SAIOA ITXI

Hasiera / Bizigiro

IRLEN SAREA

Kontu dualekin kontuz

Gorka Julio

2019ko azaroak 30
Eusko Jaurlaritzak zabaldu duen ohar batean hau jasotzen da: «Irakasle.eus kontuak dualak izango dira, Microsoft/Google ikasleei ere horrelakoak ireki ahal izango zaizkio; Chromebookak homologatuko dira eta ikasleei zuzendutako Chromebooken erosketa masiboa gauzatuko dute». Sindikatu batek salatu du ekimena, beste batzuen iritzia ez da azaleratu oraindik, baina ez dirudi adostasun handiko erabakia denik irakaskuntzako agenteen artean.

Elikadura balitz, erraz ulertuko genuke Dabid Martinezek darabilen adibide honekin: «Pentsaezina izango litzateke eskolen jantokien kudeaketa Burger Kingen eta McDonaldsen artean banatzea».

Enpresa horiek gure eskoletako digitalizazio prozesuetan daukaten presentzia gero eta handiagoak kezkatuta, gurasoak, irakasleak, ikasleak, eragileak eta arazoarekin kezkatutako herritarrak antolatzen hasi dira hezkuntzan ere, Librezale (hezkuntza.librezale.eus) webgunearen eta Telegramen bidez. 200 pertsona baino gehiago dira jada.

Manifestu bat atera dute egoera salatuz. Hauek dira puntu garrantzitsuenak: Ikasleen pribatutasunaren bermatzea ezinezko egiten dute. Chromebook gailuetan inbertsioa egitea arduragabekeria da, zaharkitzapen programatua bultzatzen dute. Gailuetan euskararen presentzia enpresa pribatuen interes eta gidalerroen menpe uztea gure hizkuntzaren kontrako erabakia da. Ikasleak behin eta berriro tresna berdinen erabilerara mugatzea, hezkuntza digitalaren murriztea da. Hezkuntza komunitatearengan tresna horiekiko menpekotasuna sortzeko arriskua arazo larria da.

Administrazioa interpelatzen dute: «Digitalizazio prozesuan gidaritza eta laguntza teknikoa egin dezan, azpiegitura libre, jasangarri eta ahaldunduko gaituena ezartzeko; eta ez dezan soluzio komertzial interesatu baten esku utzi ikasleen hezkuntza digitala». Katalunian, zenbait guraso talde hasi dira adin txikikoentzat beharrezkoa den kontua irekitzeko baimena sinatzeari uko egiten. Zaila den kasuetan, sinatu bai, baina desadostasuna azaltzen dute beste batzuek. Euskal Herrian hartu beharreko bidea eztabaidatzeko prozesu bat martxan jartzea proposatu dute. Horretarako, abenduaren 8an, Durangoko Azokako Kabi@ gunean, goiz osoko bilkura ireki bat deitu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna