Bizipenak eskultura bihurtuta

Juan Gorritik bi harrespilekin eta beste hainbat obrarekin osatutako erakusketa jarri du ikusgai Iruñeko Ziudadelan. Naturarekin eta artistaren sentimenduekin lotura handia duten artelanak dira

Juan Gorriti, atzo, erakusketaren aurkezpenean. Ziudadelako labean cromlech bat jarri du, eta beste bat kanpoaldean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Bizitza. Hori da artea Juan Gorriti eskultorearentzat. Bizipenak eta sentimenduak adierazteko bide bat da; gogoan iltzatuta gelditzen zaizkion oroitzapenak kanpora ateratzeko modu bat. «Ni ez naiz artista, eta ez dakit zer den artea. Nik txikitatik bizi izan dudana egiten dut», adierazi du. Zurginen eta artzainen familia batean jaio zen, eta ofizio horiek izan ditu inspirazio iturri eta sorkuntzarako bide. Oraingoan, naturarekin harreman estua duten hainbat artelan primitibo eta deigarri jarri ditu ikusgai Iruñeko Ziudadelako labean eta kanpoaldean, Araizko bailaratik Iruñeko Ziudadelara izeneko erakusketan.

Iazko ekainean Azkueko inguruan (Nafarroa) jarri zituen artelanak dira orain gotorlekura eraman dituenak. Mailoen azpian, mendian, aire zabalean jarri zituen orduan, eta «liluraturik» gelditu zen naturaren eta artelanen arteko kontaktuarekin. Baina, emaitza ikustean, pentsatu zuen obra horiek Ziudadelara ere joan behar zutela. Eta hara eraman ditu. «Lurrarekin, euriarekin, suarekin eta denborarekin» sortutako piezak direla dio: «Denbora eskultore handi bat baita, artista handi bat».

Zurez egindako bi harrespil dira artelan nagusiak. Artistak azaldu duenez, behin norbaitek esan zion Aralarren, Nafarroako aldean, ez zegoela cromlechik, eta erabaki zuen berak egingo zituela. Labearen barruan kokatu du horietako bat: sei metroko diametroa duen harrespil bat. Areto horretan artelanak «espiritualtasun» kutsua hartzen duela uste du eskultoreak; gune lasaia eta isila denez, obra ikusten dutenek beren barneko pentsamenduekin konektatzeko aukera izango dutela. Kanpoaldean jarri duen cromlecha handiagoa da, hamar metroko diametrokoa. Piezako egurrak kolore naturala mantentzen du, baina denboraren igarotzearen eta materialak berak izan dituen gorabeheren ondorioz ilundu egin da.

Iaz, cromlechak sortzean, eskultoreak horien historia aztertu zuen, Xabier Peñalver ikertzailearen laguntzarekin. Peñalverrek liburu batean bildu ditu Euskal Herriko trikuharrien, cromlechen eta menhirren ezaugarriak eta historia, eta, ikerlan horri esker, Gorritik jakin ahal izan du cromlecha orain dela 3.000 urtekoa dela. Ondorioz, harentzat, sortu dituen cromlechak arbasoek garai hartan egin zuten lanaren segida dira. «Baina ez dira nireak, denonak baizik».

Kanpoaldean dagoen cromlecharekin batera, antzinako gizakiak irudikatzen dituzten zortzi eskultura jarri ditu. Azaldu duenez, erakusketako piezak sortzen ari zenean, egun batean, imajinatu zuen nolakoak izango liratekeen orain dela 3.000 urteko pertsonaiak. Irudimenak gidatuta, zortzi izaki mitologiko sortu zituen. Pertsonaia horietako bakoitzari leiho zahar bat jarri dio ondoan: bere aitaren etxea bota zutenean berreskuratu zituen leihoak dira.

Obra horiekin, halaber, antzina gazta egiteko erabiltzen zuten malatxa tresnan oinarrituriko egurrezko pieza bat jarri du, artzainen omenez, baita bi totem ere, Aralarren ikusten dituen menhirrei erreferentzia eginez. Ikuslearen arreta bereganatzen duen beste pieza bat bi enborren gainean kokaturik dagoen behi handi bat da. Corten altzairuarekin zein egurrarekin eta margoarekin egin du, bost metro garaida, eta 2.000 kilo pisatzen du. Eskultura hori oroitzapen bati jarraituz sortu duela azaldu du Gorritik: «Haurra nintzenean, aitaren etxean, Uharte Arakilen [Nafarroa], udan, 04:00etan jaikitzen ginen, idiak eta behiak lotzen genituen, eta gari bila joaten ginen. Animaliak egun guztian egoten ziren lanean, sufritzen, eguzkitan, eta ahotik aparra zeriela oroitzen naiz». Animalia horien omenez sortu du eskultura, eta «posizio noble batean» jarri du, enborren gainean, Aralar irudikatuz.

Pieza horietako batzuk urdin argiz margotu ditu. Beste zenbaitetan erabili izan du kolore hori bera, haurtzaroko oroitzapen bat ekartzen diolako gogora. «Gari bila joaten ginenean, bueltaka ibiltzen ginen, garia alde batean eta lastoa bestean jartzeko. Goizean goizetik arratsaldeko zortziak arte egoten ginen bueltaka, gora begira. Egun guztia pasatzen genuen naturan. Eta zeruko urdin hori daukat ezpal batek jotzen duen moduan sartuta; niretzat infinituaren kolorea da».

Iaz, Araizko bailaran jarri zuen erakusketari udako solstizioarekin batera eman zion hasiera, eta Ziudadelakoa negua amaitu arte utziko du ikusgai, «zikloa ixteko». Martxoaren 29ra arte egongo da zabalik, asteartetik igandera. Ez da Gorritik artelanak Ziudadelan jartzen dituen lehen aldia; 2007an beste erakusketa bat jarri zuen, Mistoen Aretoan.

«Sentitu, pentsatu eta egin»

Gorritik urteak daramatza eskulturak sortzen. «Txikitan, aitona zurgina nuenez, haren tresnekin jolasten aritzen nintzen», kontatu du. Baliteke horrek piztu izana geroko pasioa. Baina, dioenez, bizitzak berak bihurtu du artista: «Nire txikitako bizitza izan da nire unibertsitatea». Beharrak ere eraman du behin baino gehiagotan artera jotzera, «beharra maisu handi bat» baita, haren ustez.

Egurra lantzen du batik bat, eta 1975etik erakusketa ugari izan ditu Euskal Herrian nahiz kanpoan. Sentitzen duen hori adierazten du artelanetan, eta sarritan esaten du zail egiten zaiola sorkuntza hitzez azaltzea. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen esaldi bat ekarri du gogora bere sortzeko modua laburbiltzeko: «Lehendabizi sentitu behar dut, gero buruarekin pentsatu, eta azkenik, egin; pailazoek esaten duten bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.