Iraganaz betetako oraina

'Rosa itzuli da' nobela plazaratu du Pako Aristik. Kartzelan 25 urte igarota etxera itzuli den andre baten gogoetak ditu ardatz. Hogei urte ziren idazleak eleberririk kaleratzen ez zuela

Pako Aristi idazlea, Rosa itzuli da bere nobela berria eskuetan, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
«Itzuli nintzenean banuen ilusioa utzitako mundu berbera aurkituko nuela, genituen ohiturak, tertulia egiteko moduak, idealak eta helburuak, baina hori guztia suntsitua zela ikusi nuenean, ez nintzen, halere, inozo sentitu, harrituta baizik». Gogoeta hori egiten du Pako Aristiren nobela berriko protagonistak kontakizunaren une batean. Iñaki Aldekoa editoreak irakurri du pasartea, liburuaren mamia ongi laburbiltzen duelakoan. Izan ere, kartzelatik atera berria da protagonista, ETAko kidea izatea egotzita espetxean 25 urte igaro ostean. Herrira itzultzean sortzen zaizkion gogoetak harilkatu ditu Rosa itzuli da (Erein) eleberrian Aristik, eta haietan, iraganarekin nahastuko da oraina. «Esango nuke iraganaz betetako oso gaur egungo nobela bat dela», adierazi zuen idazleak atzo aurkezpenean, Donostian, Aldekoa alboan zuela.

Istorioa idazteko «txinparta» 2013. urtean piztu zitzaion egileari, «Parot doktrina baliogabetu eta preso politiko saldo bat atera zen garaian». Bi arrazoi aipatu zituen idazleak gaiari heltzeko. Batetik, preso horietako batzuk ezagunak zituela, nahiz eta azken urteetan elkar gutxitan ikusi; beste batzuekin, berriz, gutun bidezko harreman luzea izan zuela azaldu zuen, eta kalera irtetean ezagutu zituela aurrez aurre. «Literarioki abantaila handia izan nuen harreman epistolar horrekin, eskutitzez gehiago agertzen baitugu barrukoa, aurrez aurre poteatzen ari garenean baino».

Beste arrazoia, berriz, «ebidentzia bat» izan zela adierazi zuen: dozenaka preso haiek ez zirela ia inon agertzen. «Estigmatizatuak zeudela sentitzen nuen, eta hala sentitzen ziren haietariko asko, proskritoak. Ezkutuka egiten zizkieten omenaldiak, gero omenaldiak ez omen ziren, ongietorriak baizik. Politikako hitz zatar bat etortzen zitzaidan gogora: amortizatuak zeudela, alegia». Sentipen horietatik sortu zitzaion istorioa idazteko «grina eta motibazioa». Preso haiek nolako herria, jendea, giroa aurkitu zuten itzultzean, zein gogoeta egiten zuten euren bizitzaz... halako galderak izan zituen buruan. «Zeintzuk ziren joandako haiek, eta zeintzuk orain itzuli zirenak. Gai sakonak zeuden euren existentzia ez-konbentzional horren baitan, eta niri, behintzat, oso interesgarria iruditu zitzaidan pertsona horiengan zentratzea nire fikziozko lana».

Historia kolektiboa izan arren, «lehen pertsonako ahotsaren intimismoaz» eraiki du kontakizuna idazleak, beste hainbat pertsonaia agertzen badira ere, Rosa baita protagonista. Aristi: «Oso pertsonaia konplexua da; nobelaren hasieran oso indartsu dago, baina gero pixkanaka ahulguneak agertuko zaizkio, eta hausten joango da dakarren koraza. Zeren kartzelan 25 urte osotasun mental batekin irauteko eduki behar duzu koraza bat altzairua baino gogorragoa». Istorioak aurrera egin ahala, koraza horretan arrakalak sortuko zaizkio, eta garapen bat agertuko du. Aldekoaren hitzetan, kalea baino, «etxeko giro intimoa» gehiago ageri da nobelan, eta Rosaren pertsonaiarengan etaharremanetan datza nobelaren «bikaintasuna». Aristik gehitu zuenez, intimitate horretan, bizitakoaren errepasoa egingo du emakumeak, «eta zergatien bila azken muturreraino» arituko da.

Memoria da nobelako gai nagusietako bat, Aristik nabarmendu zuenez. «Memoriari buruzko nobela bat da, iragan lazgarri bat ahaztu nahiaren eta alzheimerraren oroitu ezinaren artean zabuka doana. Belaunaldien arteko transmisioari buruzkoa ere bada. Neurri batean, thriller politiko bat dela esan daiteke, arduraz diharduena, hartutako erabakien ondorioez, eta erantzunik zailenaren bilaketaz, izandako ametsak eta idealak non geratu diren».

Memoriari loturik, G. K. Chesterton idazle ingelesaren esaldi bat ekarri zuen gogora: «Iragana ezagutzen ez dutenen akatsa da oraina ere ez dutela ezagutzen». Iragana eta oraina guztiz lotuta daudela uste du idazleak, eta lotura hori ezkutatzeko estrategia politikoak daudela. «Hain loturik daude biak, non bata bestea gabe ezin den ezer ulertu. Eta nola badauden guk ezer ez ulertzeko interesa duten instantziak, bi ertzak aldentzen saiatzen dira etengabe. Nobelan bada, zentzu horretan, bi ertzak batzeko ahalegin bat».

Eta istorioaren gibelean «beti» agertzen den auzia ere izan zuen hizpide, amaitzeko: «Borroka armatuaren aukera, itzala, edo kondena, nahi duzuen bezala definitu, bere existentziari buruzko gogoetak, eta susmo bat oinarrian: hainbeste hamarkada iraun duen zerbait ezin litekeela terrorismo hutsera laburtu, bere aurretik zeuden menderakuntza baldintzarik gabe ezin dela esplikatu, eta baldintza haiek desagertu gabe zer egoera utzi digun orain ETAren desagerpenak, Estatu espainolaren legitimazio ahalmenak ezarri duen eta ezarri digun diskurtso hegemonikoa baino zerbait gehiago izan dela, erantzun idealista bat, edo dorpea, edo kimerikoa, irakurleari utziko diogu etiketa jartzeko aukera». Gauzak definitzeko zein hitz erabili zalantzan ibili zela azaldu zuen Aristik, eta hala gertatzen dela eleberrian ere, hots, «hitzek errealitatearekin duten borroka» agertzen dela, «eta nola kolektibo edo norbanako bakoitza saiatzen den errealitateari bere etiketa itsasten. Etiketek, askotan, talka egiten dute, eta gertaera bera hitz ezberdinekin definitzen dugu».

«Nobelagilea itzuli da»

Ereinekin plazaratu ditu Aristik orain arteko bere eleberri guztiak. Kcappo (1985) izan zuen lehena, eta Irene (1987), Krisalida (1990) eta Urregilearen orduak (1998) liburuekin osatutako trilogia etorri zen ondoren. Ordutik hona, besteak beste, hiru saiakera, lau poesia liburu eta dozenaka eta dozenaka artikulu plazaratu ditu, baina eleberririk ez du argitara eman azken hogei urteotan. «Nobelagilea itzuli da», adierazi zuen Aldekoak, lanaren izenburuarekin jolas eginez. Eta nobela «sendoa» eraiki du Aristik, haren ustez.

Berriro ere eleberrigintzan aritu izanarekin gustura agertu zen Aristi. «Gustatu zait nobela hau idaztea; asko disfrutatu dut, buruhauste asko eman dizkit, baina buruhausteekin ere disfrutatzen duzu idazten ari zarenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.