Irudikagarritasunaren mugan

Isabel Bakedano artistaren berrehun artelanetik gora erakusten dituen atzera begirako bat antolatu du Bilboko Arte Ederren Museoak. Iruñera eramango dute erakusketa ondoren
Isabel Bakedano artistaren <em>Autobus geltokia</em> margolana da Bilboko Arte Ederren museoan ikus daitezkeen lanetako bat.
Isabel Bakedano artistaren Autobus geltokia margolana da Bilboko Arte Ederren museoan ikus daitezkeen lanetako bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Iñigo Astiz -

2019ko urriak 29
Angel Bados eskultore eta lagunaren hitzetan, Isabel Bakedano margolaria (Mendabia, Nafarroa, 1929-Madril, 2018) auto-boikot ariketa betean aritzen zen egunero oihal berri bakoitzaren aurrean. «Etengabe jartzen da irudikagarritasunaren mugan. Beti joaten zen zekienaren mugaraino, zeren eta zekien hori, baita asko izanik ere, ez baitzen aski irudikapenaz harago dagoenera iristeko». Puntu zehatz horretatik margotzen zuen Bakedanok, Badosen hitzetan, eta horrek azaltzen du zergatik uzten zituen koadroak erabat amaitu gabe. Zirriborro itxurarekin maiz, nolabait ere, igartzen zuelako errealismo bikain horrek ez zuela koadroa harago eramango, eta harago joatea zelako bere asmoa. Hori da Badosen sentsazioa. «Haren ibilbideko sasoi guztietan topa daiteke irudikapenaren ezabatze bat. Urteek aurrera egin ahala, orbanez eta arrastoz betetzen hasten dira bere lanak, hain zuzen ere hori delako berak behar duena, irudikapenaz harago dagoena, ezezagun dena, izenik ez duena, azken muturra eta, beraz, sakratu dena, margotu ahal izateko».

Artistaren 59 urteko ibilbidea erakusten duen berrehun obratik gorako atzera begirakoa antolatu du orain Bilboko Arte Ederren museoak. Bados aritu da komisario lanetan, eta hark aipatu duen horregatik guztiagatik hautatu dute titulua: Isabel Bakedano. Edertasunaz eta sakratuaz. Urtarrilaren 26ra arte egongo da ikusgai Bilbon, eta Iruñera joango da gero: aldi berean, Nafarroako museora eta Nafarroako Unibertsitateko museora.

Erabat ezezaguna da Bakedano publiko orokorrarentzat, eta baita artearen historiografia nagusientzat ere. Miriam Alzuri Bilboko Arte Ederren museoko teknikariaren hitzetan, ordea, ezagutza falta horrek badu kontrapuntua. Badosekin batera aritu da komisario lanetan, eta, dioenez, Bakedanok hasiera-hasieratik izan ditu izen ona eta aitortza beste sortzaileen artean. Punta-puntako artistatzat jo zuten punta-puntako kritikariek 1960ko hamarkadan bertan. Eta bildumagileen artean ere izen eta merkatu oneko autorea izan da. «Aitortza instituzionala berandu heldu zaio», onartu du Alzurik.

Hiru denbora

«Arte historialari batentzat zaila da Isabel Bakedanoren lana». Adelina Moya arte historialariak etengabeko aldaketan deskribatu du margolaria, eta horregatik aipatu ditu hiru denbora haren ibilbidean, eta ez hiru etapa. Dena pixka bat nahasian doalako, eta oso muga zehatzik gabe; gainera, tartean, eten sakon bat ere badago. Irakinaldi betean irudikatu du artista 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara arte, adibidez. Sasoiko joera artistikoei adi. Errealismoaren eta abstrakzioaren eraginpean. Bakarkako erakusketak egiten. Kritika onak jasotzen. Iruñeko Arte eskoletako irakasle. Pop artetik edaten. Iruñeko kultur giroan kolaboratzen.

80ko hamarkadan hasten da Moyak bigarren denbora deitu duena, eta zulo moduko batean deskribatu du artista: «impasse batean», zehazki. Maiteminagatik akaso. «Ez dakit zergatik», onartu du historialariak. Baina kontua da sasoi horretan ez zuela erakusketarik egin, eta albo batera utzi zuela arte mundua. Jarraitu zuen margotzen egunero, eta gainera badira sasoi horretako margolan bereziki onak ere, baina ez zuen egindakoa inon erakusten. Madrilera joan zen bizitzera. Saiatu zen 1989an rentreé moduko bat egiten Madrileko Arco azokan, baina ez zitzaion ongi ateratzen. Jarraitu zuen saiatzen, ordea, eta 1994ko Arcon lortu zuen lekua. «Une hartan hasi zen benetan interesatzen zitzaiona egiten», azaldu du historialariak. Eta hor hasi zen Bakedanoren hirugarren denbora: 1994tik 2018ra.

Erlijio artea da interesatzen zaion hori. «Oso erlijiozalea zen», azaldu du Moyak. «Eta min egiten zion zer-nolako itsustasunak egiten ziren erlijio artean». Eta hil arteraino jarraitu zuen Bibliaren Testamentu Zaharreko eta Testamentu Berriko pasarteak irudikatzen.

«Hain justu ere, egingo ez genuela hitzeman nion horixe egin dugu: atzera begirako erakusketa bat». Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak gogoratzen du zailak izan zirela erakusketa egiteko artistarekin izandako negoziazioak. Kostata lortu zuen baiezkoa, eta betiere atzera begirako bat ez egiteko tratuarekin. 2018an, ordea, egun batetik bestera, hil egin zen margolaria, azken-azken egunera arte margotzen jarraitu ondoren, eta horrek aldatu zuen dena. Bados aritu zen familiarekin batera haren Iruñeko eta Madrilgo estudioetako materiala ateratzen eta antolatzen, eta hala joan da Zugazaren promesa ere pixkanaka apurtuz.

Ikerketa monografikoa

«Ikaragarria zen handik ateratzen zen artelan kopurua, eta jarraitzen zuten ateratzen, eta ateratzen, eta ateratzen». Badosek gainez eginda deskribatu ditu Bakedanoren Iruñeko eta Madrilgo estudioak. Lanetako asko hondatuta zeuden, eta Bilboko Arte Ederren museoko zaharberritze alorrak egindako lana nabarmendu du: artistak ia-ia hasieratik utzi zion margolanak datatzeari, eta sinadurarik ere ez zien jartzen gehienei. Eta horrek zaildu egin du sailkapena eta komisario lana.

Ia hirurehun orriko katalogo bat ere argitaratu dute erakusketarekin batera, eta lan horren garrantzia azpimarratu dute museoko arduradunek, orain arte ez baita Bakedanori buruzko ikerlan monografikorik kaleratu; beraz, horren ordezko moduko bat da katalogoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna