'¡Nae pasarán!' saritu du publikoak Giza Eskubideen XVII. Zinemaldian

Felipe Bustos Sierrarena da filma, eta Pinocheten estatu kolpean erabilitako hegazkinak konpontzeari uko egin zioten eskoziar langileen istorioa kontatzen du. Amnesty Internationalek 'Teret' saritu du

Ainhoa Sarasola -

2019ko apirilak 13
Elkartasun istorio bat saritu du publikoak Donostiako Giza Eskubideen XVII. Zinemaldian. ¡Nae pasarán! filmak irabazi du jaialdiko ikusleek ematen duten sari nagusia. Felipe Bustos Sierra zinemagile belgikar-txiletarrak benetan gertatutako istorio bat kontatu du filmean, 1974. urtean Eskoziako fabrika bateko langileek hartutako elkartasun jarrera ardatz duena. «Kontakizun hunkigarria eta egiazkoa da, trebetasunez eraikia, erakusten duena txikiak diruditen ekintzek besteen bizitzetan eragina izan dezaketela», azaldu zuen atzo Josemi Beltran jaialdiko zuzendariak, sarien berri emateko agerraldian.

Augusto Pinocheten diktadurarekin lankidetzan ez aritzeko eta txiletarrei elkartasuna adierazteko, Glasgow inguruko East Kilbride udalerriko Rolls-Royce lantegiko beharginek erabaki bat hartu zuten 1974. urtean: ez konpontzea Txileko Aireko Indarretako hegazkin militar batzuen motorrak —ziurrenik Moneta jauregia bonbardatzeko erabilitakoak—. Lau urtez iraun zuen langileen boikotak, eta, denbora horretan haiek jabetu ez arren, beren jarrerak eragin handia izan zuen ozeanoaren bestaldean. Beltranen aburuz, «adimena eta bihotza uztartzea da filmak duen bertuteetako bat». Jaialdiko publikoak hamarretik 9,27ko puntuazioa eman dio filmari.

Jaialdiko zuzendariak goraipatu zuen ikusleek jarrera «oso aktiboa» izan dutela emanaldien ondotik filmen inguruko iritzia emateko. Haren hitzetan, egunotan proiektatu diren filmek oro har «oso harrera ona» izan dute, publikoaren puntuazioek erakusten dutenez. Izan ere, batek salbu, film luze guztiek hamarretik zazpi puntutik gorako balorazioa jaso dute, eta zortzi puntutik gorakoa gehienek, Beltranek jakinarazi zuenez.

Amnesty International erakundeak ere bere saria banatzen du urtero jaialdian, eta aurtengoan Teret (Zama) lanari aitortza egitea erabaki du. Ognjen Glavonic zinemagileak zuzendua da, Serbia, Frantzia, Kroazia, Iran eta Qatarren arteko koprodukzio bat, eta Balkanetako gerra du hizpide. Vladak izeneko gizon bat du protagonista, kamioi bat gidatzen lan egiten duena, 1999an, NATOk Serbian eginiko bonbardaketen giroan. Kosovotik Belgradera «karga misteriotsu bat» garraiatzea izango du azken enkargua. Horren ostean, etxera itzuli beharko du, eta bere ekintzen ondorioei aurre egin.

«Balkanetako gerraren izugarrikeriara eginiko bidaia» da filma, «norbere kontzientziari dei egiten diona», Amnesty Internationaleko ordezkari Isabel Garcia del Rioren hitzetan. Azaldu zuenez, erakundearen epaimahaiak aho batez hartu zuen lana saritzeko erabakia. «Film indartsua da, bizitzarako eskubidea eta gerrarik eza aldarrikatzen dituena».

Gazteen epaimahaia

Ehun lagunek baino gehiagok osatu dute aurten jaialdiko Gazte Epaimahaia. Epaimahai horrek film labur onenaren saria hautatzen du, eta Guy Nattiv zuzendariaren Skin lanari aitortza egitea erabaki du, 10etik 8,89ko puntuazioa emanez. Bi epaimahaikidek atzoko agerraldian azaldu zutenez, hainbat alderdi izan dituzte kontuan Nattiven lana saritzeko, hala nola «giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa» sustatzen duela eta kalitate zinematografikoa duen lan bat dela.

Langile herri bateko supermerkatu batean abiatzen da filma, eta bi talderen arteko borroka bat du ardatz. Epaimahaikideek azaldu zuten istorio latz bat erakusten duela, non gorrotoak, indarkeriaren kulturak, mehatxuak, xenofobiak eta arrazismoak amaiera tragiko bat ekarriko duten.

Iragan ostiralean hasi zen jaialdia, eta atzo amaitu, Viktoria Eugenia antzokian iluntzean eginiko sari-banaketarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna