Auzolanaz berpizturiko EHZ

Bihar hasi eta igandera arte, Euskal Herria Zuzenean festibala jasoko du Irisarrik. Musika eskaintza zabalaz gain, bestelako diziplinetako ikusgarriak eta eztabaidak ere proposatuko ditu jaialdiak

Niña Coyote eta Chico Tornado larunbatean ariko dira Euskal Herria Zuzenean jaialdian. JOSETXO PEREZ.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da EHZ Euskal Herria Zuzenean festibala, Irisarriko plaza inguruan (Nafarroa Beherea). Bihar irekiko ditu ateak eta bideak. Bideak, gazte talde berri batek hartu baitzuen, joan den irailean, festibala bizirik atxikitzeko engaiamendua. Geroztik, gogor ari izan dira lanean hiru eguneko hitzorduaren prestatzen, bihar hasi eta igandera arte iraunen baitu festibalak. «Auzolanaz berpiztu». Lelo hori hautatu dute aurtengo edizioarentzat. Hitzetatik ekintzetara, azken hamar egunotan Irisarri inarrosi dute hainbat antolatzaile eta laguntzailek. Dena prestatua dute, bihar jardunaldiak hasi ahal izateko.

Montauk bandak eta diskoa plazaratu berri duen Diabolo Kiwi funk musika taldeak joko dituzte festibaleko lehen notak. Laukote horren ondotik, besteak beste, Izaki Gardenak, Gari & Maldanbera eta Madeleine musika taldeak entzuteko parada izanen da jaialdian. Bestalde, festibalaren eduki politikoari loturik—horren barruan migrazioaren gaia jorratuko dute—, Transe en Danse Belgikako dantza konpainiak aste osoan hamabi etorkinekin eramaniko proiektua taularatuko du. Euskal Herrian bizi diren hamabi parte hartzailek landua izanen dute ikusgarri artistikoa, bakoitzak bere ekarpena eginez; musika, dantza, antzerkia, kantua eta bideogintza ere landuz, beti migrazioaren gaiaren inguruan.

Biharamunean, larunbatarekin, EHZk garrantzi berezia emanen dio eztabaida guneari, han izanen baitira hitzaldi eta tailerrak egun osoan zehar. Bost gai hautatuak dituzte, eta horien inguruan hausnartzera bultzatu nahi dituzte parte hartzaileak; migrazioa, besta eta militantzia, G7, feminismoa eta auto-antolaketa. Gogoeta aldi horretan parte hartzeko urririk izanen dira sarrerak, eta denak iraganen dira plazan kokatua den Ospitalea etxean. Anartean, plazan izanen dira beste hainbat animazio, hala nola, Irisarriko dantza taldearen ikusgarriaz gain, bertso poteoa, Toi D'abord zirku konpainiaren ikusgarria, baita Anari eta The Very Small Orquestra taldeen kontzertuak ere. Pentzeko eszenan izanen diren emanaldiekin segituko du gaualdiak, han ariko baitira Rodeo, Pelax, Niña Coyote eta Chico Tornado, eta baita Old School Funky Family ere. Azpimarragarria da, beraz, aurtengo edizioan musika talde gehienak Euskal Herrikoak direla.

Igandean, azken egunean, berriz, egitarau aberatsa antolatu du EHZk. Goizetik plazan izanen dira erraldoiak, zirkua, txarangak, baita Ibil Bedi taldearen kontzertu bat ere. Arratsalde hastapenean, Transe en Danse eta hamabi etorkinen ikusgarria aurkeztuko dute bigarren aldiz, Ospitalean. Pentzeko eszenan hainbat kontzerturekin bukatuko da festibala, Oihaneko Zühainetan, Ray Fernandez, Broken Brothers Brass Band, Willis Drummond eta Iseo&Dodosoundekin.

Bestalde, hiru egunetan euskal preso batzuek eginiko lanak izanen dira erakusgai, Ospitalean; Lorentxa Beyrieren obra tindatuak eta Zigor Merodio, Alaitz Areitio eta Jon Troitiñoren eskulturak, bertsoekin uztartu dituztenak. Leku berean, liburutegi txoko bat izanen da. Gainera, igande eguerdian zikiroa zerbitzatuko dute, Airoski gelan.

Horrela, Irisarriko plaza elkar ezagutzeko, hausnartzeko eta sortzeko lekua izatea dute xede, beti auzolanaz berpiztuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.