Errealitatetik sortutako fantasia

Bego Antonek lau proiektuz osatutako erakusketa bat jarri du Donostiako Kutxa Kultur Artegunean: 'Sorginak, txakurrak, elfoak eta beste errealitate fantastiko batzuk'

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
Donostia
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Errealitatearen eta fikzioaren artean. Eremu definitu gabeko horretan mugitzen dira Bego Antonek (Bilbo, 1983) Sorginak, txakurrak, elfoak eta beste errealitate fantastiko batzuk izeneko erakusketarako sortu dituen lanak. Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunean izango dira ikusgai datorren urteko otsailaren 13ra arte.

Erakusketak Antonen lau proiektu biltzen ditu. Obraren xedea «exotikoak, minoritarioak eta ia-ia arauz kanpokoak diren istorioak, munduak eta jarduerak ezagutaraztea» da, Antonek adierazi duenez. Lau proiektuz osatuta egonagatik ere, elementuek «hainbat lotura eta konexio» dituzte beren artean, eta egilearen hizkuntza pertsonalarekin josiak daude. Lau proiektu horiek, hain zuzen ere, hauek dira: The Earth is Only a Little Dust Under Our Feet 2013 eta 2018 bitartean sortua, Everybody Loves to ChaChaCha 2015ekoa, The Gallop 2021ekoa eta Haiek danak sorginak 2017 eta 2021 bitartean ondutakoa.

Antonen lanaren ardatza, azaldu duenez, «errealitate eta fantastiko terminoen artean ezkutatzen den oro» da. Antonimoak badirudite ere, «uste baino askoz gehiago» dira horien artean kokatzen diren gaiak, artistaren iritziz. Erakusketa bere osotasunean harturik, Antonek azaldu du «errealitate fantastikoaren muinean oso desberdinak diren bi ertz» landu dituela: «Batetik, alde magikoarekin lotutako lanak daude; The Earth is Only a Little Dust Under Our Feet eta Haiek danak sorginak. Bestetik, errealitatearen ezohikotasunarekin lotutakoak ere badira: The Gallop eta Everybody Loves to ChaChaCha».

Antonena erakusketa antropologikoa da; izan ere, zenbait herriren, komunitateren eta norbanakoren errituak aztertzen ditu. Dokumentazio kutsua duen ikerketa horren ondoren, baina, eszenifikatze lan bat sortu du egileak. Nolanahi ere, eszenifikatze hori egitean «neutral eta hotz» jokatu du: «Errealitate guztiak inongo epaiketarik edo onarpenik gabe landu eta islatu ditut; alegia, jaso dudanarekin ahalik eta zintzoen jardun dut».

Informazioa jasotzearekin batera, erritu horiek «duin bihurtzeko saiakera» ere egin du. Horretarako, umorea eta jakingura baliatu ditu: «Langaiak kuriositatetik abiatuta jorratu ditut, sor dezaketen interes sozialari erreparatuta». Kuriositatea ez ezik, erakusketa emakumetasunaren lanetan ageri diren pertsona gehienak emakumezkoak dira eta, ondorioz, feminismoaren inguruko kezkaren errepresentazioa ere bada: «Emakume komunitateak dira nagusi; protagonistak pribatutasunetik taldera eta, oro har, kolektibotasunera eramaten saiatu naiz».

Askotariko errealitateak aztertzeko eta, ondoren, ikuspegi kritikoz plazaratzeko grinak, nolabait, Antonen baitan dagoen «dokumentalista sena» bistaratzen du. Kazetaritzaren alorretik datorren sortzailea izaki, «oso agerikoa da intimitatea eta, kasu horretan, fantastikotasuna nondik datozen aztertzeko zaletasuna eta interesa». Obretan ageri diren pertsonekin izandako hartu-emanak ere erakusten du bere kazetari senaren aztarnarik: «Zati bakoitza bukatuz joan naizen heinean, hartan ageri diren pertsonei eta, beharrezkoa izan denean, haien legezko tutoreei erakutsi diet, haien oniritzia jasotzeko».

Bost erpineko egitasmoa

Tabakalerako lau obrako erakusketa, bere hartan, Antonen lanaren atal bat baino ez da. Izan ere, harekin batera, elkarrekin lotutako beste lau proposamenek osatzen dute proiektua.

Batetik, igandero familientzako tailerrak egingo dituzte, Tabakaleran bertan: 16:00etatik 17:30era izango dira. Jarraian, 17:30etik 18:30era bitarte, bisita gidatuak egingo dituzte erakusketan. Bisitok euskaraz eta gaztelaniaz egiteko aukera izango da. Bai tailerretarako, bai bisita gidatuetarako, izen ematea doakoa izango da, baina aurretiaz egin beharko da.

Bestetik, hilaren 19an, Benjamin Christensenen Häxan (1922) filmaren proiekzioa izango da Imanol Larzabal aretoan, Lugaritzeko Kultur Etxean; doako sarrera izango du emanaldi horrek ere, aretoaren edukiera bete arte. Hurrengo egunean, Antonek berak zuzenduriko argazkilaritza eskola magistrala egingo dute, Tabakalerako 2. solairuan. Tecnicas para fotografiar lo invisible (Ikusezinari argazkiak egiteko teknikak) izenpean, bere proiektuko sormen argazkiak ateratzeko zer teknika eta prozedura baliatu dituen argituko du Antonek.

Bosgarren proposamena Antonen eta Sabina Urracaren arteko solasaldiaren proiekzioa izango da. Abenduaren 17an egingo dute, Tabakalerako Ruiz Balerdi aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.