Intxaustik, Manerosek eta Bulegoa z/b-k jasoko dute Gure Artea saria

Gema Intxaustiri eman diote ibilbide artistikoaren saria, eta Erlea Manerosi sorkuntza alorreko saria. Bulegoa z/b taldeak egindako agente lana ere aitortu dute. 18.000 euro jasoko ditu bakoitzak
Miren Jaio, Erlea Maneros, Gema Intxausti eta Leire Bergara, atzo, Donostiako San Telmo museoan.
Miren Jaio, Erlea Maneros, Gema Intxausti eta Leire Bergara, atzo, Donostiako San Telmo museoan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Mikel Lizarralde -

2018ko ekainak 26
Gema Intxausti Miangolarrak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1966) Arte Ederrak ikasi zuen EHUn, eta ondoren zinema eta bideo lizentzia lortu zuen, Londresko University College for the Creative Arts ikastegian. 80ko hamarkadan hasi zen lanean, eta orduz geroztik banakako zein taldeko erakusketa ugaritan erakutsi du nola lan egiten duen, sorkuntza plastikoaren eta ikusizkoaren bidezko irudikapenari begira. Gure Artea sariak urte hauetan guztietan egindako lana aitortu nahi izan dio.

«Lan artistiko geldoa eta lasaia garatzeko hautua bere lanaren ezaugarri nagusietako bat da». Hala aitortu dio Intxaustiri Clara Monterok, Alaitz Arenzanak, Iñaki Garmendiak, Lourdes Mendezek eta Manuel Ziraukik osatutako epaimahaiak. «Horrek baldintzatu du etenik izan ez duen gai garrantzitsuen inguruko bere hausnarketa; hala nola, sorkuntza plastikoaren eta ikusizkoaren bideko irudikapenaren ingurukoa».

Artelekuk antolatutako lantegi batzuetan parte hartu zuen Intxaustik 1989. urtetik aurrera, eta haren lana artista belaunaldi bati oso lotua ageri izan da gerora, parte hartu duen erakusketa kolektiboek adierazten dutenez: Suturak, San Telmo Museoa, Donostia (2014); Gaur, Hemen, Orain, Arte Ederren Museoa, Bilbo (2001); Gema Intxausti / Azucena Vieites, DV Galeria, Donostia (1997); eta Intxausti, Muniategiandikoetxea, Peral, Arteleku, Donostia (1994). Azken urteetan, banakako erakusketak egin ditu, hala nola Wilder is the Black, La Taller, Bilbo (2014) eta Meanwhile... rapture, Rekalde Aretoa, Bilbo (2014).

Epaimahaiak nabarmendu du Intxaustik ibilbide «koherentea» mantendu duela, «joera igarokorretatik aldendua, non pintura, eskultura eta zinemaz baliatu den, bizitza duinaren, inkomunikazioaren, nortasunaren, oinazearen eta plazeraren inguruan hausnartzeko». Intxaustik 1991n ere jaso zuen Gure Artea, sariak beste formatu bat zuenean.

Koherentzia eta ikerketa

Gema Intxaustiz gain, Erlea Maneros Zabala (Bilbo, 1977) eta Bulegoa z/b taldea ere saritu ditu epaimahaiak. 18.000 euro jasoko ditu, sari gisa, haietariko bakoitzak. Saria emateko ekitaldia udazkenean egingo dute, «urrian edo azaroan», Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak iragarri duenez.

Maneros Zabalak Glasgowko (Eskozia) arte eskolan eta Los Angelesko (AEB) CalArts ikastegian ikasi zuen, eta gaur egun Joshua Tree (Kalifonia, AEB) eta Lekeitio (Bizkaia) artean bizi da. Sorkuntza lana aitortzeko Gure Artea saria jasoko du Manerosek, eta epaimahaiak nabarmendu nahi izan ditu «posizionamendu kritiko argia eta irudien artisau trataera uztartzen dituen artista baten lanean ikus daitekeen koherentzia eta etengabeko ikerketa». Era berean, epaimahaiak azpimarratu du «tradizio grafiko ezberdinei loturiko prozedurak —grabatua, kartela, fanzinea— berriz asmatzearekin batera, ondorio historiko, politiko eta sozial aipagarriak dituen ikonografia bat» garatu duela.

Maneros Zabalak hainbat museo, galeria eta erakundetan erakutsi du bere lana: Reina Sofia museoan (Madril), Bilboko Guggenheim museoan, Hanburgoko (Alemania), Seamen's Art Cluben, Gasteizko Montehermoso kultur zentroan, Bilboko Rekalde aretoan...

Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egiten duten lana aitortzeko Gure Artea saria, berriz, Bulegoa z/b taldearentzat izan da. Beatriz Caviak, Isabel Naveranek, Miren Jaiok eta Leire Bergarak sortu zuten taldea, 2010ean, Bilbon, hainbat ibilbide profesional eta heziketa ezberdin uztartuz. Arte nahiz ezagutza bulego bat eratu zuten, Euskal Herriko arte garaikidearen arloan beren ustez kritikoa izan zen garai bati erantzunez.

Bulegoa z/b topagune gisa eta hausnartu eta ekoizteko gune gisa jaio zen, eta kudeaketa eta erabakitze eredu kolektibo eta horizontalak ezartzen ditu egunerokoan. Horrela, lan-prozesuen ondorioz, egitarau iraunkor eta irekia sortzen duen gune bat garatu dute, non ikusizko arteek eta pentsamendu garaikideak adierazpen formatu ezberdinak hartzen dituzten: mintegiak, emanaldiak, performanceak eta ikasketa taldeak. Epaimahaiaren iritziz, «Bulegoa z/b-k artisten, gizarte-ehunaren eta kultura erakundeen arteko bitartekaritzaren aldeko konpromiso irmoa duen proposamena eskaini dio euskal testuinguruan». Halaber, epaimahaiak nabarmendu egin du Bulegoa z/b-k duen eginkizun dinamizatzailea «tokiko mailan» ere, Bilboko Solokoetxe auzoan gehien bat. Epaimahaikideek baloratu dute sareko nazioarteko proiektuetan duen parte hartzea ere. Besteak beste, If I Can't Dance (Amsterdam), Tate Modern (Londres), KW (Berlin), CAC (Vilnius) eta M-Museumekin (Lovaina) egin du lan Bilboko taldeak.

Leire Bergarak atzo nabarmendu zuen Bulegoa z/b hainbat diziplinaren gurutzaketa gunea dela. «Gu geu ere hainbat diziplinatatik gatoz: soziologiatik, komisariotzatik, arte kritikatik eta performancetik». Alderdi horretatik, taldearen egoitzak ez du erakusketa areto izaerarik, eta «ezagutzari eta arteari» lotutako bulegotzat daukate.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna