ohi dute udaberriko asteburu bakoitzaren atarian. Herrialdeko turismoaren erakargarri nagusietako bat da.

Hango taldea da AZ Alkmaar, eta Donostian jokatuko du gaur, Urumea ibaiaren paduran eraikitako estadio batean. Anoetak hartuko du Europa ligako hirugarren jardunaldia, eta Realeko eta AZ Alkmaarreko jokalariek gaztarik dastatuko ez badute ere, lehia bizia izango dute bestelako elikagai bat lortzeko: jokoan diren hiru puntuak. Lortuz gero, zapore oneko oturuntza izango dute.

Izan ere, Realak eta AZ Alkmaarrek elkarren aurka jokatuko dituzte txapelketa kontinentaleko hurrengo bi norgehiagokak. Napolirekin batera, aurrera egiteko borrokan dauden bi taldeak dira, eta multzokako fasea gainditzeko, erabakigarriak izan daitezke datozen bi partidak.

Herbehereetakoak lehen postuan heldu dira lehen itzuliaren akaberara. Orain artean, bi hozkada on egin dituzte bisitariek, Napoli haren zelaian menderatu eta Rijeka etxean astinduta. Hala, txuri-urdinentzat pisu berezia du iluntzeko partidak, aurkaria kate motzean lotu, eta lehia betean sartzeko. Imanol Alguacilen jokalariek irabazi egin zuten Rijekako estreinaldian, eta hutsean geratu ziren joan den ostegunean Napoliren aurka.

Realeko prestatzaileak uste du bere taldea sasoi onean helduko dela iluntzeko partidara: «Ondo prestatu dugu partida, eta ea gai garen zelaian hori erakutsi ahal izateko».

Kaleko bat eta baleko beste bat eginda, garaipena xede zelairatuko dira txuri-urdinak. Badakite hiru puntuak urre gorri liratekeela, baina ez dute nahi horrek estutzerik. Hala adierazi zuen Mikel Merino erdilariak atzoko agerraldian: «Presioa dagoen gauzarik okerrena da. Ilusioz aterako gara. Partida garrantzitsua da, berebizikoa guretzat. Irabazten badugu, urrats handia egingo dugu sailkatzeko. Betiko grinarekin zelairatuko gara, orain artean egin dugun gauza bera egiteko beste behin ere».

AZ Alkmaarrek garaipen baten ostean bidaiatu du Donostiara. Ligan lehen aldiz lortu du hiru puntuen jabe egitea, Waaljwik aise azpiratuta (3-0). Ordura artean jokatutako bost neurketatan, beste horrenbeste berdinketa eskuratu zituen Arne Sloten taldeak.

Europa ligari dagokionez, berriz, lehen postuan dago AZ Alkmaar, baina horrek ez du Herbehereetarren paparrik puztu. Alderantziz, oinak lurrean zituela azaldu zen Sloten atzo, eta aitortu zuen merezi baino sari handiagoa eskuratu dutela bere jokalariek: «Reala nagusi izan zen Napoliren aurka, nahiz eta galdu. Gure partidan, ez zuen onenak irabazi». Hala, gaurko partida «irabazteko hautagaia», Reala dela adierazi zuen.

Kontuak kontu, haiek dira orain artean ondoen moldatu direnak, jokoan izandako sei puntuak sakeleratuta, eta Imanolek azpimarratu zuen datu hori esanguratsua dela. Realeko teknikariaren arabera, «talde gaztea da, gure antzekoa. Teknikoki maila altua du, eta jokalari oso ausartak ditu. Atzean sufritzen duen taldea da, eta hor egongo da neurketaren gakoa. Baloiaren jabe izan nahi dugu».

Aritz eta Zubeldia, prest

Realak prest du jokalari multzoaren zatirik handiena gaur iluntzerako, eta, gainera, zelaietatik urrun zeudenak errekuperatzen ari da pixkanaka. Esaterako, osatu dira Aritz Elustondo eta Igor Zubeldia, eta deialdian sartu ditu Imanolek. Beasaindarrak Napoliren aurkako partidaren atarian hartu zuen min, eta Celtaren aurka ere ez zen aritu. Hausturarik ez du izan, eta erabat osatu denez, hasieratik aritu daiteke. Ohiko atzeko lerroa zelairatzeko moduan izan daitezke txuri-urdinak. Zubeldiaren kasua ezberdina da. Azkoitiarrak hilabetetik gora eman du min hartuta, eta luzeagoa izan du osatze aldia. Baliteke partida hasiera aulkitik ikustea. Jokatzen dutenek jokatzen dutela, Realak hiru puntuak eskuratu nahi ditu. Huraxe baita gaurkoan dasta dezakeen mokadurik onena. Eginez gero, lehen sailkatuak adina puntu izango lituzke sailkapenean.

REALA-AZ ALKMAAR
Reala. Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Monreal; Zubimendi, Merino, Silva; Oiartzabal, Portu, eta Willian Jose.
AZ Alkmaar. Bizot; Wijndal, Letschert, Hatzidiakos, Svensson; Koopmeiners, De Wit, Midtsjo; Karlsson, Boadu eta Stengs.
Epailea. John Beaton (Eskozia).
Lekua. Anoeta.
Ordua. 18:55 (Gol TV).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.