Albistea entzun

«Pulpitu ez, plaza izan da Jakin»

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso du Jakineko talde historikoak. Euskal kultura eta modernitatea lotzeko lanagatik jaso dute aitortza Agirrebaltzategi, Azurmendi, Intxausti eta Torrealdaik
Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti eta Joan Mari Torrealdai, domina eskuetan, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, atzo, Donostian.
Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti eta Joan Mari Torrealdai, domina eskuetan, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, atzo, Donostian. J.C. RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko abenduak 20 - Donostia

Aitzindari izan ziren. Euskal kultura modernitatearen bideetan jarri zuten. 36ko gerrak etendako sokaren lotzaile izan ziren. Eta duela sei hamarkada atzera hasitakoak segida izan dezan engaiatu ziren. Horren aitortza egin nahi izan zion, atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiak Jakineko talde historikoari: Joseba Intxaustiri (Segura, Gipuzkoa, 1936), Joxe Azurmendiri (Zegama, Gipuzkoa, 1941), Paulo Agirrebaltzategiri (Oñati, Gipuzkoa, 1942) eta Joan Mari Torrealdairi (Forua, Bizkaia, 1942). «Pentsamenduan, kultur eragiletzan, argitalpengintzan, euskal kulturan eta euskara batuaren eremuan egindako lanagatik» jaso dute Urrezko Domina, erakundearen bereizgarri gorena.

Atzo iluntzean izan zen hura banatzeko ekitaldia, diputazioaren egoitzan, Donostian. Azurmendi bakarrik falta izan zen; Alemanian bizi da, eta, duen gaitza dela medio, ez zuen etortzerik izan; bideo bidez bidali zituen esker oneko hitzak: «Intelektualki, Jakin izan da nire etxea eta familia. Lau mosketari zaharrak ohoratzen dituzuen festan, ezin hor egon, berriro gaixotasunak ustekabean harrapatua, baina zuekin nago». Beren-beregi, Markel Olano ahaldun nagusiari eman zizkion eskerrak, umorez, haren doktore tesia zuzendu zuela gogora ekarriz.

Beste hiru jakinlariei ezpata dantzarekin egin zieten harrera, eta dantzariek osatutako arkuaren azpitik sartu ziren foru jauregira. Instituzioetako eta kulturgintzako hainbat ordezkari zituzten zain barruan, senitarteko eta lagun ugarirekin batera.

Asier Odriozolak aurkeztu zuen ekitaldia, eta Alaitz Aizpurua gaurko Jakineko kideak irakurri zuen laudatio-a, domina banatu aurretik. Torrealdaik hartu zuen gero hitza, lau omenduen izenean. Irribarretsu eta esker oneko, iraganera begiratu bat eginez abiatu zen. Gogora ekarri zituen Jakinen hastapenak, nola sortu zen 1956an, Euskaltzaindiak Arantzazun egin zuen Euskaltzaleen gerraosteko lehen biltzar irekira begira. «Arantzazun sortu zen, bai, baina ez Arantzazurako», egin zuen ñabardura, eta erantsi 30 urte geroago sortu izan balitz unibertsitate giroan kokatuko zuela. Inon sortzekotan, «euskararen lurralde askean» sortu zen Jakin, eta Arantzazu zen orduan lurralde horren sinbolo. Hamar urte egin zituen han, harik eta 1967an hiritartu zen arte; pentsamoldez, laikoagoa bihurtuz, baita fisikoki ere, Donostiara lekualdatuta.

«Etengabe berregokitu beharra». Zentsurarekin ikasi zuten lezio hori, eta behin eta berriro berrasmatzea «ezaugarri propio» bihurtu da, hala, Jakinentzat, Torrealdairen hitzetan. Baita «taldearen indarra» ere. Azpimarratu zuen talde izaerari eusten asmatu zutela ikasle zirela, bakoitza alde batean, Katalunian, Italian, Frantzian edo Alemanian zebiltzala, eta bi ezaugarri aipatu: «Talde irekia eta askea izan da, integratzaile eta integratua». Datuekin berretsi zuen: Jakinek 3.100 lankidetza eta 1.250 lankide izan ditu aldizkarian bakarrik.

Bada, aldizkaritik at ere, hamaika lanetan izan da Jakin; euskalgintzan eragile, zubigile, bidelagun. Alfabetatze mugimendua, Kontseilua, UZEI, Euskaldunon Egunkaria eta unibertsitatea hartu zituen gogoan, besteak beste.

Baina Jakinen «ikur nagusia» aldizkaria izan da, eta «plaza» gisa bizi izan dute sortzaileek. «Jakin ez da izan pulpitu, ez katedra. Plaza izan da. Herriko plaza, gogoetaren plaza eta lankidetzarako elkargunea. Horregatik, pentsamenduaren geografia zabaletik hurbildu zaigu jendea».

