Bi garairen arteko zubigilea

Ludwig van Beethoven bide urratzaile izan zen klasizismotik erromantizismorako trantsizioan, eta arrasto sakona utzi zien hurrengo musikari belaunaldiei. Gaur 250 urte jaio zen konpositore eta pianista

Konpositorea, Joseph Karl Stielerrek 1820an eginiko erretratuan. BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun

Erretratu bakanetan aurpegiera serioarekin ageri da, kopetilun tarteka, begirada indartsu batekin beti. Ludwig van Beethovenen irudi hori iritsi da gaurdaino, izaera zaileko jenioarena. Baina, harremanetarako dohain handirik ez zuela ukatu gabe, oztopo askori aurre egin behar izan zien konpositorearen gizatasuna azpimarratu du Mercedes Albaina Musikeneko irakasle eta musika dibulgatzaileak. «Oso gizon sufritua izan zen, eta niretzat meritu handia du horrenbeste borrokatu eta gizaterian sinesten jarraitu izanak». Gaur dira 250 urte Beethoven konpositore, orkestra zuzendari eta pianista sortu zela (Bonn, Alemania, 1770-Viena, Austria, 1827).Mundu osoan ari dira haren omenezko ekitaldiak egiten, pandemiagatik asko eta asko bertan behera geratu arren.

 

Arrazoi asko daude Beethoven historiako konpositore handienetakotzat jotzeko. Aditu guztiek nabarmentzen dute bi aldiren arteko zubi lana egin zuela nolabait; aurrekoetatik edanez ondorengoei eman zien lengoaia berria da bere ekarpenaren gakoetako bat. «Klasizismoaren iturritik edan zuen», dio Albainak. XVIII. mende amaiera da, Mozart, Haydn eta besteren garaia, Ilustrazioaren ideiek bustia. «Tradizio klasikoan hezi zen, baina inoiz ez zituen forma klasikoak hautsi, garatu baizik —are zailagoa dena, errazagoa baita hautsi eta beste zerbait sortzea—. Tradizioa asko errespetatu zuen, baina garatu egin zuen musikaren lengoaia». Hor ikusten du adituak ekarpen handienetako bat: «Hezi zen ildoari jarraitu zion, baina, musikaren lengoaia berritzeko ahalegin horretan, erromantiko guztientzako ispilua, eredua izaten bukatu zuen».

Beethovenen obra ongi ezagutzen du Arkaitz Mendoza pianista, orkestra zuzendari eta irakasleak ere —besteak beste, bederatzi sinfoniak herriz herri eramaten dabilen Kamerata EusKdivarius ari da gidatzen—, eta ate bat ireki izana goraipatzen dio: «Ordura arte musikan normaltzat jotzen zenari astindu eder bat eman nahi izan zion. Beti gehiago nahi zuen, ez zen ezerekin konformatzen, aseezina zen. Iraultzailea izan zen bere garairako; 40 edo 50 urte geroago egingo zen musika idazten zuen jada, eta asko aurreratu zuen hurrengoentzat. Ate bat ireki zien».

Bonn hiriko familia apal batean jaio zen Beethoven. Aita musikariak bultzatuta ekin zion pianoa ikasteari. «Haurtzaro zaila» izan zuela ekarri du gogora Albainak: «Etxean egoera nahiko tamalgarria zuen. Alkoholikoa zuen aita, eta, semea beste Mozart bat bihurtu nahian, pianoarekin gela batean ixten zuela kontatu izan zuen, etengabe jo zezan, gero luzitzera eramateko». 7 urterekin jo zuen jendaurrean lehen aldiz, eta beste irakasle batzuengana bidali zuten gero. Christian Gottlob Neefe izan zen haietako bat; aitaren uste beretik, handik urte gutxira zera idatzi zuen: «Hala segitzen badu, hasi den gisan, beste Wolfgang Amadeus Mozart bat bihurtuko da ziurrenik». Ordurako, lehen obra publikatua zuen Beethovenek. 11 urte baino ez zituen.

1784an, Maximilian Franz Koloniako printze hauteslearen orkestran jotzeko kontratatu zuten. Eta 1787an, printzeak sustatuta, Vienarako lehen bidaia egin zuen. 17 urterekin zapaldu zuen aurrenekoz musikaren Europako erdigunetzat jotakoa; zenbait iturriren arabera, Mozartekin enkontru labur bat izan zuen. Baina ama gaixotu, eta aitak etxera itzultzeko eskatu zion; urte hartan hil zen ama, eta, aitaren arazoak medio, anaia gazteen kargu egin behar izan zuen. Horretarako, bost urtez aritu zen orkestran batean biolina jotzen eta piano eskolak ematen.

