Espainiako Kopako finala

Debekatua beste bat galtzea

Athleticek 25. aldiz irabazi nahi du gaur Espainiako Kopa, eta, horretarako, Bartzelonari irabazi beharko dio Sevillan. Azkenekoz 1984an lortu zuen, eta ordutik jokatu dituen lau finalak galdu egin ditu

Iker Muniain eta Leo Messi, Athleticeko eta Bartzelonako kapitainak, Cartuja estadioan, atzo, kopa atzean dutela. ESPAINIAKO FUTBOL FEDERAZIOA.
Aitor Manterola Garate.
Sevilla
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Finalak jokatzeko al dira? Bai, baina epaileak txistua jo aurretik. Jokalariak baloia soropilean batera eta bestera mugitzen hasten direnean, beste gauza baterako dira finalak: irabazteko. Jokatu eta irabazi. Irabazteko jokatu. Historiak ahaztu egiten ditu finalak galtzen dituztenak; txapeldunak ez. Hala ere, bada egoera bat zeinetan historiak ez duen ahazten finalera heldu dena: hainbatetan heldu azkeneko partidara eta ia beti galdu egiten duena. Zein talde da hori Espainiako Kopan azkenaldian? Athletic. Horregatik, gaur, marra gorria jarri behar du paper zuriaren gainean; gehiago ez. Final bat gehiago ere ezin du galdu.

Informazio osagarria: Bihotzerrea sendatzeko bi hamaikako.

Galdu ditu lau azken hamabi urteetan. Azkenekoa, duela bi larunbat. Aurreko guztiak gaurko aurkari beraren aurka galdu ditu: Bartzelona. Bada ordua historiari ostikada bat emateko. Debekatua behar luke izan gaurkoa beste final bat gehiago izatea.

Irabazteko, irabaztera jokatu behar da, eta irabaztera jokatzeko, sinetsi egin behar da lehendabizi. Zergatik ez gaur, finaletan gozatzea zerbait ia utopikoa dela kontuan hartuta? Normalean, ohiko jokoa egin ezin izaten den partida izaten da finala. Aurkariak elkar ondo aztertuta aritzen dira, kasik bestearen indargunea hausteari garrantzia handiagoa emanez norberak garaipeneko bidea irekitzeari baino. Irabazlea irabazlea izaten delako. Ez da izango irabazle polita edo irabazle zatarra.

Gogoaren indarra dio Cartuja estadioan Athleticek ezarri dituen oihal zati handietako batean. Ez dira bi hitz solte. Jokalari zuri-gorriek gogoa eduki behar dute klubaren historia erraldoian lekua egiteko. Indarra erakutsi behar dute. Lepo gainekoa ezer baino lehen. Indar hori ez da haiena bakarrik. Ez dute ezer sortu behar. Asmatua dago. 1898an sortu zen, eta belaunaldiz belaunaldi loratuz joan da. Kate sendo horrek begi asko dauzka, izen eta abizenekin: Rafael Moreno Pitxitxi, Telmo Zarra, Carmelo Cedrun, Jose Angel Iribar, Dani, Andoni Goikoetxea, Javier Clemente, Estanis Argote... Kateak ez du amaierarik. Haiek egin zutena egin baino ez dute egin behar gaur Unai Simonek, Iñigo Martinezek, Dani Garciak, Iker Muniainek eta gainontzekoek. Zer egin zuten? Ondo lehiatu, aurkaria baino biziago aritu, grinatsuago, beldurtu kontrarioa, erritmo biziarekin aritu... Bidea marraztua daukate Marcelinorenek. Bide horretan ibili baino ez dute egin behar.

Oinarri horren gainean baino ez du balioko entrenatzaileak prestatu eta jokalariek gauzatu beharko duten estrategiak. Bartzelona non eta nola estutu, baloiarekin zer eta nola egin, defentsatik erasora nola atera, erasotik defentsara igarotzean zer egin, eta non... Arbela beti izaten da garailea, entrenatzaileek jokatu aurretik jokatzen dutelako partida bertan. Geziak gora eta behera, marrak ezkerrera eta eskuinera, garbi dago Marcelinoren arbelean Athleticek 1984tik lortzen ez duena lortuko duela. Baina benetako futbola zelaikoa da. Belar ebaki berriaren usain magikoak emango die ongi-etorria jokalariei, elkarri emandako bibak eta animoek bizituko eta indartuko dute euren arteko aldartea. Bizi, hori da aditza. Athleticeko jokalariek bizi egin behar dute finala. Bizi gabe hil egiten delako jokalari bat. Eta jokalari batek finala ez bizitzea nahikoa da taldearen oinarria hauts bihurtzeko.

Bizi behar dutenen artean izango da Muniain. Erren herenegun; onenean atzo. Gaur atzo baino hobeto. Hala atera beharko du kapitainak zelaira, nekeak neke, minak min. Eredu taldekideen aurrean. Garai txarretan, izango baitira halakoak ere, haren minekin eta aurrera egiteko gogoarekin oroitu beharko dute taldekideek. Epikoaren mugan izango du ziurrenik garaipena Athleticek, Superkopan bezala, urtarrilean. Orduan egin bazuen, gaur zergatik ez?

Partidak idatzi gabeko liburu bateko orrialde zuriak dira. Lerroak eta lerroak elkarren ondoan jartzea jokalarien lana izaten da. Dena daukate egiteko, hortaz. Egin gabe dago. Aurreko jardun eta balizko aurreikuspen guztiak literatura dira. Gerta daitezke, baina agian ez. Historia idaztea Athleticeko jokalarien esku dago, buruaren eta oinen bitartez. Eta liburuaren hitzaurrean jar dezatela esaldi hau: debekatua dago beste final bat galtzea.

«Athletic izateko» beharra

Finalaren atariko prentsaurrekoan, Muniainek izaera nabarmendu zuen: «Defendatu, bai, baina erasoan ere ondo aritu behar dugu. Arriskutsuak izan behar dugu, eta horrelako taldea izan nahi dugu». Marcelinok ere talde barrura begiratu zuen: «Guk gure onena eman behar dugu; horrekin bakarrik lor dezakegu irabaztea. Gu geu izan behar dugu».

Bartzelonari dagokionez, Ronald Koemanek zuri-gorrien indarguneen inguruko kezka azaldu zuen: «Baloia galdutakoan eta geldikako jokaldietan adi ibili beharko dugu, energiarekin». Marc Andre Ter Stegen atezainak, bere aldetik, «partida osoa» egitea eskatu zuen: «Azkenaldian ez gara aritu lehenago bezala, eta hori berreskuratu behar dugu. Duela aste pare bat eduki genuena: hori behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.