Iraganari bainoago, geroari so

Donostiako 80. Musika Hamabostaldiak 90 proposamenetik gora aurkeztuko ditu abuztuaren 1etik 31ra. Hainbat emanaldi izango dira Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Lapurdiko 22 udalerritan ere

Orchestre de Parisek Berliozen lan bat eta Beethovenen beste bat interpretatuko du abuztuaren 20an, eta Brittenen Gerra requiema 21ean, Donostiako Kursaalean. WILLIAM BEAUCARDET / MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Donostiako Musika Hamabostaldiak ibilbide luzea egina du dagoeneko. 80. aldia du aurtengoa eta, horregatik, bere iraganari begirako hainbat keinu bildu nahi izan dituzte programazioan. Hala ere, Patrick Alfaya zuzendariak nabarmendu du jaialdiak batez ere etorkizunari begiratzen diola: «Iragana kontuan hartzen duten 90 proposamen izango dira, baina batez ere etorkizuna izango dute gogoan, jaialdiari estu lotuta dauden hainbat artistaren bidez, hala nola Juanjo Mena, Lucia Lakarra, Carlos Mena, Ainhoa Arteta eta Iñaki Alberdi, jaialdiaren ikur diren abesbatzak ahaztu gabe». Jaialdiak Abuztuaren 1etik 31ra aurkeztuko ditu proposamen horiek guztiak, eta Alfayak atzo eman zuen xehetasunen berri, Donostian, hainbat erakundetako ordezkariak lagun.

Hamar ziklotan banatu dituzte jaialdiko emanaldiak, eta, Donostian ez ezik, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Lapurdiko 22 udalerritan ere izango dira kontzertuak; horien artean, bederatzi estreinaldi erabateko eta hiru opera izango dira. Alfayaren esanetan, «jaialdiaren kalitateak sabai altua izan ohi du beti», eta aurtengoa ere edizio «bikaina» izango dela ziurtatu zuen.

Donostiako hainbat agertokitan egingo dituzten doako hamar kontzerturekin ekingo diote jaialdiari. Inaugurazio egunean, halaber, Mahler Chamber Orchestra Kursaalean ariko da, Seong-Jin Cho pianista gaztearekin eta Jacob Hrusa zuzendariaren gidaritzapean. Emanaldiaren ostean, Deabru Beltzak taldearen Symfeuny ikuskizuna hartuko dute Kursaaleko terrazek. Hurrengo egunean berriro taularatuko da orkestra, Donostiako Orfeoiarekin eta Easo Eskolaniarekin.

Horien ondotik, eta Kursaaletik atera gabe, opera antzeztua iritsiko da. Abuztuaren 13an eta 15ean, Giacomo Pucciniren Madame Butterfly obra liriko ezaguna ikusteko aukera izango da, zeinean Ainhoa Artetak jarriko dion ahotsa pertsonaia nagusiari. Giuseppe Finzik gidatuko du EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoa bi emanaldietan. Egun batzuk geroago, abuztuaren 24an, berriro izango da EOS agertokian, besteak beste Bela Bartoken Bizarrurdinen gaztelua opera kontzertu bertsioan interpretatzeko. Eta beste opera bat ere sartu dute programazioan: abuztuaren 25ean, Tom Johnsonen Lau noten opera bertsio erdi antzeztuan emango dute, zeinak, konpositorearen eskariz, euskarazko itzulpena izango duen. Kursaalean ez, Tabakaleran izango da emanaldi hori; jaialdiak lehen aldiz egingo du jauzi eraikin horretara.

Ondorengo asteetan ere beste hainbat orkestra igoko dira Kursaaleko oholtza gainera, hala nola Orchestre de Paris (abuztuak 20 eta 21) eta Deusche Kammerphilarmonie Bremen (abuztuak 27). London Philarmonic Orchestrak bukatuko ditu kontzertu sinfonikoak, abuztuak 31n. Kursaalen, halaber, Victor Ullate Balletak Antígona ikuskizuna estreinatuko du, Lucia Lakarra protagonista duena, abuztuaren 17 eta 18an.

Viktoria Eugenia antzokian musika emanaldi bat eta dantza saio bat izango dira: Khatia Buniatishvili piano jotzailea igoko da oholtzara abuztuaren 5ean, eta Ballet Flamenco de Andalucia abuztuaren 26an.

Organo zikloak Gipuzkoan barrena eramango ditu beste hainbat kontzertu, eta Musika Aitzaki zikloak, berriz, baita Araba, Nafarroa eta Lapurdira ere. Horiek ez ezik, eta ohi bezala, antzinako musikaren zikloa, musika garaikidearena, interprete gazteena eta haurren hamabostaldia ere prest dituzte dagoeneko. Eta San Telmo museoak ere hainbat emanaldi hartuko ditu, baita jaialdiari buruzko erakusketa bat ere.

Alfayak zehaztu zuenez, jaialdiak 2,5 milioi euroko aurrekontua du aurten, iaz baino handiagoa —2,4koa izan zuen 2018an—, Donostiako Udalak ekarpen handiagoa egin duelako. Zuzendariak eskerrak eman zizkien jaialdia babesten duten erakunde publikoei eta pribatuei. Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Eneko Goia Donostiako jarduneko alkatea, Denis Itxaso Gipuzkoako jarduneko Kultura diputatua, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta beste hainbat erakundetako ordezkariak.

Sarrerak gaur 11:30etik aurrera jarriko dituzte salgai, jaialdiaren webgunean eta txarteldegietan.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.quincenamusical.eus/eu/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.