Zinemaren bitartez eragiteko

Datorren astelehenean abiatuko da XIV. Ikuspuntu jaialdia. Hamabost herrialdetako 23 film lehiatuko dira Sail Ofizialean. Maila askotan eragingo duen espazio bat sortu nahi dute

Ezkerretik eskuinera, Teresa Morales, Rebeca Esnaola eta Garbiñe Ortega, atzo, Baluarte auditoriumean, Ikuspuntu jaialdiaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdiaren antolatzaileek filosofia bihurtu dute filmak sortzeko inspirazio iturri gisa erabiltzen duten «sentimendu ozeanikoaren» metafora. Filosofia horren arabera, norberaren eta kanpoko munduaren arteko lotura «hautsezina» da: «Eta horrek jaialdiaren filosofia dakar: ez baita soilik pelikulak ikusteko lekua, baizik eta maila intelektual, emozional eta sozialean eragina izateko espazioa», Garbiñe Ortega zinemaldiaren zuzendari artistikoaren hitzetan. Atzo aurkeztu zituen programazioaren xehetasunak, Teresa Morales zuzendari exekutiboarekin eta Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariarekin batera, Baluarte auditoriumean, jaialdiaren egoitza nagusian. Datorren astean ospatuko dute jaialdia, hamalaugarren aldiz, eta itsasoaren ideiak ardaztuko du. Mundurako nahi dituzten balioak zinemarekin zabaltzen saiatuko dira.

Oskar Alegriaren Zumiriki filmak zabalduko du zinemaldia astelehenean, 19:00etan, eta larunbatean amaituko da. Aurrekoetan bezala, zazpi ataletan banatu dute: Sail Ofiziala, Atzera Begirakoak, Dokbizia, Ikuspuntu Labs, Foku Garaikideak, Saio Bereziak eta Hezkuntza Programa. Sail Ofizialean hamabost herrialdetako 23 film lehiatuko dira, bost luze eta hemezortzi labur. Nuria Cubas, Matias Piñeiro, Maria Palacios Cruz, Miguel Zozaia eta Ortegak berak hautatu dituzte. Ortegaren ustez, «inoizko bildumarik pluralena» osatu dute, «lengoaiei, gaiei eta identitateei dagokienez».

Zinema garaikideko izen handiak daude zuzendarien artean: Lawrence Abu Hamdan, Ben Rivers, Eric Baudelaire, Lynne Sachs eta Laura Huertas Millan, besteak beste. Aipagarria da zenbait film Rotterdam (Herbehereak), Sundance (AEB) eta Berlingo zinemaldietan estreinatu berri dituztela; esaterako, Melissa Liebenthalen Aqui y alla, Ana Vazen Apiyemiyekî? eta Sky Hopinkaren ma?ni - towards the ocean, towards the shore. Mundu mailako hiru estreinaldi ere egongo dira: Gerard Ortin Castellviren Reserve, Luis Arniasen Malembe eta Alexandra Cuestaren Notas, Encantaciones: Parte I. Aurten ez dago euskal herritarrek zuzendutako lanik Sail Ofizialean.

Emakumeek protagonismo handia izango dute jaialdian. Izan ere, Sail Ofizialeko hamabi lan andreek zuzendutakoak dira, eta haiek izango dira protagonista hiru atzera begirakoetan ere. Hala ere, zuzendariak adierazi du ez dela bilatutako zerbait izan: «Sustatzen eta programatzen dugun zinema estruktura handietatik kanpo dago, eta oso nabarmena da zinema aske honek emakumeari egiten dion lekua».

Historiari lotutako atzera begirakoa itsasoarekin erlazionatuta egongo da. Erika Balsomen An Oceanic Feelling saiakeratik abiatuta, itsasoak zinemaren historian izan duen tokia aztertuko dute atal horretan, sei filmen bitartez. Beste atzera begirako bat Anne Charlotte Robertson zinemagile estatubatuarrari eskainiko diote. Robertson 2012an hil zen, eta Harvard Film Archivek ditu haren obra guztiak; horietako batzuk proiektatuko dituzte.

Atzera begirako garaikidean, berriz, lau emakume zinemagileren lanak emango dituzte: Ute Aurand, Renate Sami eta Helga Fanderl alemaniarrenak, eta Jeannete Muñoz txiletarrarenak. Haien inguruko liburu bat ere argitaratu dute, hainbat zinemagile, idazle eta akademikoren idatziekin. Zuzendari horien inguruko lan bat idazten duten lehen aldia da. Lau belaunalditako emakumeak dira, guztiek 40 urte ingururekin hartu zuten kamera lehen aldiz, eta, talde gisa ez aritu arren, ibilbidean elkarri lagundu diote. Ortegak esan du haien elkarlanaren berezitasuna erakutsi nahi dutela: «Ez delako batak kamera eramaten duela, besteak audioa egiten duela... Beste kolaborazio mota bat da, sentimentalagoa eta intelektualagoa».

Ospakizun bat ere izango du jaialdiak: X Films proiektuaren hamargarren urteurrena. Hori dela eta, programa irabazi duten pelikulak proiektatuko dituzte, eta iazko edizioa irabazi zuena aurkeztuko dute: Maddi Barberren Rojo.

Bestalde, iaz hildako Barbara Hammer zuzendari estatubatuarra omenduko dute saio berezi batean. Hammerrek zinema feministaren historia idazten lagundu zuen; zinematik lesbianismoa esploratu zuen, eta narratiba nagusiei aurka egin zien, sexualitatea eta gorputza kontatzeko modu berriak proposatuz. Horrez gain, Paisaia atalean Euskal Herriko hainbat zinemagilek memoriaren kontzeptuaren inguruan egin dituzten lanak aurkeztuko dituzte.

Festibalean nazioarteko jaialdietako programatzaileak, zinemagileak, produktoreak, artistak eta akademikoak izango dira, bai eta Sail Ofizialeko nahiz beste sailetako zuzendari eta protagonista ugari ere. Jarduera guztietarako sarrerak salgai daude www.puntodevistafestival.com eta www.baluarte.com webguneetan. Baluarteko leihatilan ere sarrerak erosteko aukera egongo da, jaialdiak iraun bitartean.

Jaialdi bat baino gehiago

Zinema, soinua eta ahotsa uztartzen dituen emanaldi batekin itxiko dute jaialdia larunbatean, Isaki Lacuestarekin. Ortega zuzendariak ez du nahi, baina, jaialdia amaiera ekitaldiarekin bukatzea. «Indar kolektiboak sorrarazten duen barneko lur mugimendua, dardara hori, denboran, espazioan eta kontzientzian hedatzen da. Eta hedatutako dimentsio anitzeko korronte horrek, gure izatean jada inprimatuta dauden afektu eta oroitzapenen kateari lotuta, horrek guztiak eragiten du eraldaketa, oraindik ere magian sinesten dugunok lortu nahi dugun eraldaketa». Ikuspuntu jaialdiarekin, beste behin, zinemaren bitartez eraldaketa horretan eragiten saiatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.