Albistea entzun

'Black is beltza' porturatzear da

Fermin Muguruzak Raul Fernandez 'Refree'-rekin batera osatu du animaziozko filmaren soinu banda. Diskoak hainbat herrialde zeharkatzen dituen bidaia bat proposatzen du
JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2018ko irailak 20 - Donostia

Fermin Muguruzak orain dela ia hamar urte erabaki zuen kontatu egin behar zuela Iruñeko erraldoiak 1965ean New Yorken desfilatu zuteneko istorioa. Nola, lege arrazisten ondorioz, konpartsako erraldoi beltzek ezin izan zuten dantza egin Bosgarren Etorbidean. Muguruzak animaziozko film bat egitea izan zuen buruan hasieratik, baina asmo horri ezin heldu, eta istorioak eleberri grafikoaren forma hartu zuen. Jorge Alderete marrazkilari argentinarrak eta Harkaitz Canok lagunduta osatu zuen Muguruzak Black is beltza (2014), Iruñeko erraldoien pasadizo hartatik abiatuta, 60ko hamarkadaren erdialdetik aurrera munduan gertatzen ari ziren aldaketa eta iraultzen berri ematen zuen istorioa. Eleberri grafiko izan zena animaziozko film bihurtu da azkenik, eta Donostiako 66. Zinemaldian aurkeztuko dute datorren astean. Filmaren soinu bandaren aurkezpena, ordea, atzo egin zuen musikariak, Donostian. Elkarrek eta Talkak elkarlanean kaleratu dute diskoa.

Eleberri grafikoa bezala, musikaz bustia dator filma ere, eta Manex Unanue protagonistak hainbat herrialdetan barrena egiten duen bidaiak —AEB, Kuba, Aljeria— badu islarik irudiak janzten dituzten doinuetan. Muguruza: «Bidaia bat da; filmak ez du beltzen harrotasun mugimenduaz bakarrik hitz egiten. Protagonistak bidaian aurkituko dituen musikak bildu ditugu filmean».

Hala, filmeko musika intzidentalaren, Muguruzaren kantu zaharren, beste musikari batzuek iraganean interpretatu zituzten abestien, doinu herrikoien eta pelikularako idatzitako pieza berrien uztarketa lan izugarria da Black is Beltza-ren soinu banda. Horrela, besteak beste, The Velvelettes 60ko hamarkadako soul taldearen He Was Really Sayin' Somethin' entzungo da protagonista New Yorkeko Apolo klubera iritsiko denean; Negu Gorriakek Otis Reddingen Respect kantuari egin zion bertsioa (Errespetua), berriz, istorioa Monterreyko jaialdian dagoenean; Rimitti, Cheikha Rimittiren omenezko kantua, Aljeriako pasartean; eta Apur dezagun katea, Mikel Laboak Gabriel Arestiren hitzen gainean ondu zuen melodia —Anariren ahotsean—, kontakizuna Euskal Herrian errotzen denean.

Anbizio handiko obra da Black is Beltza, eta neurri horren araberako lana eman die Muguruzari berari eta hark ondoan bildu duen taldeari. Alboan izan du Raul Fernandez Refree musikari eta ekoizle kataluniarra. Harena da diskoaren ekoizpena, eta baita zenbait pieza ere. Muguruza: «Lau hilabetez izan nintzen bizitzen Sant Andreuko (Herrialde Katalanak) Fabra i Coats etxean, eta han joan ginen musika osatuz, bidaia bat izango balitz bezala. Filma protagonista pasatzen den herrialdeen arabera banatu genuen, eta gero baita sekuentziaka ere. Horrek musika intzidentala eta kantuak lantzeko aukera eman zigun, eta gero gonbidatu guztiak pasatu ziren».

Muguruzaren proiektu askotan bezala, luzea da Black is beltza-ren soinu bandan parte hartu dutenen zerrenda: Maika Makovski, Ana Tijoux, Brenda Navarrete, The Sey Sisters, Manu Chao, Sonido Gallo Negro, Ceci Bastida, Iseo, Amel Zen, Rosalia, Anari... «Denon artean osatu genuen musikaren hezurdura, uztartuz garai jakin baten giroa islatzen duten musikak eta gaur egungo doinu garaikideak».

Soinu bandaren lanketa borroka ere bihurtu da, proiektua abian jarri zutenetik hainbat kanturen eskubideak eskuratu behar izan baitituzte. Elkarreko Leire Zugasti aritu da lan horretan, eta, Muguruzak atzo aipatu zuenez, ez du zeregin samurra izan. Hainbat multinazionalekin hitz egin ondoren, Otis Reddingen ondorengoekin zuzenean aritu behar izan zuten Respect-en bertsioa sartzeko, eta gauza bera egin behar izan zuten The Velvelettesen kantua eskuratzeko. Hain zuzen ere, Andy & Joey bikote jamaikarraren You're Wondering Now klasikoaren lagintxo bat ere entzun daiteke filmean, baina diskoan ezin izan dute sartu, ez dutelako izan horretarako eskubiderik.

Estreinaldia, zinemaldian

Ekainean, Muguruzak Black is beltza proiektuari buruzko erakusketa zabaldu zuen San Telmo museoan, Donostian, eta Donostian bertan aurkeztuko du filma datorren asteburuan, Donostiako Zinemaldian. «Orduan esan nuen Donostiak izan behar zuela gure Itaka, eta portura iristeko beharra ere bagenuela». Hilaren 28an emango dute aurrenekoz filma, eta egun horretan bertan filmean parte hartu duten aktore askok agerraldi batean parte hartuko dute: Isaach de Bankolek, Jorge Perugorriak, Sergi Lopezek, Oscar Jaenadak, Rossy de Palmak eta Unax Ugaldek, besteak beste. Zinema aretoetan, berriz, urriaren 5ean estreinatuko dute filma.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

<b>Christos Nikou zuzendaria, atzo, Donostian.</b> ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Maitemina ehunekotan

Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola

'Fingernails' aurkeztu du Christos Nikouk lehiara, eta 'Kalak' Isabella Eklofek. 'They Shot The Piano Player' animaziozko filma, berriz, lehiaz kanpo erakutsi dute

Marius Sanchez eta Jordi Evole <em>No me llame Ternera</em> lanaren zuzendariak, atzo, Donostiako Kursaalean. ©JON URBE / EFE

Evole: «ETAren ikuspuntua jaso nahi genuen, minkorra izan badaiteke ere»

Itziar Ugarte Irizar

Egindako lanaz «harro» daudela esan dute 'No me llame Ternera' lanaren zuzendariek. Filma erakutsi osteko solasaldian, alde bietako biktimen aldeko txaloak izan ziren
 ©JAGOBA MANTEROLA/ FOKU

«Zer falta zen emakumeak ez zeudelako kameren atzean?»

Itziar Ugarte Irizar

Euskal emakume zinemagileen lanaren gaineko zeharkaldi bat osatu dute Gaztelumendik eta Zufiak 'Arnasa betean' dokumentalean. Euskal Zinemaren galan estreinatuko dute, asteartean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...