Ekainaren 17tik 30era ebatziko da

ACB ligaren azkeneko fasea Valentzian jokatuko da; han izango dira Bilbo Basketek eta Baskonia. Bi multzotan banatutako hamabi talde ariko dira nor baino nor gehiago

Bilbo Basketeko eta Baskoniako jokalariak, nor baino nor gehiago, Miribillan jokatutako derbian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun

Valentzian jokatuko da azkenean. Eta ekainaren 17tik 30era. ACB ligak aukeratu du non eta noiz jokatuko den titulua erabakitzeko azken fasea. Ekainaren 17tik 26ra multzokako kanporaketak jokatuko dituzte; ekainaren 28an, finalerdiak izango dituzte; eta ekainaren 30ean, ezohiko liga bukatzeko ezohiko finala.

 

Igandera arte zuen ACBk erabakia hartzeko epea, baina, atzo egindako bilera telematikoaren ostean, aurreratu egin zuen. Hamar ziren azken fase hori antolatzeko hautagaitzak aurkeztu zituzten hiriak; tartean zegoen Iruñea. Nafarroa Arenean jokatzea nahi zuen udalak. Baina, azkenean, Valentziaren alde egin du ACBk. Nahiz eta hainbat hautagaik zalantzak azaldu dituzten aukeraketaren inguruan, Valentzia konfinamendua arintzeko neurrien lehen fasean dagoelako egun. Baina ACBk berretsi du «osasun baldintzak eta eskakizunak» kontuan hartu dituela, eta horiek bete egiten dituela: COVID 19rik gabeko erietxe bat izatea, ZIUetan gutxieneko ohe kopuru zehatz bat izatea...

Kirol azpiegiturei dagokienez, eskatutako baldintzak ere betetzen ditu, Fonteta pabiloiarekin eta L'Alqueriako kirol gunearekin. L'Alqueriak sei pista ditu taldeek entrenatzeko. Guztiek txapelketa hasi baino astebete lehenago egon beharko dute Valentzian.

Lehiaketa eredua duela aste batzuk adostutakoa izango da. Liga eten zenean lehen hamabi postuetan zeuden taldeek jokatuko dute. A multzoan egongo dira bi euskal taldeak, Kirolbet Baskonia eta Retabet Bilbo Basket. Multzoa osatutako duten beste lau taldeak hauek izango dira: Bartzelona, Iberostar Tenerife, Unicaja eta Joventut. B multzoan izango dira Real Madril, Zaragoza, Andorra, Valentzia, Burgos eta Kanaria Handia.

Multzo bakoitzeko taldeek elkarren aurka jokatuko dute. Finalerdietan, A multzoko lehen sailkatuak B multzoko bigarren sailkatuaren aurka neurtuko ditu indarrak; eta, B multzoko lehenak A multzoko bigarrenaren kontra. Garaileak finalean ariko dira nor baino gehiago. Guztira, 33 partida izango dira, eta bi astean jokatuko dira. Txapeldunak zazpi partida jokatuko ditu hamalau egunean.

Baskoniak eta Bilbo Basketek maiatzaren 13an hasi zituzten entrenamenduak. Hasieran, bakarka ekin zioten, eta, aste honetatik, jada taldean ari dira lanean, baina kontakturik gabe.

Liga eten zenean, Bilbo Basket bosgarren zegon sailkapenean, hamalau garaipen eta bederatzi porrotekin. Atzo BERRIAri emandako elkarrizketan, Alex Mumbru entrenatzaileak txapelketa ereduaren inguruan duen iritzia azaldu zuen:«Gustatzen zait, Koparen itxura duelako, eta zaleentzat erakargarria delako. Baina jokalarientzat partida asko lirateke, eta horrek sekulako nekea eragingo lieke. Etxean egon dira mugitu ezinda, eta oraingo prestaketa denboraldi-aurre bat da, baina sasoi barruan».

Aurreko sasoian igo eta gero, sasoi aparta egiten ari zen Bilbo Basket. Espainiako Koparako sailkatu zen, eta, besteak beste, Euroligan parte hartzen ari ziren lau taldeei irabaztea lortu zuen liga erregularrean: Real Madrili, Bartzelonari, Valentziari eta Baskoniari.

Erakutsi duen izaera lehiakorrari eta langileari eustea izango dute erronka, eta ikusteko dago nola eragingo dien Axel Bouteilleren faltak. Hegalekoa taldeko izarra zen orain artean, partidako batez beste 17,7 puntu lortuz. Baina Unicajak fitxatu zuen.

Vildozaren itzulera

Baskoniaren kasuan, gorabeheraz betetako denboraldia izana zuen ordu artean. Velimir Perasovic kargutik kendu, eta berriro ere Dusko Ivanovici eman zioten Gasteizko taldea zuzentzeko aginte makila. Teknikaria buelta ematen ari zen egoerari, eta Baskonia kanporaketak jokatzeko postuetan zegoen berriro, zortzigarren, hamabi garaipen eta hamaika porrotekin.

Ivanovicek argi adierazi zuen duela egun batzuk: «Liga irabazi nahi dugu. Horretarako ari gara lanean». Prestatu duten azken fasea «arraroa» izango dela nabarmendu zuen. «Kopa luze moduko bat izango dela uste dut. Bi multzoak oso antzekoak dira, talde handiak gara guztiak». Hala, partida «zail eta oso exijenteak» espero ditu. «Edozeinek izango du irabazteko aukera, eta ez diegu aurkariei erreparatu behar, baizik eta ure lanari. Etenaren aurretik genuen sasoia berreskuratzen badugu, gure aukerak izan ditzakegula uste dut txapeldun izateko».

Denbora luzerako min hartuta zituen hiru jokalarietatik, Luca Vildoza baino ez du berreskuratuko Ivanovicek. Ezusterik izan ezean, Jayson Granger, eta Patricio Garino ez dira garaiz iritsiko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.