Aldiak aldi, Klasikoa jokoan

Iazko etenaren ostean, Donostiako Klasikoa jokatuko da gaur. Gizonezkoek 223 kilometroko bidea osatu beharko dute; emakumezkoek, 139koa. Mikel Landa osatu da, eta irteera marran izango da

Aldiak aldi, Klasikoa jokoan.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Urtemuga biribila beteko du gaur gizonezkoen Donostiako Klasikoak: 40. aldiz jokatuko da. 1981eko lehen alditik euri asko egin du, eta ez da metafora bat, gaurko ere iragarrita baitago. Ordea, zaparradarik mardulenak ere ez dio distira amiñi bat kenduko euskal txirrindularitzaren egutegian San Inazio eguna izan beharrik gabe gorriz markatuta dagoen datari. Goi mailako ziklista askoren topaleku izango dira Donostiako eta Gipuzkoako errepideak.

Kirolari saldo handia batuko da Alderdi Ederren, 11:43an abiatuko den lasterketarako. World Tour mailako hemeretzi taldeetako ordezkariak ariko dira, eta baita sei talde gonbidatu ere. Euskal taldeei dagokienez, Movistar, Euskaltel-Euskadi, Caja Rural eta Kern Pharma ariko dira.

Denera, 223 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Alderdi Ederreko lorategietatik hasita, kostaldeko brisa izango dute lagun Donostiako aldirietatik irten orduko, mendebalderako bidean. 63. kilometrotik aurrera gaindituko dituzte lehen tontorrak: Azkarateko gainaren eta Alkizako herrigunearen artean Urrakira igo beharko dute.

Beterriko errepideek lotura lanak egin ostean, Jaizkibelen eta Erlaitzen giharrak zamatu ondoren helduko dira lasterketako malda erabakigarrira: Murgil izena du. 2019an birritan igotakokoska behin igoko dute orain. Nahikoa ordurako 210 kilometro eginda dituzten txirrindularientzat. Bi kilometrora iristen ez den muino bat da —1.800 metro ditu—, baina %10,5eko gogortasuna du batez beste. Zati batzuetan %25eko aldapa du. Astuna, inondik ere.

Handik Bulebarrerako bidean lehen postuetan kokatuta dagoenak asko izango du irabazia. Multzo horretan egon nahi du Mikel Landak (Bahrain). Italiako Giroan izandako erorikoaren ondotik estreinako aldiz lehiatuko da arabarra, eta garaipenaren bila ariko direnen zakuan egon nahi du. Baita berriki Frantziako Tourrean hirugarren izan denak ere, Jonas Vingegaardek (Jumbo Visma), eta Egan Bernalek (Ineos). Zer esanik ez aurrez Donostian irabazi dutenek: Julien Alaphilippek (Deceuninck) eta Bauke Mollemak (Trek). 2018an eta 2016an gailendu ziren, hurrenez hurren.

Donostiako Klasikoa trantsizio garai betean jokatuko da. Urteko egutegia amaitzear, patxada handiagoz ariko dira batzuk; Espainiako Vueltarako prestatzen besteak. Zenbait talde ibilbidean entrenatzen aritu ziren atzo. Jumbo Vismak Miramondik ekin zion saialdiari, eta Israel Start Up Nationek, berriz, Alderdi Ederren bertan egin zuen saioaren hasiera. Bitxia izan zen Astanakoek eskaini zuten irudia; zazpikotea, Getariako Katrapuna ostatuan kafe bat hartu, eta herriko kale harritsuetan barrena ibili ziren, Flandriako klasikoetan nola.

Izen bat: Van Vleuten

Emakumezkoen lehiaketak ez du urtemuga biribilik: bigarren aldia du. 2019an jokatu zen, eta Lucy Kennedy (Bike Exchange) izan zen nagusi. Oraingoan, kilometro gehiago izango ditu ibilbideak, 139, eta lau mendate nagusi: Aia, Gurutze, Jaizkibel, eta Murgil.

Lasterketa hasi orduko igoko dute Aia, eta hura igaro orduko hautsi daiteke lasterketa: eremu egokia da ihes egiteko. Handik berriz ere Donostia aldera egingo dute txirrindulariek, eta eguneko mendaterik gogorrenei egin beharko diete aurre. Jaizkibel lehen mailakoa, eta Murgil, bigarrenekoa baina kilometroak pilatu ostean igaro beharko dutena. Baliteke bi-biek sailkapenean eragina izatea.

Lasterketa horrek badu izen propio bat: Annemiek Van Vleutenena (Movistar). Urrearen distiraz jantziko du Donostia. Joan zen asteazkenean Tokioko Olinpiar Jokoetan domina nagusia jantzi zuen, erlojupeko proban. Akaso, han pilatutako nekeak eragin diezaioke, eta azti aritu nahiko dute kontrarioek, Kennedy lehen aldiko garailea buru dutela. Ordea, zalantzarako tarte txikia uzten du Van Vleutenek. Ernai badago, huraxe izaten da izarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.