Gorrotoak jandako Europa

Herriz herri hedatuz doan eskuin muturreko taldeen bortizkeria du ardatz Marko Skop zinemagile eslovakiarraren 'Nech je svetlo' filmak. Gaur proiektatuko dute Bilboko Zinegoak jaialdian

Marko Skop zinemagileak fikziozko bigarren lan luzea aurkeztuko du gaur Bilboko Zinegoak jaialdian: Nech je svetlo (Izan bedi argia). MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
«Gure gizarteek joera dute indibiduoa soilik baloratzeko gizartean betetzen duen funtzioaren arabera. Gizarte tradizionaletan, nahikoa da suposatzen zaizun funtzioa betetzeari uztea, segundo bakar batean etsai bilakatzeko». Gorroto diskurtsoen gorakada betean, bere buruaz beste egitera bultzatu duten mutil batekiko enpatia azaltze hutsak jomugan jartzen duen familia baten istorioa kontatu du Marko Skop zinemagile eslovakiarrak Nech je svetlo (Izan bedi argia) filmean. Besteak beste, Chicagoko (AEB) Nazioarteko Zinema Jaialdian eta Karlovy Varyko (Txekiar Errepublika) festibalean egon da pelikula aurrez, eta, azkenean, finalerako galbahea pasatu ez bazuen ere, Eslovakiaren hautagaia izan zen Oscar sarietarako. Bilboko Zinegoak Gayloesbitrans Zinemaren eta Arte Eszenikoen jaialdian emango dute gaur, 21:15ean, Bilborock aretoan, eta Euskal Herrian da zuzendaria egunotan.

Milan izeneko gizona da filmeko protagonista nagusia. Hiru seme-alabaren aita da, eta Alemanian aritzen da lanean igeltsero, familiarentzako bizimodu hobe bat lortzeko asmoz. Eguberritan, Eslovakiako bere herrixkara itzuliko da, ordea, eta orduan jakingo du seme nagusia eskuin muturreko talde paramilitar batean sartuta dabilela eta ikaskide baten heriotzarekin zerikusia daukala, eta estutuz joango da suspensea filmak aurrera egin ahala.

«Lokala» da, berez, filmak kontatzen duen istorioa, Skopen hitzetan. «Oso harrera ona» izan zuen sorterrian, eta 50.000 ikusle inguru bildu zituen aretoetan. «Oso kopuru ona da hori gurea bezalako herrialde txiki batean». Kanpoan ere harrera ona izan du, ordea, eta, urtebete inguruko tartean, Asiako, Europako eta Amerikako 40 jaialdi ingurutan programatu dutela da horren froga. Haren kalitatea nabarmendu du Carlos Loreda Zinegoak jaialdiko programatzaileak ere. «Europako autore zinemagintzan dagoen egilerik onena da. Hemendik gutxira, harengatik borrokatuko dira jaialdiak».

Orokortuz doan arazoa

Dokumentalak egiten hasi zuen ibilbidea Skopek, eta 2015ean estreinatu zuen fikziozko lehenfilm luzea: Eva Nová. 62 urteko emakumezko aktore baten erretratua eskaintzen zuen lan hark, eta Nazioarteko Kritikarien Elkartearen saria jaso zuen Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdian (Kanada). Fikziozko bigarren film luzea duNech je svetlo, eta, dioenez, bi ideia ditu sorburuan.

Batetik, bere gurasoen eta aitona-amonen belaunaldiek izandako «hezkuntza hotza» kontatu nahi zuela dio zuzendariak. Diziplinak eta tradizioek zuten zama. Maitasunik eza adierazteko modu hura. Segurtasun falta hori. Eta, bestetik, ultraeskuinaren gorakada ere irudikatu nahi zuen. Pelikularako ideiei bueltaka zebilela jaso zuen, telebistaren bidez Eslovakian eskuin muturreko talde paramilitarren agerpenari buruzko albistea. «Talde haietako bat bereziki ezagun egin zen, harrigarria zelako, eta hedabideek gauza harrigarriak ikaragarri maite dituztelako, eta arreta hartaz baliatu zen talde hura».

Arazoa orokortuz doala dio zinemagileak. «Baikor eta itxaropentsu izan nahi nuke, baina datuak latzak dira». Europa ekialdeko herrialdeen kasua nabarmendu du Skopek, baina Frantzian ere Fronte Nazionala dagoela izan du gogoan. Eta gehiago. Polonia aipatu dute, adibidez, Zinegoak jaialdiko antolatzaileek: herrialde horren herenek nola izendatu duten beren burua LGTB pertsonarik gabeko lurralde, erakunde publikoen babesarekin. Jair Bolsonaro politikari ultraeskuindarrak gobernatutako Brasilen, urtean,batez beste, 150 trabesti hiltzen dituztela ere izan dute gogoan. Eta Txetxenian homosexualak izateagatik atxilo hartzen dituzten gizonen kasuak ere gogoratu dituzte.

Larunbatean bertan egindako Eslovakiako hauteskundeen datuak ere izan ditu mintzagai Skopek. LSNS alderdi ultraeskuindarrak %8ko langa gainditu du, eta hamar ordezkari izango ditu parlamentuan. Ez dirudi gobernu koalizioan parte hartzeko modurik izango dutenik, baina txikiak izanik ere, halako taldeek diskurtsoa bideratzeko duten boterea nabarmendu du zinemagileak. «Onargarri denaren zakua zabaldu egiten da, eta gauza itsusiak gerta daitezke».

Izar eta ezezagun

Skopek onartu duenez, filma estreinatu berritan, Eslovakiako elizari aurre egiteko prestatzen pasatu zuen denbora bat filmeko lan taldeak. Izan ere, pisu berezia du pelikulan Elizaren eta botere politikoaren arteko harremanak. Skopen hitzetan, ordea, Elizako ordezkariek ez ikusiarena egitea erabaki zuten. «Apaizek ez zuten filma ikusi ere egin, eta ez zuten ezer esan hari buruz, bazekitelako arreta piztuko zuela».

Filmeko aktoreen lana goraipatu du zinemagileak. Milan Ondrik protagonistarena, bereziki. Eta gogoeta orokorrago bat egiteko baliatu du aukera. «Gaur egun,aktoreak beren herrialdeetan soilik dira ezagunak: amaitu dira Marcello Mastroianniren urteak». Eva nová filmerako semearen rola jokatzeko hautatu zuen Skopek Ondrik, lehenik, eta aitarenean aritu da Nech je svetlo pelikulan. Eslovakian izar dena, ordea, anonimo bilakatzen da, muga gurutzatu orduko. Eta antzera zinemagileekin ere. Skop: «Herrialde guztiek dituzte zoragarriak diren zinemagile garaikideak. Halere, ez dut uste Eslovakian biztanleen %5era ere iritsiko denik Pedro Almodovar edo Paolo Sorrentino ezagutzen dituztenen kopurua. Agian, ikusi dute La Grande Bellezza, telebistan ordutegi onean bota zutelako, baina ez dute gogoratuko zinemagilearen izena. Eta are ezezagunagoak dira nik bereziki maite ditudan Michael Haneke eta Andrei Zvyagintsev».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.