Donostiako 68. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Amatasunak lotutako bizitzak

Naomi Kawaseren 'Asa ga kuru / True Mothers' lanak itxi du Sail Ofizialeko lehia. Filmean, zuzendari japoniarrak haur bat adoptatzen duen bikotea eta hura adopzioan eman duen neska gaztea elkartu ditu

Naomi Kawasek ezin izan du Donostian egon, eta bideokonferentziaz mintzatu zen bere filmaz, atzo. JUAN HERRERO / EFE.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Dokumentalak, fikziozko filmak nahiz bi generoen arteko mugak lausotzen dituzten lanak ondu ditu Naomi Kawasek bere ibilbidean. Amatasunaren gaia maiz aztertu izan du haietan, Tarachime (2006) lanean, kasurako. Donostiako Zinemaldiko publikoak ere ezagun du zuzendari japoniarraren ezaugarri hori. 2010ean, Sail Ofizialeko lehian erakutsi zuen Genpin dokumentala, Japoniako klinika bateko haurdunen gogoetak, bizipenak eta erditzeak agertzen zituena. Duela bi urte, Vision lan poetikoa aurkeztu zuen lehiara, eta filmeko protagonista ama lurra, natura zen arren, amatasunari ere begiratu zion zeharka, modu sinbolikoago edo kriptikoago batean. Oraingoan, adopzioaren errealitatea aztertuz heldu dio auziari, eta amatasunaren aurpegi ezberdinak erakutsi ditu Asa gu kuru / True Mothers lanean. Cannesko jaialdiak hautatu zuen Kawaseren filma, eta lan horrek itxi du Urrezko Maskorrerako lehia.

Guraso izateko zailtasunak dituen bikote batek adopzioaren aldeko hautua egingo du filmean. Elkarte batera joko dute horretarako; elkarte horrek laguntza ematen die nahigabeko haurdunaldiak izan, seme-alabez arduratu ezin eta adopzioan ematen dituzten emakumeei. Asato jaio eta berehala hartuko du semetzat bikoteak, eta mutikoaren ama biologikoa ere ezagutuko du une horretan, 14 urteko neska bat.

Narrazioan atzera eta aurrera eginez erakusten du filmak emakume bakoitzak amatasuna nola bizi duen. Eta horretan, bestelako auzien gainetik, lotura emozionalek duten indarra nabarmendu du zinemagileak: «Amami Oshima uhartean daude nire jatorriak. Osaba bat nuen han, eta beti esaten zuen amaren maitasuna dela mundua salba dezakeen gauza bakarra. Zirrara sortu zidan esaldi horrek. Horregatik itzultzen naiz nire filmetan, behin eta berriro, amatasunaren auzira», adierazi zuen atzo, bideokonferentziaz.

Vision filmean gaira hurbiltzeko modu ezberdina jorratu zuen, eta lan bakoitzaren abiapuntuan bertan dago arrazoia, Kawaseren hitzetan: «Aurreko filmaren jatorrizko gidoia nirea zen. Nire sorterriko basoetan, Nara eskualdean grabatu nuen; askoz ere garrantzi handiagoa zuten naturak eta giza izaerak, eta tonu filosofikoagoa zuen». Oraingoan, baina, nobela bat hartu zuen oinarri filma ontzeko, Mizuki Tsujimuraren izen bereko eleberria. Eta testuari leiala izaten saiatu dela azaldu zuen.

Filmean landu ez duen alderdi bat den arren, umearen begirada izan zen liburutik gustukoen izan zuena. «Ni neu adoptatua naiz, eta nire bizipenekin bat zetorrela iruditu zitzaidan. Jakin badakit haur bat heztea ez dela baliabide ekonomikoen edo odolezko loturen araberakoa; elkarbizitzaren eta maitasunaren bidez eraikitzen dira gurasoen eta seme-alaben arteko loturak». Eta gehitu zuen: «haurrak duen argi bereziari esker bi amak elkartzea» lortzen duela dela jatorrizko testutik gehien interesatu zitzaiona.

Pelikulan bi amek elkar ezagutzen badute ere, errealitatean hori ez dela ohikoa izaten iritzi zion, ez Japonian, ez beste herrialde gehienetan ere. Baina aukera hori ematen duten gobernuz kanpoko erakundeak ere badirela gehitu zuen. Haur bat adopzioan hartzeko eskakizunen artean, bikotekideetako batek etxetik kanpo lan egiteari uko egin behar diola agertzen du pelikulak, eta jakintzat jotzen du emakumeak egingo duela uko hori. «Nire herrialdean segurutzat hartzen da ama askoz ere prestatuago dagoela umearen ardura hartzeko. Eta, istorioa Japonian garatzen denez, naturalagoa iruditu zitzaidan hala agertzea».

Oroitzapenen katea

Bi amen bizipenak eta beren jokabideen arrazoiak azaltzeko, denboran atzera eta aurrera egiten du kontakizunak. Joan-etorri horiei buruz mintzatzeko, flashback hitza erabili ordez, Kawasek nahiago du oroitzapenaren ideia baliatu. «Flashback-ak izan daitezkeen baino zerbait subjektiboagoa da. Pertsonaien oroitzapenak kateatuz eraiki nahi izan dut filma».

Hala, bi amen rola jokatu duten aktoreen lana goraipatu zuen zuzendariak. Hiromi Nagasaku sartu da umea adopzioan hartu duen amaren larruan: «Ama izatea lortu du, baina tristezia ezkutu bat du barnean, eta uste dut alderdi hori bikain adieraztea lortu duela». Umea adopzioan eman duen ama gaztearen rola Aju Makitak bete du. «16 urte zituen filmaketan, eta, eskarmenturik ez bazuen ere, ederki agertu du pertsonaiari maite duen semeaz bereizi beharrak sortzen dion tristura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.