Laboaren ibilia gaur bizitzeko

Gaur hamar urte zendu zen Mikel Laboa, eta, «omenaldi modura», haren grabazio argitaratu denak kutxa batean bildu ditu Elkarrek, hamar diskotan. Emazte zuen Mari Sol Bastidak aurkeztu zuen atzo

Mari Sol Bastida, atzo, Mikel Laboaren obra argitaratu guztia jasotzen duen kutxa eskuetan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Zaila da hitzak aurkitzea. Hainbeste dira oroitzapenak, eta hain gozoak, oso zaila da hitzez azaltzea bera joan zenetik dugun hutsunea». Goibel hasi zuen Angel Valdes Elkarreko musika editoreak Mikel Laboaren lan argitaratu guztiak jasotzen duen kutxaren aurkezpena. Aldamenean zuen Mari Sol Bastida, Laboa zenaren emaztea. Hunkituta aritu zen hura ere, irri bati helduta ahal zuen guztietan. «Pertsona bizirik denean, eta publiko aurrean aritzen denean, Mikelek egin duen moduan lau hamarkada pasatxotan, lortzen du obra bere kabuz defendatzea; Mikelek hau modu sakon batean egin zuen. Baina gaur ez dago gurekin, eta zaila da bere lana mantenaraztea». Barrutik eskertuta agertu zen, hargatik, Laboaren lan guztiak batean jaso eta hala ezagutzera emateko aukeragatik. Gaurko egunez hil zen; gaur hamar urte.

Heriotzaren urteurrenak haren omenezko ekitaldiak ugaritu ditu azken egunotan, eta Valdesek bide horretan kokatu zuen Mikel Laboa: 1934-2008. Grabazio argitaratu guztiak kutxaren argitalpena ere. «Kantu guztiak biltzea eta jendearen esku uztea da gure omenaldia; baina ez gordetzeko, zabaltzeko eta ezagutzera emateko baizik». Hala, kutxa zerbait bada, «transmisiorako katebegi bat» da Valdesen begietara. Tradizioa ekartzeko zuen eragatik, «karramarro» batekin erkatu zuen Laboa gero: «Atzera begiratzen zuen; eta aurrera egiten zuen».

Ahots dardartiarekin eta tonu irmoarekin mintzatu zen Bastida; biak batean. Kutxan bildutako bederatzi diskoen eta dokumentalaren balioa nabarmenduz hasi zen. Baina, horiek baino gehiago, oharkabean igaro daitekeen elementu bat nabarmentzeko baliatu zuen aukera Bastidak: Mikel Laboa katedraren web orrira iristeko helbidea —www.mikellaboa.eus—, kutxaren atzeko aldean datorrena. Zehatzago, webeko Hemeroteka eta zenbait dokumentu atalari egin zion azpimarra: «Oso dokumentatuta dago, oso, eta uste dut badela benetan ezagutu behar den zerbait. Baita iaezer jakinda, asko jakingo balute bezala hitz egiten dutenek ere, gehixeago dokumenta daitezen». Barkamenaren hurbileko hitzak segidan: «Sentitzen dut oldarkorra izan banaiz, baina hori da uste dudana».

Lau hamarkadei begirada

1960ko urteetan abiatu, eta hurrengo lau hamarkadetan Laboak egindako bidearen «laburpen bat» egiten saiatuko zela aurreratu zuen Bastidak. Eskuz idatzitako orri pare bat zituen aurrean, zeinak apenas begiratu zituen; memoriak ekartzen zizkion irudietatik tiraka aritu zen. Laboa ikasketengatik Bartzelonara joan zen garaitik hasi zen, non «musikaren eta medikuntzaren arteko batzea» hasi zuen. «Sinesten zuen horretan, eta nik ere sinesten dut», Bastidak. Han ezagutu zituen nova cançó eta Els setze jutges mugimenduak, Ez Dok Amairuren sorreran eragin zuzena izango zutenak. Lau lan grabatu zituen garai hartan, 1964-1969 artean: «Single deitzen dituzte, baina lau disko dira, bakoitza lau kanturekin», defendatu zuen Bastidak. 1969an egin zituen beste bi kantu ere aipatu zituen:Baga Biga Higa —«Inork ez du hitz egiten honen eduki erotikoaz. Grazia egiten dit»—; eta Txoriak txori, «1970eko urteetan dagoeneko mundu guztiak kantatzen zuena». Lehen diskoa 1974an plazaratu zuen, Bat Hiru; baina aurreko hamarkadan argitaratutako kantuak ere jasota daude 60ak + 2 diskoan (2003an).

Bere ibilbideko «gailurretako bat» 1972-1979 artean erdietsi zuen kantariak, Bastidaren ustetan. «Emanaldi mordo bat ematen zuen orduan, ez soilik Euskal Herrian, frontoiak leporaino betez, baita kanpoan ere».Usurbilekin (Gipuzkoa) «harreman estua» egin zuten orduan; bi familiekin, konkretuki, Artzetarrekin eta Zumetarrekin. Jose Luis Zumetak egin zituen Laboaren diskoen azalak hasieratik, eta bera arduratu da orain kutxaren diseinua ontzeaz ere. «Beti jakin du Mikelen unibertsoa irudietara ekartzen», Valdesek ondotik.

1979tik aurrera, Komunikazioa-Inkomunikazioa-rekin biran ibili ostean, agertokietatik atsedena hartuko zuela iragartzen ari zen Laboa, Bastidaren esanetan. «Atsedena hartu nahi zuen, nola itzuli pentsatzeko».1984an itzuli zen, eta Iñaki Salvadorrekin hasi zen lanean, entzuleen artean zena atzo. «Entseguekin hasi zinetenean, oraindik ez zenituen 23 beteta, Iñaki», gogoratu zuen aratz, akorduan hartu zituen denekin egin zuen bezainbat. Laboarekin aritu ziren musikari saldoaren artean, bigarren bat nabarmendu nahi izan zuen Bastidak: Joxetxo Silguero saxofoi jotzailea. «Azkenera arte egon zen Mikelekin».

Hurrengo hamarraldia, 1990ekoa, «mugimendu handikoa» izan zela datorkio Bastidari gogora. «Ordurako jaso zituen aitortza guztiak bermatzen du jende askorengana heltzen zela». Heldu entzuleengana, eta heldu askotariko musikariengana baita ere. Gernika-Zuzenean (1999) da horren erakusgarri Bastidarentzat, Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin eta Donostiako Orfeoiarekin batera emandako kontzertua jasotzen duena.

Musika «asko» zen Laboarentzat, baina ez dena. Beste diziplinekiko lilura ere ekarri zuen Gogora Bastidak, batik bat, antzerkiarekikoa. Eta hor beste bi bidelagun: Mireia Gabilondo eta Sevillako (Espainia) Atalaya konpainia. Zinemagileekin izandako hartu-emanak ere aipatu zituen, gero eta azalekoagotik. «Ez naiz luzatuko» errepikatuz, eta esan gabe esanez, zenbat uzten zuen esateko esangabeko bakoitzaren atzean. «Hasierara itzultzen naiz: Mikel gure klasiko bat da. Bertsioek eta lan berriek osatu egiten dute; baina jatorrizkoaren ezagutzarik ez badago, ez dugu transmisiorik lortuko».

GAURKO EKITALDIAK

Mikel Laboaren heriotzaren urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Euskal Herrian gaurko. Tartean, honako hauek:

Azpeitia (Gipuzkoa)

Kontzertua: Laboa hamaika ahotsetara, herriko musikarien eskutik. 22:30ean, Sanagustin kulturgunean.

Baiona

Omenaldi ekitaldia, Euskal Museoan. Hasteko, Maialen Alfarok eta Philippe Alborren Izarren hautsa ikusgarria eskainiko dute. 18:00etan. Ondoren, Josune Albisu eta Juan Gorostidi hizlari arituko dira. Azkenik, Pantxika Erramuzpe kantari eta olerkariak musika saioa eskainiko du.

Donostia

Mikel Laboa plaza —Gorgatxo plaza izena du egun— inauguratuko dute Antigua auzoan. 11:30ean, Gaskonia plazatik abiatuko dira Mikel Laboa plazara, txistulariekin eta kantujirarekin, eta, han, Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi bertsotan arituko dira. Ainara Ortega eta Iñaki Salvador musikariak ere arituko dira zuzenean. Donostiako Zurartean txalaparta eskolak eta Luberri abesbatzak ere parte hartuko dute ekitaldian.

Urretxu-Zumarraga (Gipuzkoa)

Urretxu-Zumarragako KKinZona irrati libreak antolatuta, herriko hainbat musikarirekin elkarlanean, kontzertua egingo dute Zelai-Aristi aretoa. Mikel Laboaren abestiak eskainiko dituzte bertan: Uxue ta Triku, Isuo ta Kezman, Peru Galbete, Klak!son, Txost!, Samba Dzanga, Yonan, Zol, Veiculo Longo, Alter Ego, Hiri Galduak, Paxkal Irigoien, Narrash eta UTE & DJ Sbans. Sarrerak 5 euroan jarriko dituzte salgai, eta bildutako dirua Iparraldeko ikastolen Seaska elkarteari laguntzeko izango da.

Uztaritze (Lapurdi)

Mugak. Laboari omenaldia, Musikas elkarteak antolatuta. 10:00etan, Louis Dassance ikastolan, Juan Gorostidik Laboa flamenkoa hitzaldia eskainiko du. 15:00etatik 17:30era, ikastolako 5. urteko hainbat ikasle eta irakaslek If Matxikote artistaren laguntzaz sortutako lanen erakusketa jarriko dute Kiroletan. 18:00etan, Kiroletan ere, Musikas elkarteko irakasle eta ikasleen kontzertua. Laboaren lan moldatuak kantatuko dituzte. Beñat Axiari izan dute lagun kontzertuaren prestaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.