1792an, printzearen eskutik berriro ere, Vienara joateko aukera izan zuen —hura izango zuen bizileku aurrerantzean—. Eta han ez zuen nolanahiko irakaslerik izan: Joseph Haydnekin konposizioa ikasi zuen, kontrapuntua Johann Georg Albrechtsbergerrekin, eta lirika Antonio Salierirekin. Laster egin zen ezagun hirian, pianoa jotzeko eta inprobisaziorako zuen trebetasunagatik. 1794an, lehen trioak publikatu, eta jendaurreko lehen emanaldia egin zuen Vienan, zeinetan bere obrak jo zituen. Segidan, Budapest, Praga, Dresden, Leipzig zein Berlinen ere egin zituen kontzertuak.

Gaitzaren lehen sintomak

1800ean, lehen sinfonia estreinatu zuen Vienan, eta ordurako hasia zen garatuko zuen gorreria progresiboaren lehen sintomak sumatzen. Ez zen bizitzan jasango zuen gaitz bakarra izango, arazo gastrikoak eta buruko min handiak ere pairatu baitzituen. Horrek bere jardunean eta izaeran izan zuen eraginik, adituen ustez. Albaina: «Beste asko bezala, bera pianista karrera egitera joan zen Vienara; oso ona zen, ausarta eta originala. Baina bide hori utziz joan behar izan zuen, jotzean ezin zuelako besteekin koordinatu, eta abar. Arazo gastrikoek ere zailtzen zizkioten jendearekiko harremanak. 'Deabru bekaizti' esaten zion bere osasun txarrari. Gauza asko kontra zituen, eta, hala ere, beti sinetsi zuen bere indarrean zailtasunak gainditzeko. Horretan ere eredu da».

[youtube]https://youtu.be/EVKdd-gI_aQ[/youtube]

Beethovenek konposizioan jarri zituen indarrak hurrengo urteetan, eta hainbat sonata ezagun eman zituen, baita bigarren eta hirugarren sinfoniak ere, besteak beste. Hirugarrenari pisu berezia aitortzen dio Mendozak. «Beti harago joan nahi hori oso ondo islatzen da bere bederatzi sinfonietan. Lehen biak klasikoak dira, eta hirugarrenean egiten du jauzi. Harmonia aldetik ez du zerikusirik klasikoekin. Gainera, sartzen ditu beste instrumentu batzuk —tronboiak, adibidez—, beti elkarrekin jo ohi zuten biolontxeloa eta kontrabaxua bereizten ditu, bere rola emanez bakoitzari...».

[youtube]https://youtu.be/EJ6kaiMN9X8[/youtube]

Obra hori «oso enblematikoa» dela uste du Albainak ere, eta Beethovenen pentsamenduarekin lotu du. «Heroi baten memoriaren aldeko hileta martxa bat sartu zuen lan hartan, Frantzia iraultzailean boladan zegoena». Eroica izenez ere ezagutzen da; Napoleoni eskaini zion obra hasieran, baina hark bere burua enperadore izendatzeak harrerrearazi, eta eskaintza kendu zuen —eskuizkribuan urratu bat ageri da—. Albainaren ustez, musikariak «gogoko zuen heroi indibidualaren ideia; hobetzeko ahalegina egiten duen pertsonarengan sinisten zuen». Eta, Napoleonekin desengainua hartu bazuen ere, «berak beti sinetsi zuen Ilustrazioaren eta Humanismoaren ideietan, berdintasunean, senidetasunean...».

Ideia horiek hurrengo lanetan ere izan zuten isla nolabait. Albainak azaldu du musikariak gogoko zuela irakurtzea; politika, filosofia eta «orduan Europa inspiratzen ari ziren klasiko alemanak zein greziarrak» interesatzen zitzaizkiola bereziki. «Ideia horiek hor daude inspirazio literarioko obretan, eta musika abstraktukoak dei ditzakegun beste piezetan beste era batean islatzen dira. Izan ere, beretzat zenbat eta zailago orduan eta hobeto zen, saiatzen den pertsonaren ideia hori oinarri. Bere 32 sonatetan ikusten da bilakaera; oso ezberdinak dira lehenak eta azkenak, beti ari zelako instrumentuarentzako erronka berriak bilatzen». Horren lekuko da garaiko piano egileei instrumentu handiagoak, indartsuagoak, tekla gehiagokoak sortzeko eskatu izan ziela. «Aseezina zenez, beti behar zituen tonu grabeagoak eta altuagoak», azaldu du Mendozak. Berdin mintzo da Albaina: «Idazten duenarekin egiten du indarra pianoak ere aldarazteko. Garapenaren ideia hor ere badago».

