Espazioak eta denborak batuta

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Artista Berrien Programako zortzi artistek erakusketa zabaldu dute Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostian. Iraila bitarte bisitatu ahalko da

itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Julen Agirre, Nagore Amenabarro, Ana Arsuaga, Mikel Escobales, Nader Koochaki, Mikel R. Pejenaute, Ainize Sarasola eta Alazne Zubizarreta. Artista Berrien Programak zortzi artista horiek bildu ditu aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez. Adierazteko modu ezberdinak dituzte, baina zortzien lanak batera ageri dira orain, Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketan, Donostian, espazioak eta denborak batuta. Hala, zortzi erakusketa txiki bildu dira bakarrean, eta irailaren 8ra bitarte bisitatu ahalko da.

Garazi Ansa Arbelaitz eta Leyre Goikoetxea Martinez izan dira erakusketaren komisarioak, eta Ansak argitu du zortzi artisten lana ez dagoela «gai orokor batekin biltzerik»: «Programaren egitura islatu dugu espazioan, eta artista bakoitzak bere espazio propioa hartu du». Komisarioak nabarmendu du kalitate oneko proposamenak direla oro har, eta, bidenabar, Euskal Herriko artean «Artista Berrien Programa bezalako ekimenek» zer-nolako garrantzia duten azpimarratu du bidea egiten hasiak diren sortzaileei aukerak zabaltze aldera. «Gazteen talentua» sustatzeko beharra defendatu du, halaber, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak.

Ugaria da artistek eremuari eman dioten forma, espazio beteagoetatik soilagoetara. Nader Koochaki artistarena, kasurako. 2009an gasolindegi baten bueltan «Donostiako Inpernuan» eginiko ekintza baten kontakizuna jaso du idatziz. «Porrot bat izan zen; ekintzaren helburua ez zen bakarrik ekintza gauzatzea, baizik eta erregistratzea. Baina bideokamerak huts egin zuen, eta ezin izan genuen irudia erregistratu». Koochakik kontaketa bera bihurtu du ekintzaren erregistro. Material gehiago ere prestatu du erakusketarako, baina probak egin eta ez erakustea erabaki du azkenean. «Erakusketa beste porrot bat da: egin dudana kanpoan geratu da». Katalogo bat argitaratuko dute, ordea, erakusketarekin batera, eta hor erakutsiko ditu orain erakutsi ez dituenak: «A eta B aldeak izango dira».

Hamaika irudi eta ideia

Marrazketan dihardu artista batek baino gehiagok. Horien artean, Julen Agirrek arkitektura eta eskultura «gerturatu» nahi duten irudi batzuk aurkeztu ditu. «Bien arteko zirrikituan sartu eta hor eragitea da asmoa», azaldu du. Ainize Sarasolak ere marrazkiak jarri ditu ikusgai; koadernoetan egindakoak bere horretan itsatsi ditu horman. Zenbaitzuk amaitu gabeak dirudite, baina horretaz gogoeta egitea ere bada, hain justu, Sarasolaren ideia. «Artearen moduko alor batean, guztiz sortzailea izanik, aurrez ontzat jotzen diren hainbat elementu daude».

Pintura lantzen du Ana Arsuagak, eta lan horren pintzelkada bat erakutsi du. Diziplinaren «betiko arazoak» interesatzen zaizkiola aipatu du, batik bat, «forma nola jarri margo batean».

Oso bestelakoak dira Alazne Zubizarretaren marrazkiak. «Irudien konfigurazioa» lantzen du artistak, eta «hibridazioa» interesatzen zaiola erakutsi du, hala gaietan nola tekniketan.

Are bestelakoagoa da Mikel R. Pejenauteren proposamena. «Hemen gauza asko daude, eta ikusleak egokitu egin behar du», aipatu du. Iaz Bilbo Arteko egonaldi batean egindako zenbait eskultura erakutsi ditu, batetik; baina, batez ere, lurrean jarritako lau egiturak hartzen dute eremua, zeinak lotuta dauden argitaratu gabeko liburuak soilik onartzen dituen liburutegi baterako prestatu zuen argitalpen batekin. «Baina liburutegia jada beteta zegoen, eta ez nuen bidali. Asko interesatzen zait leku horien porrota», azaldu du.

Mikel Escobalesek, bestalde, kamisetekin egindako ekintza batzuk grabatu zituen iaz Donostiako Tabakaleran, eta proiektu haren segida aurkeztu du orain. «Kamiseta batek gorputz bat behar du kamiseta bat izateko, eta nire iruditegiak ere gorpuztu behar zuela sentitzen nuen». Horrela, bere iruditegia «gorpuztu» du piezetan.

Zortzikoa itxiz, Nagore Amenabarrok koadro handi bat eta zink eta kobrezko txapa gainean egindako inpresio grafiko batzuk batu ditu. Irudiaren eta materialaren arteko harremana landu du, eta «tolestearen eragiketatik» eratorri ditu hainbat pieza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.