Albistea entzun

Talkarako espazioak

Zortzi euskal konpainia ariko dira, larunbatean hasita, dFerian, Arte Eszenikoen Donostiako jaialdian. Boterea izango da antzerki eta dantza azokaren ardatza
Ados konpainiak <em>Dublindarrak</em> antzezlanaren gaztelaniazko bertsioa emango du dFerian. Atzo lan talde ia osoa izan zen Donostian.
Ados konpainiak Dublindarrak antzezlanaren gaztelaniazko bertsioa emango du dFerian. Atzo lan talde ia osoa izan zen Donostian. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2019ko martxoak 7 - Donostia

Boterea izango da dFeria Arte Eszenikoen Donostiako jaialdiaren ardatza aurten. Boterea, haren aldaera ugaritan. Eta boterearen erabilerak ardaztuko ditu hilaren 11tik 14ra hiriburuko agertokietan taularatuko dituzten ikuskizun asko. dFeria antolatzen duten 25. urtea da aurtengoa, eta, urtemuga hori baliatuta, azoka aurreko astebururako ere antzerki eta dantza eskaintza zabala programatu dute.

dFerian parte hartuko duten konpainietatik zortzi Euskal Herrikoak izango dira, eta atzo aurkeztu zituzten Viktoria Eugenia antzokian.

DENIS SANTACANA

'SHARING HOME'
Noiz: Martxoak 9 (20:00).
Non: Gazteszenan.

'MADERA'
Noiz: Martxoak 11 (12:00)
Non: Gazteszenan.

Dantza garaikidearen eta dantza flamenkoaren artean, biek konpartituko duten eremu bat bilatzen du Denis Santacana koreografoaren Sharing Home ikuskizunak, fusiotik ihes eginez, Santacanak berak azaldu duenez: «Bat egiten duten esparrua bilatzen dugu, hain politak eta bereziak diren bi hizkuntzaren arteko komunikazioa lortzen den eremua». Santacanak berak eta Josephine Haasek dantza garaikidea ordezkatzen dute, eta Victor Fernandezek, berriz, flamenkoa. Bi mundu horien talka islatzeko Emilio Corderoren irudi diseinua eta bideoak erabili dituzte, «mugimendua deseraikitzeko». 50 minutuko obra da Sharing Home.

Madera, berriz, laburragoa da (18 minutu), eta kalean emateko sortu du konpainiak, Santacanaren beraren bizipenetan oinarrituta. Koreografoak atzerrian egin du denbora bat, eta etxera itzultzeak eragin dizkion sentipenak eraman ditu koreografiara.

ARRIAGA ANTZOKIA

'MACBETH'
Noiz: Martxoak 10 (20:00)
Non: Viktoria Eugenia antzokian.

Azaroan ikusi zuen argia Bilboko Arriaga antzokiaren ekoizpen honek euskarazko bertsioan, eta dagoeneko hamar bat emanaldi izan ditu euskaraz nahiz gaztelaniaz. dFerian, hain zuzen, gaztelaniaz emango dute.

Alex Gerediagak zuzendu du antzezlana, Arriagak egindako enkargu bati erantzunez, eta, azaldu duenez, William Shakespeareren obraren «bertsio partikularra» egin nahi izan du. «Istorioa eta testuak errespetuz hartuta, obra sintetizatu egin dugu, eta gure eremura eraman». Mikel Losada eta Miren Gaztañaga dira obrako interprete nagusietakoak, eta horietako lehenak adierazi duenez, «erronka bat» izan da aktoreentzat. Izan ere, obra ikus-entzunezkoek laguntzen dute, eta horietarako ere lan egin behar izan dute, zinemarako ariko balira bezala. «Kode zinematografikoak eta eszenikoak elkarren ondoan jarri ditugu. Eta Shakespeareren obran lantzen diren gaiak gure unibertsoarekin uztartu ditugu». Gerediagak aitortu duenez, Macbeth-en gainean egin diren hainbat egokitzapen zinematografiko ikusi ditu: Orson Wellesena, Akira Kurosawarena, Roman Polanskirena... eta horiek lagundu diote obra sintetizatzen, «batez ere Wellesen bertsioak».

AMAIA ELIZARAN

'BLOCK'
Noiz: Martxoak 11 (12:00).
Non: Gazteszenan.

Amaia Elizaranek iazko maiatzean estreinatu zuen Block koreografia, eta hainbat plazatan eman zuen udan. Elizaranek berak eta Leire Otamendik parte hartzen dute saioan, eta biek azaldu dutenez, blokeoei buruzko koreografia da,«blokeo pertsonalei nahiz elkarrekikoei buruzkoa». Hain zuzen ere, hasieran bakarkako piezak egiten dituzte, eta gero elkartzen doaz bi dantzariak. Saioak hamabost minutu irauten du, eta musika, berriz, Lander Zalakainek (Belako) idatzi du.

LARUTAN

'OUT OF THE BLUE II'
Noiz: Martxoak 11 (14:30).
Non: Kutxa Kultur. Tabakalera.

Ezer bilatzen ez denean aurkitzen dena. Ezerezetik sortzen dena. Hori da LaRutan konpainiaren Out of The Blue II koreografiaren oinarria. Sortu ere hala sortu zen. Maria Andres zuzendari, koreografo eta dantzaria eta Denis Martinez dantzaria antzezlan bat prestatzen ari zirela, etenaldietan, inprobisatzen hasi ziren, dantzan, eta horietan oinarrituta sortu zuen Andresek lehendabizi Out of The Blue eta gero Out of The Blue II. Obraren arduradunek azaldu dutenez, lanak gorputz hizkuntzari garrantzi handia ematen dio, eta ikuslea hunkitzea du helburuetako bat. Bi dira dantzariak, eta bien arteko kolaborazioak nahiz talkak ardazten dute 11 minutu irauten duen obra.