Hurrengo urteak ere sorkuntza bizikoak izan zituen, eta, beste lan askoren artean, sinfonia gehiago eman zituen. «Beti esaten da bakoitiak ezagunago egin zirela bikoitiak baino, nahiz eta horien artean ere harribitxiak dauden», Mendozak xehetasuna. Bai berak bai Albainak seigarrena aipatu dute, Pastorala deritzona, naturari zion maitasunaren isla dena.

Jarraitu zuen haietan berrikuntzak egiten, harik eta 1824an bederatzigarren sinfonia eman zuen arte, dagoeneko ezer entzuteko gai ez zela. Obra hari lotuta, «iraultza» hitza aipatu du Mendozak, ordura arte inork ez baitzuen sinfonia batean abesbatza bat sartu: «Baina ez da soilik giza ahotsa sartzen duela», ñabardura Albainak, «giza pentsamendua ere sartu zuen, bere nahia baitzen [Friedrich] Schillerren Alaitasunaren oda poema kantatzea, senidetasunaz, alaitasunaz, ongizateaz, komunitateaz eta abarrez ari dena, Ilustrazioaren ideia horiez guztiez. Horregatik da garrantzitsua». Europako Batasunak ereserkitzat hartu zuen 1985. urtean.

[youtube]https://youtu.be/t3217H8JppI[/youtube]

Sinfoniez gain, baina, beste pieza asko idatzi zituen, eta askotarikoak. Pianorako 32 sonatak, tartean. Mendoza: «Bederatzi sinfoniak Biblia badira, haren ondoan egon behar duten liburuak dira 32 sonatak. Bera ere oso pianista ona zen; egia da ez zuela Mozarten dohain izugarria, baina nik uste dut hura baino hobea zela inprobisatzen». Horiekin batera, opera bakarra —Fidelio—, bi meza, hiru kantata, piano, biolin, txelo zein orkestrarako hainbat kontzertu, hamasei soka laukote, soka laukoterako fuga handi bat eta beste hainbat obra utzi zituen. Ustez hamargarren sinfonia izango zena zirriborratzen hasia zen, baina ez zuen amaitu. Osasunak okerrera eginda, Beethoven 1827ko martxoaren 26an hil zen. Haren hiletak gizarte klase guztietako milaka herritar batu zituen.

[youtube]https://youtu.be/5-MT5zeY6CU[/youtube]

Zailtasun guztien gainetik

Obra hori guztia idatzi bitartean, musikariak ez zituen zailtasun gutxi ezagutu. Arazo ekonomikoei aurre egiteko modua topatu zuen beti. Izan ere, obrak editoreei saltzeaz gain, goi mailako jendearen artean zale asko egin zituen, eta sortzeko behar zuen sostengua eman zioten, traturako modu «zakarrak» zituela nabarmendu izan zaion arren, ez baitzuen azalkeria maite. «Lehen musikari enpresaria izan zela esaten da», dio Mendozak. Albainaren ustez, babes hori musu truk lortu zuen, eta, alde horretatik, aske izan zen. «Idatzi nahi ez zuen ia ezer ez zuen idatzi. Bere lengoaiarekin oso zintzoa izan zen». Horretan ere eredutzat hartu zuten ondorengo musikari askok.

Osasun arazoei ere «zuen barne indar ikaragarriaz» egin zien aurre, Albainaren hitzetan. «Bere buruaz beste egitekotan izan zen behin, kontatua utzi zuenez, baina pentsatu zuen oraindik musikan gauza asko zituela egiteko». Musikan aurkitu zien ihesbidea beste oztopoei ere. Garai latzak bizitzen ari zela idatzi zuen, adibidez, zortzigarren sinfonia, Mendozak gogoratu duenez, «eta izugarri alaia da». Izan ere, «beretzat musika guztiaren gainetik zegoen», gehitu du Albainak. «Haren musikan ia beti daude argi printzak, beti dago esperantza».

Atzetik etorritakoengan arrasto sakona utzi zuen Beethovenek, eta horren lekuko da urteurreneko ekitaldi sorta. Bilboko Arriaga antzokian, adibidez, gaur egingo diote omenaldia, Zorionak, Ludwig izeneko saio bereziarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.