Bineta, marko barruan

Nafarroako Komikiaren X. Azoka abiatu da; aurten, Iruñean ez ezik, Tuteran ere egingo da. 'Artea komikian' erakusketa zabaldu dute, eta 'Zart' komikia argitaratu

Asier Mensuro Nafarroako Komikiaren Azokan irekitako Artea komikian erakusketari buruzko azalpenak ematen. Bera da komisarioa. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Orriak ez dira binetendako espazio bakarrak. Museoak ere izan daitezke. Eta badira. Izan ere, pintura eta komikia «senideak» dira, eta «elkarri eragiten diote». Hala uste du Asier Mensuro Artea komikian erakusketako komisarioak. Atzo azaldu zuen harreman hori, Iruñean, Nafarroako Komikiaren X. Azoka inauguratzeko egindako prentsaurrekoan. Museoek editatutako komikiak eta komikira eramandako artelanak erakusten ditu Kondestablearen jauregian paratu duten erakusketa horrek. Erakusketa gehiago izanen dira hilabete iraunen duen azoka horretan, baita tailerrak eta artista gonbidatuak ere.

Hamargarren aldia du azokak, eta urteurrena baliatu dute ingurua zabaltzeko: aurten, Iruñean ez ezik, Tuteran (Nafarroa) ere antolatu dituzte jarduerak. Gainera, Zart argitaratu dute, 30 komikigileren lanak biltzen dituen metakomikia. Hala deitu diote, istorio guztiak komikiari buruzkoak baitira. «Gure komiki propioa argitaratzea pentsatu dugu, ez baitzegoen modu hoberik urtemuga ospatzeko. Egon behar zuten artista guztiak daude: badira 70eko urteetan lanean ari zirenak eta egile berriak», azaldu zuen Alberto Rodriguez Tiza elkarteko kide eta azokako antolatzaileak.

Azokak hiru hanka ditu: erakusketak, artista gonbidatuak eta tailerrak. Gonbidatutako artista guztiek haien erakusketa izanen dute, eta publikoarekin solasaldiak eginen dituzte. «Bilkura horiek dira azokaren atal garrantzitsuenetako bat, egileek eta irakurleek bat egiten dutelako. Hor sentitzen dugu azoka inoiz baino gertuago», esan zuen Rodriguezek. Aurten gonbidatutako artistak hauek dira: Paco Roca, Sandra Uve, Max, Agustin Ferrer Casas, Laura eta Carmen Pacheco, Flavita Banana eta Belatz. Azken biak Tuteran izanen dira.

Ikasleei bideratutako tailerren garrantzia ere azpimarratu zuen Rodriguezek: «Komikia lantzeko modurik onena txikitatik hastea da. Agian hamar urte barru hemendik pasatutako norbaiten lanak ikusiko ditugu pareta hauetan zintzilik». Iaz 1.700 ikaslek baino gehiagok parte hartu zuten, eta 22.751 lagun joan ziren azokara, Iruñeko Udalaren datuen arabera. «Azoka hau erabat errotua dugu dagoeneko: udaren bukaeran, iruindarrak eskaintza arrakastatsu eta fresko honen esperoan egoten gara», esan zuen Maria Garcia-Barberena Iruñeko Kultura zinegotziak. Ezohiko azoka bat dela gogorarazi zuen Rodriguezek: «Ez da erraza horrelako azoka bat egitea: ez dago salmenta azokarik, luzea da, autoreei buruzkoa da, eta dena dohainik eskaintzen da».

Mihisetik binetara

Azokako jarduera gehienak Iruñean izanen dira: Kondestablearen jauregian eta Civican zentroan. Lehenbizikoan dago Artea komikian erakusketa. Duela hiru urte aurkeztu zen, Madrilen, Telefonica fundazioaren eskutik, baina, orduz geroztik, aldatu egin da. Izan ere, komisarioak etengabe egiten du lan hura berritzeko. Azkenengo berritasunak uztailekoak direla azaldu zuen Mensurok.

Museoak eta komikia, komikiak eta museoa. Horren bueltan eraiki du 70 artista baino gehiagoren obra biltzen dituen erakusketa. Bi aretotan banaturik dago: lehenbizikoan, museoek argitaratutako komikiak ikus daitezke. Komisarioak azaldu zuenez, Pariseko Louvre izan zen komiki bilduma bat sortzen hasi zena, baina dagoeneko museo askotara zabaldu da fenomenoa. «Komikiari plaza hori hartzea falta zitzaion», aipatu zuen Mensurok. «Komikia abangoardiako artea da, museoetan ere sartzen ari dena. Etorkizuneko lengoaia ederra da, aukera asko eskaintzen dituena». Erakusketan ageri diren bildumak Louvre, Prado, MNAC, Georges Pompidou, Orsay eta IVAM museoenak dira. Horri buruz hitz egiteko, Fabrice Douar Louvreko editore zuzendaria etorriko da Iruñera, baina data zehaztu gabe dago oraindik.

Bigarren aretoan, egileak dira museoetan dauden obrei begira jarri direnak. Margolariei egindako omenaldiak dira: batzuetan obra baten bertsioa eginez, beste batzuetan obra horiek komikietan nolabait txertatuz, edo egileak berak binetetan sartuz. Gainera, Telefonica Fundazioaren arte bildumako obra kubisten komiki bertsioak ere ikusi daitezke.

Erakusketa gehiago ere badira. Francis Bartolozzi (1908-2004) izanen da azokako izen garrantzitsuetako bat. Emakume hori izan zen Nafarroan komikia egin zuen lehenbiziko pertsona, eta haren obrari buruzko mahai ingurua eginen dute urriaren 5ean. Hari buruzko atzera begirako erakusketa ere badago. Rodriguezek eman zituen azalpenak: «Aitzindari bat da. Haren lan piktorikoaz asko hitz egin da, baina ez hainbeste haren komikiari buruz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.