Euskararen lurraldean sortua izanik Jakin beti «euskaltzaleekin eta herritar guztiekin egoten» ahalegindu dela azaldu zuen Torrealdaik; era kritikoan, ikuspegi zabaletik. «Jakinek erreferentzialtasuna, independentzia eta sinesgarritasuna erdietsi baditu, bateragune izateko bokazioagatik izan da». Eta iparrean ideia batekin: herrigintza euskalgintzatik egitea. «Euskalgintzaren zentraltasuna ez da eslogan hutsa. Gure proposamen nagusia da herrigintzaren eraikuntzan». Era askotara azaldu du hori Jakinen historikoki; hasieran, literatura eta filologia ziren nagusi, baina inguru politikoak hartu zion lekua 1960tik aurrera. «Politika kultura inbadituz joan da». Horren aurrean, «kulturaren autonomia» defendatzea izan da jakinlarien politika.

Etorkizunari keinu eginez itxi zuen Torrealdaik gogoeta. 2014an, jauzi bat egin zuen Jakinek, eta fundazio bihurtu zen; Torrealdai bihurtu zen lehendakari, Lorea Agirre zuzendari, eta aldizkaria birmoldatu zen, azal eta mami. «Arantzazutik mundu zabalera egin dugun bidean, transmisio hau iraultza txiki edo handi den geroak esan beza. Baina, izan, bada esanguratsua: Arantzazuri jatorrian loturiko belaunaldi baten legatua da. Mundu baten bukaeratzat har daiteke. Guretzat ez da deus bukatzen, kontrara baizik. Sinetsita gaude etorkizuna iragana baino ederragoa izango dela. Hasia dago izaten».

Herria, hizkuntza, kultura

Azken bururako gorde zituen gorazarreko hitzak ahaldun nagusiak. Euskal kultura «modernitatearen bidean» kokatzeko lan eskergagatik agertu zien esker ona: «Mendebaldeko zibilizazioaren balio aurrerakoien gainean proiektu sortzaile iraunkor eta ireki bat eratzeko ahalegin handia egin duzue; eta, horrekin, Euskal Herri honentzat etorkizuna eraikitzen lanean jardun duzue».

Herria, hizkuntza, kultura. Jakinen hiru zutabe horietan egin zuen azpimarra: «Hiru hanka horietan zurkaiztu du Jakinek bere etxea, sinetsita euskal hiztunen komunitatearen geroa hiru eremu edo tasun horiek bermatuko dutela». Eta Jakinek garaian garaiko auziei erantzuteko erakutsi duen gaitasuna goraipatu zuen ondotik, baita euskalgintzari begiratzeko modu jakin bat garatu izana ere: «Militantziaren eta profesionaltasunaren uztarketa eraginkorra, euskaltzaletasunaren hobespena, taldearen independentzia, euskararen zeharkakotasunaren defentsa...».

Jakinlarientzat transmisioa «obsesioa» izan dela esan zuen Olanok, eta, hain zuzen, hori eskertu zion aldundiak, atzo, Urrezko Dominarekin: «Hizkuntza, kultura, herri sentimendua iraunarazi eta belaunaldi berriengana iritsarazteko bideak irekitzea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Haizea Beruete (eserita, ezkerretan), iazko abuztuan, Iruñeko Ezpeleta jauregian egin zen jaialdian gaiak jarri zizkien bertsolariekin. ©Bertsoa.eus

Haizea Beruete bertsolari iruindarra zendu da

Erredakzioa

Bertsolaritzako hainbat esparrutan aritu zen. Nafarroako Txapelketan parte hartu zuen. Bertso eskolako irakasle aritu zen, baita begirale ere bertso udalekuetan, eta Gure Aldetara proiektuan ere hartu zuen parte. 28 urte zituen.

KANTATUKO DIREN HITZAK SORTZEA

KANTATUKO DIREN HITZAK SORTZEA

Aitor Biain

Musikari askok bilakatzen dituzte kantu beste sortzaile batzuek idatzitako hitzak. Enkarguz egin ohi dituzte gehienetan, doinua eta gaia aurrez emanda, baina baita aurretik idatzitako testuak erabilita ere. Entzulearentzat sarri ezezaguna izan ohi den langintza da, ordea, kanta idazlearena.

Camen Martin Gaite idazlea, 1995. urtean. ©BERRIA

Solas betea

Joannes Jauregi

XX. mendeko idazle nagusietako bat izan zen Carmen Martin Gaite espainiar letretan. Pentsamendua muturreraino atzeman nahi izan zuen, eta ahozkotasuna ere idatzira ekarri.

Irati Jimenez idazleak iaz plazaratu zuen <em>Begiak zabalduko zaizkizue</em> saiakera. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...