Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Astindua

2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Teoria bat daukat. Ezin dut hori egiaztatu oraingoz, baina frogak begien bistakoak dira. Ezberdintasun handi bat dago Tesco eta Sainsbury saltokien artean. Lehenengoen kanpoaldean eskale bat topatzea biziki arrunta den bitartean, ez duzu bat ere ikusiko bigarrenen kasuan. Nire ustez, erakunde bakoitzaren barne politikari erantzuten dion errealitatea da. Sainsburyk eskaleak gure begien aurretik kentzeko neurriak hartzen ditu. Glasgown bizitzen eman ditudan azken bi urteotan —non 100 metro bakoitzeko ikusterik dagoen etxerik gabeko lagun bat kale gorrian—, ez zait inoiz tokatu saltoki horien kanpoaldean eskaleak mugiarazten ikustea. Halere, ez ninduke ezustean harrapatuko.

Erresuma Batuan gizarte klaseak oso barneratuta daude. Nolako klasea, halako pertsona alegia. Munduko beste toki askotan gertatzen ari den bezala, gizarte klaseak Glasgowko sistema ekonomikoa eta zerbitzu publiko ugari antolatzeko irizpideak dira. Gentrifikazio prozesuen beste adibide garbia da hiria. Baina, horrez gain, eskoziarrek erabat normalizatu egin dituzte middle class eta working class (erdi mailako klasea eta lagileria klasea) esamoldeak; tokiko biztanleen jatorria deskribatzeko ezaugarri nagusiak izateraino. Tesco eta Sainsbury saltokiekin fenomeno bera gertatu da. Nolako supermerkatua, halako klasea. Horregatik, ez ditugu eskalerik ikusten Sainsburyko kanpoaldean.

Zenbateraino ezarri daiteke irizpide bera telebistako saioekin? Hau da, zer nolako informazioa gordetzen dute ikusten ditugun horiek geure buruaz? Bada, uste baino gehiago. Aspaldi ez nuela AEBetako film hain ezkertiarra ikusten, egia esan. Beharbada, ikusleaz filmeko protagonistez baino gehiago esaten duen fikziozko produkzioa. Raymond Lawrence Riley zinemagilearen Sorry to bother you (2018) (Barka gogaitzea). Umore nahiko bizarroa erabiliz, egungo «kapitalismo zuriaz», sindikatzeko beharraz eta gazteen «geldotasun liberalaz» hitz egiten duen filma da. Laburbilduz, eta spoiler-ik egin gabe, nola botere desorekek forma ematen dioten egiten dugun guztiari. Benetan frustragarria da zure burua pantaila handian islatuta ikustea, baina horrelako astinduak beharrezkoak dira zeureganatu dituzun forma modernoez ohartzeko. Maizago beharko genituzke horrelakoak pantaila handian, baita pantaila txikian ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.