VAIVEN

'EL ENJAMBRE'
Noiz: Martxoak 11 (18:30).
Non: Antzoki Zaharra.

Uztailaren 18an estreinatu zuen Vaiven konpainiak Erlauntza antzezlana Donostian, eta gaztelaniazko bertsioarekin ariko da, oraingoan, Gipuzkoako hiriburuan. Antz3rkiz programaren barruan aukeratu zuten Kepa Errastik idatzitako testua, eta Vaivenek ekoitzi du Donostiako Viktoria Eugenia, Bilboko Arriaga eta Gasteizko Principal antzokiekin batera. Antzezlanak kontatzen du nola txikitako sei lagun elkarrekin joango diren landetxe batera haietako baten ezkon-aurreko agurra ospatzera. Asteburu eroa izan behar zuen horretan, ordea, lagunen arteko ezinegonak azaleratuko dira. «Komedia bizia da, eta malkoak nahiz barreak baimenik eskatu gabe uztartzen dira», adierazi du Ana Pimenta Vaiveneko zuzendariak. Naiara Arnedo, Itziar Atienza, Getari Etxegarai, Aitzier Garmendia, Leire Ruiz eta Sara Cozar dira obrako interpreteak, eta azken horren arabera, «obrak sentimenduei buruz hitz egiten du, adiskidetasunaz, beldurrez, egiaz eta sekretuez».

BOROBIL

'ROMAN ETA JULIETA'
Noiz: Martxoak 11 (20:00) eta 12 (10:00).
Non: Intxaurrondoko kultur etxean.

Borobil taldeak Azpeitiko antzerki topaketetan estreinatu zuen Roman eta Julieta, azaroan, eta oraingoan, euskaraz emateaz gain, gaztelaniazko bertsioaren estreinaldia ere egingo du.William Shakespearen Romeo eta Julieta-rekin jolastuz, iktus bat izan zuen gizonezko edadetu baten eta hura zaintzen duen emakume gazte etorkinaren arteko harremana kontatzen du. Gizonezkoaren seme-alabek, baina, ez dute begi onez ikusiko harreman hori. Anartz Zuazuak zuzendu du obra Iñaki Rikarteren testu bat oinarri izanda, eta Jose Ramon Soroiz, Tanya de la Cruz eta Ainhoa Aierbe ditu aktoreetako hiru. Zuazuaren iritziz, eszenografiari dagokionez, konpainiaren estiloari fidel izaten saiatu dira, eta objektu gutxi batzuekin hainbat espazio irudikatu dituzte. Obrak, bestalde, zaintzaz hitz egiten du. «Komedia tragiko bat da», zehaztu du zuzendariak. «Komedia nirekin bat dator, eta honek emozioz beteriko bidaia proposatzen du».

KUKAI DANTZA

'ERRITU'

Noiz: Martxoak 11 (20:30).

Non: Viktoria Eugenian.

Joan den urtean hasi zen Kukai dantza konpainia Erritu lantzen, eta, orduz geroztik, pieza «asko» hazi da, Alain Maia taldeko kideak adierazi duenez. Sharon Fridmanekin landu du obra Kukaik, eta izenburuak adierazten duen moduan, bizitzako errituak ditu ardatz. Nerea Vesgak, Eneko Gilek, Izar Aizpuruk, Alain Maiak, Ibon Huartek eta Urko Mitxelenak dantzatzen dute ikuskizunean, baina Mitxelena da guztien artean protagonismo handiena duena. «Oso rol indartsua da. Hasieratik amaierara. Fisikoki asko eskatzen duena. Hustu egiten naiz, baita emozionalki ere».

ADOS TEATROA

'DUBLINESES'

Noiz: Martxoak 13 (20:00).

Non: Viktoria Eugenian.

James Joyceren Dublindarrak ipuin bilduman oinarritutako antzezlana da. Zehazki, Hildakoak narrazioan, nahiz eta pertsonaia batzuk beste ipuin batzuetatik atera dituzten. 1904ko Errege Egun bezperan Dublinen girotua, afari baten bueltan biltzen diren pertsonaiak ditu protagonista, eta garaian puri-purian zeuden hainbat gatazkaz ari da. «Amaitzen ari den mundu bat eta sortzera iristen ez den bat jartzen ditu talkan», Jose Antonio Vitoria obraren egokitzaileetako batek azaldu duenez. Afari horretan elkartuko dira tradizioen zaintzaileak, sufragista bat, Irlandaren independentzia aldarrikatzen duen lehengusu mozkortia, familiaren erreferentea eta bere emaztea... Asier Hormaza, Naiara Arnedo, Lierni Fresnedo, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal, Isidoro Fernandez, Ion Sagarzazu eta Asier Sotak gorpuztu dute etengabeko talkan dagoen mikrokosmos hori.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ahomentan: Agertoki berri baterako lanak

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Joxean Muñoz Otaegi eta Amagoia Gurrutxaga Uranga, Donostian. ©Maialen Andres, FOKU

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Hazia musikaleko dantzariak, entseatzen, Errenteriako Dantzagunean (Gipuzkoa). ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Kooperatiben aitzindariaren fruitua

Andoni Imaz

Gontzal Mendibil musikariak Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatiben sustatzailearen bizitza kantu bihurtu du, 'Hazia' musikala sortzeko. Datorren irailaren 17an estreinatuko dute, Arrasaten.

'Orelhas' irudia. ©Alex Rozados.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...