Ferrer, denbora gainean oinez

Esther Ferrerrek '2, 3, 5, 7, 11, 13, 17, 19, 23...' izeneko erakusketa ireki du Donostiako Tabakaleran, denboraren eta espazioaren gaineko ekintzak ardatz. Espazio «aktibo» modura proposatu dute

Esther Ferrer artista, atzo, Donostiako Tabakeleran, Espazio bat zeharkatzeko da bideo lana atzean duela. MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
«Zer da denbora?». Eta segundo bat isilik. Bi, hiru, lau... hamahirura arte, isil-isilik. «Ergelkeria dirudi, baina isilik egon naizen denbora honek hizketan aritu naizenekoa baino askoz ere luzeagoa dirudi». Gogoeta horiek konstante bat dira Esther Ferrerren obran (Donostia, 1937). «Bizi guztian pentsatu dut denboraren erlatibotasunean; batzuei luzea iruditzen zaie, eta besteei, laburra». Denbora, eta harekin espazioa, bereizezinak baitira artistarentzat: txanpon beraren aurpegi biak. «Ideia bera modu askotara deklinatzea gustatzen zait. Euskarriak alda dezake obraren interpretazioa. Euria eta txingorra bezalakoa da; beti da ura. Artean ere ezer ez da agertzen, desagertzen, transformatu egiten da. Horrek gidatzen nau lanerako orduan». Erakusketa berria zabaldu du Donostiako Tabakaleran, eta zenbaki lehenekin —beren buruarekin bakarrik zati daitezkeenak— egindako lanari zor dio izenburua: 2, 3, 5, 7, 11, 13, 17, 19, 23... Maiatzaren 26ra bitarte bisitatu ahalko da.

Laurence Rassel eta Mar Villaespesa izan dira erakusketaren komisarioak, eta, Villaespesak azaldu duenez, «erakusketa eremua espazio aktibo bilakatzea» izan da asmoa, erakusketa eremua bera zalantzan jarri, eta bisitariaren parte hartze aktiboa galdegiteko. Batik bat, eskuinaldeko aretoan nabarmentzen da hori, zeinetan artistak 50 urtetik gorako ibilbidean egindako ekintzen multzo bat bildu duen: Aztarnak, soinuak, espazioa; hirurogei ahotsentzako ZAJ kontzertua; lau aulkirentzako, mahai batentzako eta haizagailu batentzako kanona; Emakume baten bizitzako lehen ordu erdia... Ekintza horietan erabilitako objektuak daude eskura. «Dena dago ukitzeko, manipulatzeko. Baina, batez ere, denboraren eta gorputzaren arteko harremana agertzea da asmoa», azaldu du Rasselek. Ekintzak «aktibatzeko» aukerarekin, bisitariak gorputzean denboraren fisikotasuna bizitzea da proposamenaren helburua. Bitartekariak ere izango dira ekintzak gidatzen. Baina soilik ikusi nahi duenarentzat eskura izango da ekintzak sortzeko eta dokumentatzeko erabilitako materiala.

Zer da performance bat? idatzizko obrak zabaltzen du areto hori. Galderari «erronka bat?», «desiratua izateko nahi bat?» eta halako galderekin erantzuten dio Ferrerrek lanean. «Ez zait idaztea gustatzen; galderak egitea gustatzen zait». Baina, zeharka, eman du erantzunik: «Performancearen interesa egoera bat sortzean datza, eta bere horretan garatzen uztean; gerta daitekeen edozer ongi etorria da». Bere lanerako ibiltzeak duen garrantzia nabarmendu du: «Oinez ibiltzea lehengaia da».

Areto horretatik, Espazio-proiektuak izeneko lanera helduko da bisitaria. Izen bereko seriea 1970eko hamarkadan hasi zuen Ferrerrek, hutsaren eraikuntza lantzeko. Hariak dira, hormatik hormara zabalduak, eta alboan ditu sortze prozesuan erabilitako maketak eta marrazkiak. «Hemen ere ikusleak sortzen eta eraldatzen du obra, harien artetik mugitzean».

Zenbaki lehenen itsasoa

Erakusketa lurrean dagoen zenbaki lehenen lerro batek gidatzen du; sartu, eskuinaldeko aretoa inguratu, eta ezkerreko espaziora iristen da: Zenbaki lehenen poema serieetako marrazkietara eta zoru gainean jarritako instalaziora. Lerro berde eta urdinak ageri dira lurrean, noranzkoz aldatzen direnak zenbaki lehen bat margotuta agertzen den bakoitzean. Jatorrian amets bat du lanak: artistak amets egin zuen zenbakien itsaso batean igeri zebilela; esnatzean, burura zetozkion denak zenbaki lehenak ziren. «Zenbaki hauek gero eta urriagoak dira kontaketan aurrera egin ahala, baina, aldiro-aldiro, bat agertzen da». Zoriaren ideia ere lantzen du hala Ferrerrek, eta, hari lotuta, berriro denbora, «igaro beharreko espazio gisa».

Zenbaki lehenen gainean hasitako gogoetak infinitua lantzera eraman zuen artista, matematikariek diotelako zenbaki lehenen seriea infinitua dela, sekula amaitzen ez dena. Hori modu plastikoan irudikatu nahi zuen, eta jendeari galdetu zion zer zen infinitua haientzat: askok haurtzaroko uneak kontatu zizkioten, ametsekin lotu zuten beste batzuek, eta izua agertu zuen zenbaitek. Pi lana sortu zuen hala: koloretako koadroak espiralean margotuta, pi zenbakiaren zifrekin. Gasteizko Artiumen erakutsi zuen lehendabizikoz. «Ideia abstraktuak bizitzarekin osatzea nahi nuen. Zeren artea bizitzak zeharkatzen du, edo ez da ezer».

Azken aretoan dago ibilbidea ixten duen obra hori. Aurrean duDenboraren pendulua, sabaitik datorren zintzilikario bat. Bisitariak aktibatu dezake, tira egin eta gelditu artean lekuan bertanitxaronda. «Badirudi ezetz, baina asko irauten du, eta denboraren inguruan meditatzeko balio du».

Irekiera eta protesta

Ferrerren erakusketarekin areto berria inauguratu du Tabakalerak. Lehen solairuan ireki dute, eraikinaren erdian, «erakusketa eskaintza zentralizatzeko». Ohiko hezkuntza programak ez ezik, performance sorta batek osatuko du erakusketa. Zazpi artista gonbidatu ditu Ferrerrek: Boris Nieslony, Anne-Marie Cornu, Roi Vara, O.R.G.I.A., Paula Valero, Maialen Lujanbio eta Isidoro Valcarcel-Medina. Ostiraletan izango dira saioa egiten, eta azkena Ferrerrek berak eskainiko du, maiatzaren 25ean. Horien aurretik, gaur, 10:00etatik aurrera, gosari solasaldi bat izango da Ferrerrekin eta Rasselekin.

Erakusketaren izenari keinu eginda, Ubik liburutegiko langileek 105 zenbakia erakutsi zuten atzo, greban daramatzaten egunak salatuz. Hitza hartu eta lehen gauza, babesa adierazi zien Ferrerrek: «Gaurkoa ekintzaren mundua da, eta hau espazio sortzaile bat bada, ederra izan da ideia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.