Kritika eta autokritika

San Juango emakumezko arraunlariek utzi egin dute kluba, zuzendaritzako batzuk erantzuletzat jota. «Guk ere ez dugu asmatu arazoa konpontzen», diote

San Juan taldeko arraunlariak, denboraldi honetan jokatutako estropada batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Bukatu da. Akabo. Emakumezkoen traineru estropadetan inoiz egon den talderik onena eta loriatsuena iraganeko zerbait da atzotik; ez dauka orainik, are gutxiago etorkizunik. San Juango Batelerak taldearen aro bikaina osatu duten arraunlariek uko egin diote goi mailan elkartearekin lehiatzen jarraitzeari. «Erabakia finkoa eta itzulezina da», idatzi dute arraunlariek agiri batean.

Zuzendaritzako kide batzuekin izandako gorabeherak eta harreman zaila daude erabakiaren atzean. Udan zabaldu zen bazela zerbait ondo ez zihoana, eta udazken honetan egin du eztanda. Astelehen honetan, zenbait arraunlarik egunkari batean plazaratu zituzten bizi izan behar izan dituztenak eguneroko hartu-emanean klubaren barruan, eta, herenegun bertan, zuzendaritzak atera zuen agiria, arraunlariek plazaratutako iritziekin «haserrea azalduz», eta «gezurtzat eta sasiegiatzat hartuz» aipamen horiek.

Atzo iluntzean heldu zen arraunlarien agiria: «Gure helburua da denboraldi honetan Batelerak taldean arraunlari izan diren gehienen egoera jakinaraztea, astelehen honetan egunkari batean atera zenaren harira», dio idatziaren hasierak. Erreportaje horretan ateratzeko pausoa ematearen atzean zer egon zen kontatu dute: «Gure hasierako helburua zen talde bezala gure ibilbidearen amaieraren berri ematea, eta belaunaldi honen bukaera triste eta mingarria azaltzea, erabakiaren atzean dauden arrazoiak azalduz».

Onartu dute, hala ere, erreportajean talde gisa agertu zituzten «ideia batzuk modu desegokian azaldu» zituztela. Agirian zehaztu egiten dituzte zein diren oker adierazitako ideia horietako batzuk: «Zuzendaritzaren dimisioa eskatzea, gizonezkoen taldean iaztik aurtengo taldera egon ziren 13 arraunlarien bajen atzean zegoena azaltzea, eta Nerearen [Nerea Perez patroia] kasua plazaratzea» [Kontxako lehen igandean zergatik ezin izan zuen atera].

Zuzendaritzaren lanaren inguruan, iritzi hau agertu dute arraunlariek agirian: «Hasieratik garbi utzi nahi dugu zuzendaritzak egiten duen lana aintzat hartzen dugula, borondatezko lana delako, etenik gabekoa eta elkartearentzat guztiz beharrezkoa». Baina aurpegiaren beste alderdia ere azaldu nahi izan dute: « Bizikidetza arazo larriak izan dira arraunlarien eta zuzendaritzaren artean. Aurten bizi izan ditugun egoera ugari komunikazio arazoz, gaizki ulertuz eta errespetu faltaz beterik» egon direla diote. Egoera txar horrek eragin duena zer izan den azaldu dute ondoren: «Ondorioak agerikoak izan dira: talde bezala inoiz baino gehiago elkartu gara, batetik; baina, bestetik, bakarka ahuldu egin gaitu, eta kasu batzuetan, osasuna kaltetua atera da: antsietatea, beldurra eta abar».

Ez dute zuzendaritza osoa iritzi berarekin epaitzen, eta nabarmen utzi dute arraunlariek idatzian gai hau: «Gertaera hauek ezin zaizkie zuzendaritzako partaide guztiei egotzi». Dena dela, egin beharreko guztia ez zutela egin diote: «Pertsona horiek ez dute momentuan erantzun, eta, kasu gehienetan, ezta esku hartu ere arazo honen kasu gehienetan».Arraunlariek ondorengoa ere nabarmendu dute: «zuzendaritzako kide batzuek barkamena eskatu dute». Baina kirolarien ustez, «berandu iritsi da, ez du eragindako kaltea konpontzen, eta ez du bermatzen etorkizunean elkarbizitza osasuntsua egongo denik ere».

Autokritikak ere badu lekua San Juango arraunlarien idatzian: «Gatazkaren parte gisa, ez dugu jakin arazoa konpontzen». Taldea uzteko arrazoiak batean biltzen dituzte amaieran: «Arraunlarien eta zuzendaritzaren arteko sinbiosia gehiegi okertu da; eta, askotan, mugak gainditu dira». Ondorioz, badoaz klubetik, eta erabaki hori hartu beharrak eragiten dien sentimenduekin ematen diote amaiera agiriari: «Etsipena, tristura, pena eta ezintasuna sortzen dizkigu, bai gugatik, eta, bereziki, gure ondoan beti egon den herriarengatik».

Batzuk beste taldeetara

Bateleren talde hau hautsi eta gero, arraunlari multzoan bakoitzak bere bidea hartzea erabaki du, galdera nagusiaren baitan: arraunean segi ala ez? Utzi dutenak Ane Pescador, Oihana Cereijo eta Josune Ugarte dira, eta gehiago ere gehitu daitezke hirukote honetara. Jarraitzen dutenen artean, hainbat bide hartu dituzte: Maria Mendizabal eta Laura Goldarazena Donostiarran ariko dira, Euskotren ligan, eta Vicky Piñeiro galiziarra Orion ariko da datorren denboraldian. Nerea Perez patroia, berriz, Hondarribira joan da.

Urteetan batera aritu eta arrakastarik handienak lortu dituzten arraunlari batzuen izenak dira horiek. Besteak ere hor daude, eta, nola ez, geratu dena talde gisaegindako lana eta palmaresa dira. Traineruetan eta ontzi txikietan. Azkeneko bost Kontxako Bandera eta bost Euskotren liga bereganatu dituzten arraunlariak badoaz. Eta ez nahi bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.