Begiratzen utzitakoen hurre

Carmen Ballve argazkilariak Dominikar Errepublikan, Tanzanian, Etiopian, Mongolian eta Perun egindako 71 irudi jarri ditu ikusgai Donostiako San Telmo museoak, 'Begirada hurbila' erakusketan

Carmen Ballve argazkilaria, 2005ean La Romanan (Dominikar Errepublika) egindako Gineta argazkiaren ondoan, atzo, San Telmo museoan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Akazia afrikarren artetik eta poltsa bizikletara loturik urruntzen doan norbait, Nzaliko bidean, Tanzanian. Egurrezko aulki batean jarrita eta buruan kapela bat duela, hankak gurutzatuta eta aurpegia hezurtsu, gizon bat, Noel, La Romanan, Dominikar Errepublikan. Mutil koskor bat gameluen aska batean, Denan, Etiopian. Bi lagun motor gainean, eremu zabal batean sakabanatuta duten abere saldoa biltzen, Tariaten, Mongolian. Eta, horrela, 71 argazkitan mundu bat. Edo munduaren zati txiki bat 71 argazkitan, lehen begiratuan erakusten dutena baino gehiago erakusten. Horiek dira Carmen Ballve argazkilariak Donostiako San Telmo museoan jarri berri duen Begirada hurbila erakusketaren protagonistak. Gehiago edo gutxiago, gertutik ezagutu dituenak denak, azken hogei urteen inguruan. Museoko laborategian jarri dituzte orain ikusgai —inoiz erakutsi gabeak dira aurrez—, eta maiatzaren 16ra arte bisitatu ahalko dira.

1980ko hamarkadan ekin zion Ballvek argazkilaritza profesionalari. New Yorketik lehenengo eta Madriletik ondoren, hainbat agerkaritarako erretratuak egiten hasi zen, estudioan, harik eta 1987an, Marie Claire aldizkariaren enkarguz, Madril iparraldeko ijito komunitate batera heldu zen arte. Hura izan zen argazkigintza dokumentalean egin zuen lehen urratsa. Eta norabidea aldarazi ziona. Ballve: «Orduan ohartu nintzen bazela zerbait gehiago gustatzen zitzaidana argazkigintzatik; ez zena soilik erretratu bat egitea, baizik eta harago joan ahal izatea eta komunitate baten bizitza islatu ahal izatea». Horregatik, haren ibilbidean duten esanguragatik, proiektu hartako zenbait irudi ere badira erakusketan.

Maria Millanek egin ditu komisario lanak, eta, argazkilariaren lehen urteetako erretratu gutxi batzuk ere berreskuratu dituzten arren, fokua Ballveren «lan pertsonalean» jarri nahi izan duela nabarmendu du. Argazkilariaren bost proiektu dira, oro har, erakusketa gela hartzen dutenak. Batey da horietan esanguratsuenetako bat, denboran ere lanik luzeena izan dena Ballveren ibilbidean. Dominikar Errepublikara lekualdatu zen bizitzera 1990eko hamarkadan, eta bi hamarkadazhan ondutako proiektua da.

Azaldu duenez, azukre kanabera mozten lan egiten dutenek beren familiekin —«nagusiki immigrante haitiarrak»— osatzen dituzten herrixkei deitzen zaie hala, batey, eta horietako ugari ezagutu zituen argazkilariak gertutik. Hor dago, komisarioaren ustetan, Ballveren irudien gakoetako bat, «errespetuz» eta denbora hartuz hurbildu izana irudietan hartu nahi zituenengana. Millan: «Bere estudioan isiltasunean erakutsi dizkit argazki hauek, eta hala irudikatu dut nik bera ere leku hauetara sartzen, ez baitu haien hizkuntza ezagutzen kasurik gehienetan. Kameraren bitartez murgiltzen da komunitate horietan, eta pertsonek apurka eman diote baimena beren bizitzetan sartzeko, begiratzen uzteko. Iragazkirik gabe, aurreiritzirik gabe erakusten dizkigun irudiak dira, duintasunez eta eskuzabaltasunez betetako irudiak».

Proiektu berekoa da, esaterako, erakusketaren kartelerako baliatu duten irudia, 2005ekoa. Gineta izenezko neska bat ageri da, haren aitak, azukre findegietako langilea izateaz gain jostuna zenak, igandeetako euren kultu erlijiosora joateko egindako soineko batekin. «Ziurrenik ni baino isilagoa den norbait da Gineta; lehen unetik hunkitu ninduena, haren izaerak, haren gurasoenak. Lehen argazkia 3 urte zituenean egin nion, eta orain bi ume ditu. Niretzat irudi hau Batey proiektuaren hasiera eta amaiera da; kanabera moztuta ageri da, batey bat atzean... Pertsona hauen duintasuna eta edertasuna da, finean, ni hunkitu nauena haiekin izan ditudan hainbeste bizipenetan».

Analogiaren magia

Dominikar Errepublikatik Londresera egin zuen aldaketa Ballvek, eta han ezagutu zuen The Denan Project gobernuz kanpoko erakundea, Dick Youngen eskutik. Perura, Etiopiara eta Mongoliara bidaiatu du ekinbidearekin argazkilariak, eta horietan egindako irudiek ere osatzen dute erakusketa. Bizipenez betetako argazkiak dira harentzat, baina gordetzen duten istorio horiek jakitea bainoago, garrantzitsuagotzat jo du Millanek bisitariek euren bizipenetatik hurbiltzea irudietara: «Nork bere konexioak bilatu ditzala, Ballvek bezala».

Tanzania da erakusketak leiho bat irekitzen dion azken herrialdea. Polo Vallejo musikologoak gonbidatuta heldu zen aurrenekoz hara argazkilaria, 2012an, wagogoen bizitza dokumentatzera. Vallejo aurretik zebilen hango soinuekin lanean, eta lehen aldiz elkarrekin joan baziren ere, hainbat bider itzuli da Ballve geroraere. «Halako lekuetara egun gutxitarako joatea etsigarria bihurtzen da. Begien aurrean duzun dena hartu nahi duzu kamerarekin, eta antsietate hori ez da ona lanarentzat», aipatu du. Vallejorekin batera ondu zuen, hain zuzen, Acaba cuando llego (Iristen naizenean amaitzen da) argitalpena, zeinari Espainiako Kultura Ministerioak Arte Liburu onenaren saria eman zion 2016an.

Analogikoan, zuri-beltzean eta formatu ertainean. Era horretan baino ez du lan egiten Ballvek, eta horrek ere ematen dio batasun argia obrari. Dioenez, hala ikasi zuelako egiten du modu horretan lan, baina erantsi dizkio arrazoi sakonagoak ere. «Zuri-beltzak badu beste denborazkotasun bat. Eta magia bat ere badago lana egin eta errebelatu aurretik uzten duzun denboran. Oso ederra iruditzen zait tarte hori, argazkiak egin eta berehala landu beharrean. Gainera, analogikoan, argazki filmean hamar irudi badituzu, bakoitza pentsatu behar duzu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.