Ia 200 ekitaldi hiru egunetan

Donostiako Olatu Talka jaialdiak askotariko arte adierazpenez beteko ditu hiri erdigunea eta auzoak asteburuan. Hamargarren urtemuga du aurten, eta 2.000 lagunek hartuko dute parte ekintzetan

Atzo egin zuten aurtengo jaialdiaren aurkezpena, Donostiako Cervantes plazan. Instituzioetako ordezkariak eta hainbat parte hartzaile izan ziren. A. CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
«Kultura kalera ateratzea, parte hartzea sustatuta». Hori da Eneko Goia Donostiako jarduneko alkatearentzat Olatu Talkak hiriari egiten dion ekarpena. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren karietara sortu zen jaialdia, hamargarren ediziora heldu da aurten, eta ia 200 ekitaldiko egitarauarekin ospatuko du urtemuga asteburuan. Orain arteko bideak eemandako argazkien erakusketa bat prestatu dute Alderdi Ederren, eta horrek emango dio jaialdiari hasiera, ostiral arratsaldean. Horrekin abiatu, eta, igandera bitarte, hiri erdigunean zein auzo askotan izango dira ekitaldiak. Denera, 2.000 lagun inguruk hartuko dute parte horietan. Dantza, arte plastikoak, musika, zientzia... askotariko arte diziplinei lotutako ekintzak bilduko ditu. Jon Aizpurua jaialdiko zuzendariaren hitzetan, kultura «zentzu zabalean» ulertzen baitu Olatu Talkak. Horren erakusgarri, eta aurreko edizioetan hasitako bidetik, festibalak ingurumenarekin duen lotura berretsi du Aizpuruak. Aurten, zehazki, itsasoaren eta hondartzen zaintzan jarri dute fokua egitaraua prestatzean.

Dagoeneko «klasiko» bihurtu diren egitasmoei eutsi diote edizio berrian: Kontxa Gaumarket—gauerdira arte irauten duen postu txikien merkatua—, eta Kontzertour, besteak beste. Kontzertourren 50 musika emanaldi izango dira aurten, eta horietatik hamasei DJ saioak izango dira, estreinakoz. Cervantes plazan, Kaian, Kontxako arkupeetan, Zurriola pasealekuan, Nautikoan eta Añorgako plazan izango dira agertokiak.

300 proposamen inguru jaso dira aurten, eta hainbat berrikuntza ekarriko dituzte: Argi Artean jaialdia da horietan nabarmenenetako bat. Argia paisaiarekin, arkitekturarekin eta herritarrekin harremanetan jarriko duen ekintza izango da, zortzi argi instalazioz osatua. Iban Zabaleta ekintzaren sustatzailearen arabera, «formatu abangoardistenak» uztartuko ditu, ikus-entzunezkoak, musika eta poesia baliatuta. EHUko Arkitektura Fakultateko ikasle eta irakasleek eta Tabakalerako Hirikilabseko kideek sortu dute, eta Ikerne Gimenez arduratu da zuzendaritza artistikoaz. Ostiral gauean erakutsiko dute, Oroimenaren Lorategian. Beste jaialdi bat ere estreinatuko dute aurten: reggae musikaren Ondarreggae jaia, Ondarretako hondartzan, larunbatean.

Igandean jaialdia itxiko duen ekintzari ere egin dio azpimarra Aizpuruak. Boga! deitu dute, eta adin askotako abesbatzak elkartuko ditu: ehun lagunek hartuko dute parte, itsas munduaren inguruko euskal kantutegia hartuta. Easo abesbatzako Gorka Mirandaren hitzetan, «itsasoari abesteko bainoago, itsasoarekin batera abesteko» aukera izango da. Aquarium kanpoaldean izango da kontzertua, eta, modu horretan, «espazio berrien bilaketan» alea jarriko duela ere erantsi du Mirandak. «Ekintza artistiko txiki batek egunero oharkabean igarotzen duzun espazio bat alda dezake, eta hau ere aurrerantzean kontuan hartzeko moduko leku bat bihur daiteke».

Jaialdiez gain, hitzaldiak, tailerrak, antzezlanak, zinema emanaldiak eta bestelako formatuko ekintzek osatuko dute egitaraua. Aurten, hamargarrena izanik, Kontxako erlojuetatik portura bitartean jarriko dituzten agertokiei eman diete garrantzia; horiek osatuko dute egitarauko «ardatza».

'Hiria egin' leloari eutsita

Auzo askotan gune bat izango du Olatu Talkak. Loiolan, esaterako, kaleko arteari lotutako esku hartzeak egingo dira, larunbatean, egun osoz. Tartean, Marcos Navarro artistak auzoan margotzen ari den mural handia bukatuko du jaialdiaren barruan.

Ahalik eta arte adierazpide gehiena gurutzatzeko nahiarekin batera, adin guztiengana heltzeko asmoa berretsi du Olatu Talkak. Hala, haurrentzako ekintzen artean, Jolas Kraterra izango da igandean, Ametzagaina parkean; artea, jolasa eta hezkuntza lotuko dituzte.

Beste urte batez, Hiria egin leloa mantendu du Olatu Talkak; kultura «hiria egiteko» tresnatzat ulertuta.

Egitarauaren gaineko xehetasunak izateko,jo webgune honetara: www.olatutalka.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.