Lege ez diren arauen kontra

LGTBI kolektiboaren errealitatea are gehiago ikusarazi behar dela azpimarratu du Sridhar Rangayan Indiako zinemagile eta ekintzaileak. Bilboko 16. Zinegoak jaialdiaren ohorezko saria jaso du

Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendaria eta Sridhar Rangayan zinemagilea, atzo, Bilboko Arriaga antzokiko aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
«Ekintzailea izatea ez da nire nahia izan. Kontrara, berez etorritako zerbait izan da: borroka pertsonala izan da, baita mendeku pertsonala ere». Sridhar Rangayanen (Mandya, Karnataka, India, 1962) hitzak dira horiek. Zinema zuzendari eta ekoizlea da Rangayan; eta homosexuala da, duela gutxi arte homosexuala izatea kriminalizatuta egon den lurralde batean. Indiako Zigor Kodeko 377. artikulua mahaigaineratuz deskribatu du herrialdeko errealitatea: arauak hitzez hitz dio zigortu egin behar direla «gizonekin, emakumeekin edo animaliekin izandako naturaren kontrako haragizko harremanak». Iazko irailean baliogabetu zuen araua Indiako Auzitegi Gorenak. «Guretzat oso garrantzitsua izan da».

Nolanahi ere, Rangayanek uste du, legeen mugaz gaindi, mentalitatean dauden harresietan eragin behar dela, eta, bide horretan, zinema du berak tresna nagusi. Konpromiso hori aitortu nahi dio Zinegoak Gay-Lesbo-Trans Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Nazioarteko jaialdiak. Atzo hasi zen jaialdiaren hamaseigarren aldia, eta ohorezko saria eman zioten zinemagile indiarrari Bilboko Arriaga antzokian egindako irekiera ekitaldian. Orotara, 25 film luze izango dira Sail Ofizialeko lehian, eta sexu aniztasunarekin lotutako gaiak izango dituzte ikus-entzunezkoek ardatz. Martxoaren 3an emango dute palmaresaren berri.

Umorez eman du Rangayanek Indiaren egoera gordinaren berri. «Amak behin baino gehiagotan esan izan dit ondo dagoela LGTBI kolektiboaz hitz egitea, baina aldi berean galdetu dit ea beharrezkoa ote den jendaurrean azaldu beharra». Solaris LGTBI pelikuletan espezializatutako Indiako lehenengo ekoiztetxearen sortzaileetako bat da Rangayan, eta sexu aniztasuna lantzen dihardu ordutik. «Homosexuala izatea normalizatu nahi dugu: istorio diferenteak bizi ditugu, eta erakutsi nahi ditugu».

Berak ekoitzitakoa da Indiako transgenero errealitatea irudikatzen duen lehen filma: 2003an kaleratu zuen Gulabi Aaina (Ispilu arrosa). «Oraindik ere zentsuratuta dago». Abiaburua izan zen ordukoa. «Gaia lantzen duten hainbat film eta dokumental ondu ditut azken hamarkadan». Garapena nabari duela dio. «Gero eta gehiago dira LGTBI kolektiboaren problematikari heltzen diotenak».

Evening Shadows (2018) filma izan da ekoitzi duen azkena, zeinak Indiako emakumeen errealitatearen berri ematen duen. «Lege guztien gainetik dago patriarkatua. Hori da gure arazoaren erroa, eta andreen eskubideen planotik landu nahi nuen gaia. Kontatzen dudan istorioa unibertsala da, eta familientzat da». Iradoki duenez, pedagogia lana egitea ere bada bere pelikulen helburua.

377. legearen ondorioak

Kashsish izeneko queer zinema jaialdiko zuzendaria ere bada Rangayan. Bombayn egiten da, eta hura da Indian sexu aniztasuna lantzen duen jaialdi bakarra. Hamar urte beteko ditu aurten, eta munduan erreferentea da dagoeneko. «Jaialdia jauzi bat izan zen. Horri esker, LGTBI kolektiboaren gaiak lantzen zituzten lanak ordenagailuan edo ezkutuan ikusteari utzi, eta pantaila handian ikusten ditugu orain».

Aitortu duenez, areto txikietan egin zuten ekitaldia lehen aldietan. «Beldur ginen ez ote zituzten antzokiak erreko, baina harrera izugarri ona izan zuen». 1.000 lagunetik gora sartzen dira, gaur egun, jaialdian egiten dituzten proiekzioetan.

Rangayanen ibilbide guztia aintzat hartuta erabaki du Zinegoak jaialdiak aurtengo ohorezko saria hari ematea. «Egin duen lana aitortu nahi diogu. 377. legea indarrean egon denean ere, homosexualitatea kriminalizatzen zutenean ere, norabide horretan egin du lan», azaldu du Julen Nafarrate jaialdiko kideak. ILGA Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen Nazioarteko Elkarteak emandako datuak baliogarriak izan daitezke arauak zuen eraginaz jabetzeko: elkarteak emandako datuen arabera, 2015. urtean 1.500 pertsona atxilotu zituzten Indian 377. artikulua baliatuta.

Pentsamoldearen mugak

Nafarratek bezala, zinemagile indiarraren konpromisoa azpimarratu du Pau Guillen jaialdiko zuzendariak ere. «Indian urtero 1.200 film baino gehiago ekoizten diren arren, LGTBI kolektiboaren bizitzak ez dira azaltzen. Rangayan errealitate horiek erakusten saiatzen da, eta Indiaren parte ere badirela erakusten du bere lanetan: ez dela fikziozko zerbait».

Aurrerapausoak nabari dituztela dio zinemagileak, baina urratu beharreko bidea luzea dela oraindik. «2018ko irailean debekatu zen 377. legea behin betiko, eta gaur egun ez dituzte harremanak kriminalizatzen». Juridikoak ez diren bestelako arau batzuk baditu gizarteak, ordea. «Oraindik ere asko dugu egiteko. Mugimendu homosexuala gehiago ez kriminalizatzea lortu dugu legearen indargabetzearekin, baina indiarren pentsamoldea aldatu behar dugu orain, jendeak ez dezan pentsatu LGTBI mugimenduko kide izatea gauza txarra dela, edo mendebaldetik datorren zerbait dela. Film gehiago egin behar dira, baita hitzaldi gehiago ere, LGTBI kolektiboak duintasuna izan dezan».

Eskubideen planora egin du jauzi jarraian. «Oraindik ere dena dugu egiteko eskubideei dagokienez, ez baitugu ez ezkontzarako, ez adopziorako, ezta herentziarako eskubiderik ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.