Azokaren zuzeneko bihotza

Urtez urteko lanaren eta publikoaren harrerari esker, azokaren gune nagusietako bat bilakatu da Ahotsenea. Aurten inoiz baino proposamen gehiago aurkeztuko dituzte: 111

Xabi Bandini bere azken lana aurkezten izan zen atzo Durangoko Azokan, Ahotsenea gunean emandako kontzertuan: Biba izeneko diskoa. JON URBE / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
«Hemen jendeak entzuten du rapa, edo zer?». Elena Caballero La Basu rap abeslaria bakarkako laugarren lana aurkezten dabil egunotan Durangoko Azokan, Gerra, eta kanta eta kanta arteko isilunean egin die galdera Ahotsenea guneak zuzeneko emanaldientzako prestatu duen aretoko 50 ikusleei. Baietz guztiek.«Ba, betiko rapa entzungo dugu; bonboa eta kaxa. Hau maite dugunok badakigu zer esanahi duen». Hasi da erritmoarekin bateria jotzailea, sartu da disko jartzailea, eta, koruekin laguntzen duen abeslariarekin batera, abeslariak martxan jarri du berriz bere jarioa. Dantzan neska hirukote bat lehen lerroan. Buruari gora eta behera eragiten ikusle gehienak. Metro gutxi batzuetara dago karpako beste agertokia, eta jadanik txalaparta eta perkusio frogak egiten dabiltza bertan Oreka Tx taldekoak, oraindik publikorik gabe. Giroak besterik iradoki arren, bazkalostea baino ez da, eta hamar minutu barru helduko zaie txanda. Urtez urteko lanari eta publikoaren harrera horriesker bilakatu da Ahotsena Durangoko Azokako bihotzetako bat, Landako gunearekin batera.

«Bitxia da», onartu du Unai Pelayo Pelax Ahotseneko koordinatzaileak: «Egun bat gutxiago du aurten azokak, eta inoiz baino sortzaile gehiago hartuko ditugu». Guztira, 111 aurkezpen egingo dituzte Ahotsenean egunotan, hala zuzenekoei eskainitako karpan nola solasaldi formatuetarako atondutako gunean. Eta aski izan daiteke datu bakar hori guneak duen onarpena azaltzeko. Aurten estutu egin dituzte denbora tarteak, eta eguerdietan ere programatu dituzte kontzertuak eta hitzaldiak. Horrela lortu dute denentzako lekua.

Pelayo bere diskoak aurkezten ere egona zen Ahotsenean, baina bi urte dira koordinatzaile lanetan hasi zela, eta osasuntsu ikusten du espazioa. «Erreferente bilakatu da urteekin, eta gaur egun pentsaezina da Ahotsenerik gabeko azoka bat». Zergatik ere azaldu du: «Gune garrantzitsua da, lehenesten dituelako sormena eta sortzailea, non, eta kultur azoka batean. Eta garrantzitsua da halako leku batean ere sortzaileak sortzen ikustea».

Dioenez, zuzenekoak salmentetan ere badu eragina, gainera. Esperientziaz daki. «2015ean diskoa atera genuen, eta hogei ale inguru salduko genituen igandera bitarte. Igandean jo genuen Ahotsenean, eta egun bakar horretan asteburu osoan saldu zirenak baino nabarmen disko gehiago saldu genituen kontzertuaren ondoren». Eta orain ere antzera beste taldeen kasuan. «Azokara bisitan datorrenak jakin-mina dauka, eta gogoa dauka dirua kulturan gastatzeko; engaiatzen da, eta erosi egiten ditu gauzak».

Karpa kanpoaldetik dabil Joseba Ponce musikaria La Basuren emanaldia jarraitzen. «Entzuna nion kanturen bat edo beste lehenago, baina ez nuen zuzenean ikusi, eta hurbildu naiz nola moldatzen den ikustera». Imanol Zinkunegirekin batera zuzendu duen Lur eta Amets pelikula aurkeztuko du Poncek otsailaren 7an, eta lanean dabil egunotan azokan. Atseden hartzeko atera da momentu batean, eta ezin tentazioari eutsi. «Erakusleiho polita da hau. Taldeei eskaintzen die aukera diskoa formatu fisikoan aurkezteko, eta lana zuzenean entzutera emateko ere».

Leire Zubiarrainek gogoratzen du Ahotsenean deskubritu zuela Izaro lehenengoz. «Talde berriak bultzatzeko leku ona da hau. Plateruenan badaude talde ezagunak, baina halako oihartzuna ez dutenek hemen badute aukera beren burua ezagutarazteko». Ahal duenero bisitatu ohi du Durangoko Azoka, eta beti egiten du gutxienez geldialdi bat Ahotsenean. «Dagoena dagoela etortzen gara. La Basu ezagutzen genuen, baina programa begiratu gabe etortzen gara».

Kontzertua eskaini, eta agertokian ahaztuta utzi duten bateriaren pedalaren bila bueltatu dira Ahotsenera Asier Elias eta RitxiBlanco. Mockers rock talde progresiboko kideak dira biak, eta Oreka ahulak diskoa aurkezten aritu dira zuzenean, beren ibilbideko hirugarren lana. Lehenago ere aritu izan dira bertan, eta gustuko dute lekua. Elias: «Tokatzen zaizun orduaren arabera, arraroa izan daiteke emanaldia, baina oso ongi dago proiektua, ematen duelako aukera talde asko ezagutzeko». Ados Blanco ere: «Kultura zabaltzeko aukera polita da, eta ez bakarrik enpresa handiek hedatzen duten musika entzuteko. Talde txikientzako eta autoekoizpena lantzen dutenentzako oso ongi dago. Elkar ezagutu, zaletu, eta elkar laguntzeko gunea da».

Bi formatuko gunea

Landako guneko sarrera nagusia gurutzatu, eta bertan jartzen dute azken urteetan aurkezpenentzako espazioa, eta, ikasle goiza izanik, beteta egon dira eserleku guztiak aurkezpen gehienetan. Arratsaldean behera egin du bisitari kopuru orokorrak, eta, ondorioz, gutxiago izan dira aurkezpenetara joandakoak ere. Edonola ere, Ahotsenea bi espaziotan bereizteko erabakia egonkortuta ikusten du guneko koordinatzaileak. Pelayo: «Gune horretan programatzen dira formatu txikiko aurkezpenak eta solasaldiak».

Zuzenekoen gunean, La Basuren kontzertua amaitzen ari da. Gehiagorako gogoz dago jendea, baina ordu erdi pasa da hasi zenetik. «Nire erlojuan jartzen du zero, zero, zero, eta horrek esan nahi du bukatu behar dugula». Amaitu da. Eta kasik azken dunbal hotsarekin batera hasi dira kaxoi baten erritmoak eta gaita hotsak alboko oholtzatik. Hastear da Oreka Tx. Metro gutxi batzuk egin, eta berehala txalaparta hotsei adi daude segundo gutxi batzuk lehenago hip-hop erritmoekin dantzan zebiltzanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.