Schuberten sinfonia guztiak «ezohiko» denboraldi bat hasteko

Euskadiko Orkestrak Gasteizen abiatu du denboraldia, Schuberten obrekin. Donostian ariko da gaur, eta Bilbora eta Iruñera joango gero. Emanaldiak bikoiztu dituzte, edukiera murrizketagatik

Euskadiko Orkestrak ostiralean ekin zion denboraldiari, Gasteizen, Robert Treviño zuzendariaren gidaritzapean. EUSKADIKO ORKESTRA.
amaia igartua aristondo
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Abian da Euskadiko Orkestraren 2020-2021eko denboraldia, programazioa koronabirus garaiko baldintzetara egokituta. Arazo guztiei konponbidea eman, eta «anbizio handiko» egitaraua ondu dute, Oriol Roch Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusiak BERRIAri adierazi dionez: «Denboraldi berriari ezohiko antolamenduarekin eta esfortzuarekin ekin diogu, baina, hala ere, ilusioz beteta, programazioa oso indartsua baita». Aretoen edukiera mugatua izanik, saioak bikoiztea erabaki dute, orkestrak aurten dituen ia 7.000 abonatuetako guztiek izan dezaten emanaldietara joateko aukera. Bestalde, orkestrako 91 kideak bi taldetan banatu dituzte, talde bakoitza eguneko saio batean ari dadin.

Franz Schuberten (Viena, 1797- 1828) lanek eman dizkiote hasiera doinuak aurtengo denboraldiari. Egile austriarraren lanak ematea aurreikusita zeukaten aurtengo denboraldian, baina apirilean. Ostiralean hasi zuten haren lanen emanaldia, bada, Gasteizen, eta ostegunean eskainiko dituzte azken saioak, Iruñean. Tartean, orkestrak konpositore austriarraren doinuak zabalduko ditu Donostian atzo eta gaur— eta Bilbon —etzi—, Robert Treviño zuzendari titularraren batutapean. 18:00etan eta 20:15ean hasiko dira emanaldiak.

Areto edukieran eta saioen kopuruan ez ezik, egitarauan ere eragin du pandemiak. Aldaketa guztiak ez dira txarrerako izan, Rochen ustez: «Egunean bi saio egiteko erabakiak hauspoa eman dio Schuberten proiektuari, are sinfonia gehiago eskaintzeko aukera eman baitigu». Hala, musikagile austriarraren sinfonia guztiak interpretatuko dituzte, Euskal Herrian «aurrekaririk ez duen» festibal batean.

Hortik aurrera,Wagner, Xostakovitx, Beethoven eta Dvoraken obrak biltzen dituzten hainbat programaz gozatu ahalko da Hego Euskal Herriko hiriburuetako aretoetan,Euskadiko Orkestraren eskutik, otsaila bitartean. Martxotik aurrera, egitaraua oso-osorik aurreikusia duten arren, pandemiaren bilakaerak baldintzatuko du egoera. «Ordezko plan batean ari gara pentsatzen, aurrerantzean edukiera gehiago murriztea erabakiko balute ere», gaineratu du Rochek.

Egokitzeko «obligazioa»

Itxialdiaren garaian, Euskadiko Orkestrako musikariak ere telelanean aritu ziren. Horrek erabat mugatu zien jarduna. Orain aretoetara itzuli dira, baina ez, noski, lehengo egoera berean, Rochek azaldu duenez: «Barne antolamenduan askoeragin du koronabirusak. Batzuek goizez eta besteek arratsaldez entseatzen dute, adibidez». Bestalde, 1,75 metroko tarteekin kokatu beharra dute. Neurri berrietara «azkar moldatu» dira musikariak, hala ere, Rochen arabera.

Musikarien lanari ez ezik, administratzaileenari ere eragin dio birusak, saioen bikoizketak buruhausteak ere bikoiztu baitizkie. «Azken minutuko lan komunikatiboa egiten ari gara, abonatuek jakin dezaten bi saioetako zeinetara joan. Egoera azaldu behar izan diegu; postarekin ere arazoak izan ditugu batzuetan». Kontzertuen iraupena ere murriztea erabaki dute, baita atsedenaldiak ezabatzea ere, ikus-entzuleen joan-etorriak ahal den neurrian saihesteko.

Oztopoak oztopo, zuzendari nagusiak nabarmendu du «egokitzeko ahalmena» izan duela orkestrak: «Artistikoki, hau egin dezakegu 91 musikariko talde bat edukitzeak errepertorio zabala jotzea ahalbidetzen duelako». Hala behar du, Rochen aburuz: «Gure obligazioa da hori lortzea. Egoerari konponbideak topatu ahal izateko ahalmena dugu, eta dugun hori erabiltzen ari gara». Azpimarratu du publikoaren babes neurriak agintariek ezarritakoak baino «are zorrotzagoak» direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.